Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Apirilak 24

Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera bideratutako txosten bat egiteko Batzorde Berezia eratu da

Virginia Aleman (Geroa Bai) lehendakaritzat hautatu ostean, epe bat ireki da egutegia adosteko, Berdintasun Legea aberasteko helburua duen lanarekin hasi baino lehen

Gaur osatu da Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta soldata arraila murriztera bideratutako txosten bat egiteko Batzorde Berezia. UPN talde parlamentarioaren ekimena da.

 

Ainhoa Aznarez izan da Batzorde honen eraketa bilkurako lehendakaria, eta Batzordearen lehendakaritzat Virginia Aleman (Geroa Bai) hautatu dute Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin.

 

Virginia Alemanek Maribel García Malo (UPN) gainditu du, zeinaren hautagaitzak PPN-ren babesa eduki duen, eta Nuria Medinak (PSN) ez du babes gehigarririk lortu.

 

Virginia Aleman lehendakaritzat hautatu ostean, Batzorde Bereziak hurrengo bilkura bat ezarri du lanerako egutegia adosteko, Nafarroako Gobernuak proiektutzat duen Berdintasun Legea aberasteko helburuarekin.

 

Virginia Aleman (Geroa Bai) lehendakari duen Batzorde Berezia Maribel García Malo (UPN), Arantza Izurdiaga (Geroa Bai), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) parlamentarioek osatzen dute

 

Martxoaren 26an Parlamentuko Mahaian onetsitako arauekin bat, batzorde berezi honen helburua “emakumeen kalitatezko enplegua bultzatuko duten eta soldata arraila murriztuko duten proposamenak edukiko dituen txosten bat burutzea da, izan ere, Nafarroa baita emakume eta gizonezkoen artean soldata desberdintasun handiena duen erkidegoa”.

 

Batzordearen (talde edo elkarte parlamentarioetako bat) erabaki guztiak boto ponderatuaren sistemaren bitartez hartuko ditu, beraz eledun bakoitzak, bere taldea edo foru parlamentarien elkartea zenbat foru parlamentarik osatzen duten, horrenbeste boto edukiko ditu batzordean.

 

Batzordeak laguntza eta lankidetza eskatzen ahalko dizkio Nafarroako Gobernuari, eta, Legebiltzarreko Lehendakaritzaren bidez, egoki jotzen dituen kargudun eta funtzionarioak lantaldera etor daitezen eskatu ahalko du, edo beharrezkoak diren txostenak egin daitezen. Orobat eskatzen ahalko du arlo horretako beste pertsona eta aditu batzuk ere etor daitezen.

 

Batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango. Halarik ere, hedabideen ordezkariak, nortasuna behar bezala egiaztatuta, batzordeetara joaten ahalko dira, bilkura horiek isilpekoak direnean izan ezik. Hedabideak joan daitezkeen bilkurak ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz erretransmititzen ahalko dira.

 

Batzordeen bilkurak isilpekoak izanen dira bere kideen gehiengo osoak hala erabakitzen duenean, kasuko batzordeburuak, bi talde parlamentariok edo batzordeko kideen bostenak hala eskaturik. Isilpeko izaerako bilkura bat bukatu ondoren, batzordeburuak hartu diren erabakien berri ematen ahalko die hedabideei.

 

Erregelamenduko 61. artikuluarekin bat eginez, Batzordea agindutako lana bukatzean iraungiko da eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.