Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 14

Nafarroako Gobernua premiatzen da azterlan bat egin dezan aintzat hartzeko genero-indarkeria pairatzen duten edo hura jasateko arriskuan dauden emakumeentzako txakur bizkartzainen laguntza

Neurri honen eraginkortasuna froga dadin eskatzen da, egungo defensa eta segurtasun protokoloetan bermeekin arautzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “azterlan bat egin dezan aintzat hartzeko genero-indarkeria pairatzen duten edo hura jasateko arriskuan dauden emakumeentzako txakur bizkartzainen laguntza. Azterlan hori diziplina anitzeko lantalde batek –esparru horretako pertsona eta entitate espezializatuek osatua– taxutuko du”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “azterlan horretan azter dadin plan pilotu bat ezartzeko aukera, honako xede hauekin: neurri horren eraginkortasuna probatzea eta baloratzea, neurria bermez ezarri ahal izateko mekanismoak ezartzea eta gizarteko gainontzekoentzat gerta litezkeen arrisku-egoerak baloratzea”.

 

Zioen azalpenean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-E taldeek sustatutako ebazpenak dio emakumeenganako indarkeriaren aurkako borroka lehentasunezkoa izan behar dela administrazio publiko guztientzat, eta zentzu horretan “txakur bizkartzainak babes neurri gisa izan dezakeen eraginkortasunari buruzko” azterlan bat egitea eskatzen da.

 

Indarkeria matxistaren aurkako babes-neurri guztiak “bermeekin arautzeko” beharra dela eta, defentsa-txakurrak babes protokoloetan erabiltzearen eraginkortasuna azter dadila aldarrikatzen da, erantzukizuna emakumeen gain utzi gabe.

 

Azaltzen denez, Nafarroan 91 emakumek babes-neurri horietakoren bat baliatu beharra dute, eta denen kasuan egin behar da jarraipen estu-estua eta poliziaren, epaitegien, gizartearen nahiz osasungintzaren arloko koordinazioa, Generoko indarkeriaren kontrako babes integralerako neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak eta Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legeak dioten bezala.