Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 21

Parlamentuak Inés Sáinz de Pipaón gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako patronatukide izendatu du

Izquierda-Ezkerrak proposatuta, kontratazio publikoaren bidez hirugarrenei esleituta egon diren zenbait zerbitzu zuzenean kudeatuko dituen organoan sartuko da

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur Inés Sáinz de Pipaón Martínez de Virgala hautatu du gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko patronatukide izateko. Organo horretan Legebiltzarrak hiru ordezkari izendatzeko eskubidea zuen, eta pasa den otsailaren 14an Geria Baik proposatutako Gabriel Hualde Urralburu eta EH Bilduk proposatutako Mikel Gotzon Saralegi Otsakar hautatu ondoren, ordezkaritza bete du jada Parlamentuak.

 

Izquierda-Ezkerrak proposatutako hautagaia, Inés Sáinz de Pipaón, erretiratuta dagoen soziologoa da, eta 23 boto lortu ditu. 23 boto zuri eman dira. Boto-paperen bidez ezkutuko bozketa egin da ordezkariak hautatzeko, eta parlamentari bakoitzak izen bakarra jarri ahal izan du.

 

Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikita dago, eta zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzea du helburu. Zerbitzu horiek, zuzeneko kudeaketarako sortu ziren arren, hirugarrenei esleituta egon dira kontratazio publikoaren bidez. Hala, gizarte zerbitzuetako zentroak eta beste zerbitzu publiko batzuk gainbegiratzeko eta koordinatzeko eginkizunak berreskuratu dira, bai eta adingabeen babesgabetasun kasuetako balorazio teknikoa ere.

 

Fundazioaren estatutu berrietan, 2018ko abenduaren 26an onetsitakoetan, Nafarroako Gobernuaren gehiengoa bermatzen da, eta haren ordezkariei beste sei patronatukide gehitu behar zaizkie, Nafarroako Parlamentuak eta Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluak izendatu beharrekoak, erdi bana.