Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko martxoaren 14an
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko Foru Legea onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin. Legea NAOn argitaratu eta hiru hilabetera indarrean jartzea aurreikusten da.
Gobernuak aurkeztutako foru legearen xedea da “Nafarroako gizarteak parte hartzeko eskura dituen mekanismoak bultzatu eta indartzea, demokrazia aurreratuaren ideal horren babesean, eta, horrela, afera publikoetan erantzukizunez parte hartzeko aukerak” botoaz haratago hedatzea “doktrina konstituzionalaren aginduei jarraituz, zeina hein handian adierazpen hutsera mugatu baita”.
Hala, legeak dioenaren eta errealitatean duen eragin mugatuaren arteko aldea laburtzeko —legegilearen esanetan horixe baita gaur egun ordezkaritza-erakundeei buruzko gaitzespenaren arrazoi nagusietako bat—, parte hartzeko hiru bide berri txertatzen dira, eztabaida prozesuak, aurrekontu parte-hartzaileak eta herritar-galdeketak. Horiekin batera, lehendik badiren beste batzuk (kontsulta foroak, herritarren panelak eta herritarren epaimahaiak) sustatuz, inoiz ez bezalako mekanismo sorta osatuko da, baita toki esparruan ere.
Prozesu parte-hartzaileak Gobernuaren plan eta programak jendaurrean jartzean aplikatuko dira, eta hobetu eginen dute prozesu hori. Hemendik aurrera —arrazoitutako justifikaziorik ezean—, ezarritako hiru bide berrietako batekin batera, ofizioz nahiz pertsona fisikoen edo herritarrek parte hartzeko entitateen eskariz abiatu ahalko dira. Azken entitate horien multzoan sartzen dira administrazio publikoetako kide anitzeko organoak, arloko eginkizun espezifikoak dituztenak; bai eta sindikatuak, enpresa erakundeak, lanbide elkargoak eta interes kolektiboen ordezkari diren gainerako entitateak ere, Nafarroan badihardute, tartean direla nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak (herritarren sareak, foroak, plataformak, mugimenduak, etab.), berariaz eratuak.
Jendaurrean jartzearen kasuan izan ezik, herritarrek parte hartzeko prozesuen deialdia egin beharko da parte-hartze prozesua hasteko ezarritako eguna baino hilabete bat lehenago gutxienez. Deialdia egitea kasuan kasuko eztabaidagaian eskumena duen departamentuko titularrari dagokio, eta, politika orokorreko gaiei buruzkoak badira, Nafarroako Gobernuari. Deialdia, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren Parte-hartzearen Webgunean argitaratuko da.
Toki entitateetan, parte hartzeko prozesua abian jarri baino lehen, kasuan kasuko toki entitateko lehendakariari edo osoko bilkurari eskaera arrazoitua aurkeztu beharko dio batzorde sustatzaile batek, zeina 10 pertsonak osatuko baitute gutxienez (genero-oreka errespetatuko da). Batzordearen eleduna izendatu beharko da, eta parte hartzeko zer prozesu mota proposatzen den zehaztuko da. Hamabost eguneko epean erantzunik ez badago, ulertuko da ekimena izapidetzeko onartu dela, eta hura hurrenkera-tarte berarekin argitaratu beharko da entitatearen iragarki-taulan eta, hala badagokio, haren web-orrian eta gune digitaletan, sare sozialak, berehalako mezularitza eta bestelakoak ere barne direla.
Eremu batean zein bestean, kontsultak ez dira lotesleak izanen, eta kontsultagai izan ahalko dira garrantzi berezia duten politika publikoak, zerbitzu publikoen jarraipena eta ebaluazioa, lehentasunak eta plangintzako eta aurrekontu-kudeaketako beste alderdi jakin batzuk, bai eta legeak eta erregelamenduak egitea ere.
Eztabaida prozesuen emaitzek ez dute ondorio juridikorik izanen, baina, emaitza horiek onartzen ez badira, organo dei-egileak horretarako arrazoiak eman beharko ditu 30 egun naturaleko epean. Izan ere, “lotesleak izanen ez badira ere, agindu demokratiko eta politiko bat izanen dira erakundeentzat”.
Eztabaida prozesua da eztabaida publiko batean azaltzen diren argudio eta motibazioak kontrastatzea, garrantzi bereziko politika publikoei edo politikak zehazteko plangintza-tresnak prestatzeari dagokien erabaki-, formulazio- edo onarpen-prozedura baten barnean.
Arau orokor gisa, politika publiko bat formulatu, onartu, garatu edo ebaluatzeko prozeduraren hasieran egiten ahalko dira eztabaida prozesuak. Salbuespen gisa, hurrengo faseetan ere egiten ahalko dira, baldin eta politika publikoak hasiera batean aurreikusten ez zen garrantzia hartu badu, edo nabarmen aldatu bada.
Eztabaida prozesua bukatuta, 45 eguneko epean gehienez, kasuan kasuko gaia dela eta eskumena duen organoak bukaerako txostena prestatuko du. Txosten hori Nafarroako Gobernuko Parte-hartzearen Webgunean edo toki entitateak duen antzeko beste gune batean argitaratuko da. Lortutako ondorioak eta egindako eztabaidaren balorazioa jasoko ditu.
Aurrekontu parte-hartzaileak, bestalde, diru-sarrerekin, aurrekontu-lehentasunekin eta berariaz horretarako finkatutako gastu-partida batzuen destinoarekin zerikusia duten alderdiak zehaztea helburu duten prozesuak dira. Nafarroako Gobernuaren eremuan, Gobernuak herritarren iritzia jasotzen ahalko du bai Nafarroako aurrekontu orokorren urteko aurreproiektuaren aurrerapenari buruz, bai, behin onetsi ondoren, aurrekontuen edukiari buruz. Gobernuko departamentuek berdin jokatuko dute beren gastu-aurrekontuetan esleituak edo esleitzekoak dituzten partidei buruz.
Toki entitateek ere, dauzkaten eskumen eta eskudantziekin bat, zilegi izanen dute herritarren parte-hartze prozesuak abian jartzea, biztanleen iritziak entzun ondoren beren aurrekontuetako alderdi jakin batzuk lehenesteko, gastuen esleipenarekin edo diru-sarreren zehaztapenarekin zerikusia dutenak. Nafarroako Gobernuak kontsultarako tresna hori bultzatu eta sustatuko du ekintza positiboen bidez eta informazio, prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzen bidez.
Foru eremuko nahiz toki eremuko herritar-galdeketetan loteslea izanen ez den bozketa sistema bat erabiliko da interes publikoko gaiei buruz herritarrek duten iritzia ezagutzeko. Bozketa presentziala edo telematikoa izan daiteke, deialdi bakoitzean zehazten dena, eta 16 urtetik gorako pertsonek parte hartzen ahalko dute, urtebetetik gora badaramate erroldaturik Nafarroan edo herritar-galdeketa antolatzen duen udalerrian, eta, betiere, galdeketaren xedeko gaiarekin zerikusia badute. Adin-muga aldatzen ahalko da haurrak eta haurren eskubideak zuzen-zuzenean ukitzen dituzten gaiei buruzko galdeketetan.
Urtean, foru mailan hiru herritar-galdeketa egiten ahalko dira gehienez, toki mailan baino bi gutxiago. Lehendik kontsultapean jarritako gai berari buruz beste herritar-galdeketa bat egin baino lehen, bi urte igaro beharko dira, zeinahi delarik galdeketaren eremua.
Administrazio publikoek zenbait galdeketa modalitate sustatu ahalko dituzte herritarrek parte hartzeko prozesuen esparruan. Kasu bakoitzean modalitate egokia ezarriko dute, bai eta kasuko prozesua aditzera emateko eta garatzeko mekanismoak ere, emaitzen hedapena barne. Ildo horretan, administrazio publikoek bermatu beharko dute herritarrek zorrotz ezagutzen dituztela politika publikoen emaitza eta haiek berekin dakarten inpaktu soziala.
Foru lege honen eremutik kanpo gelditzen dira Toki mailako herri-galdeketak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legean araututako galdeketak, bai eta erreferendumaren xede diren gainerako gaiak ere, Konstituzioaren 149.1.32 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Lege honen bidez parte-hartzearen eta eztabaidaren kultura sustatu nahi da herritarren gizarte-ongizatea bermatzen laguntzeko, eta, ildo horretan, Gobernu Irekiaren Gune Digitala sortzen da, Nafarroako Gobernuak eta, hala eskatzen badute, toki entitateek inplementatutako herritarren parte-hartze prozesu guztiak zentralizatuko dituena. Herritar-ekimenen sustatzaileen batzordeek gune propio bat izanen dute beren proposamena defendatzeko, hedatzeko eta kudeatzeko, baita Internet bidez sinadurak biltzeari dagokionez ere.
Aurrekoaren ildotik, herritarren parte-hartze kontuetarako unitate espezializatua sortzea proiektatzen da. Goian aipatutako Gune Digitala koordinatu, zentralizatu, aholkatu eta kudeatzeaz gain, parte-hartze prozesuen kalitatea baloratuko du eta haien urteko oroitidazkia eginen du.
Halaber, aurreikusten da Nafarroako Gobernuko Parte-hartzaileen Erregistroa sortzea herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen departamentuari atxikita. Galdeketa edo herritarren ekimen batean parte hartzera deituak izan daitezkeen pertsona eta gizarte-entitate guztiak sartuko dira erregistro horretan. Erregistroan izena emana ez izateak ez du inoiz ere ekarriko parte hartzeko eskubidea kentzea edo hari uko egitea, betiere sinatzen den unean legitimaturik egotea egiaztatzen bada.
Era berean, lege honen oinarri den gardentasun printzipioarekin bat, Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua sortzen da. Kontsultak egiteko eta parte hartzeko organo gorena izanen da, eta aurrekontuetan berariazko partida bat izanen du. Zein departamenturi dagoen atxikita, hango kontseilaria izanen du buru, eta kide hauek izanen ditu: Foru Administrazioaren ordezkariak, toki entitateen ordezkariak, NUPen eta zenbait lanbide elkargoren ordezkariak, eta herritarren parte-hartzearen arloan diharduten edota gizartearen interesak ordezkatzen dituzten erakunde, elkarte edo entitateen ordezkariak.
Foru legea onetsi eta sei hilabeteko epean haurrei egokitutako bertsio bat prestatzea ere aurreikusten du proiektuak, haurren eta nerabeen parte-hartzerako eskubidea guztiz baliatu ahal dadin.
Ikastetxe publiko, irakaskuntzarako institutu eta Lanbide Heziketako zentro publiko zein itunpekoei dagozkien parte-hartze demokratikorako neurriak lege honetan jasotako “printzipio eta aurreikuspenei egokitu” beharko zaizkie. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere, bere autonomia araubidearen kalterik gabe, lege honetan ezarritakoa “aintzat hartu eta onartu beharko du”.
Beste alde batetik, herritarrei Nafarroako Parlamentuan mozioak, adierazpen instituzionalak, ikerketa batzordeak, idatzizko galderak, interpelazioak eta informazio eskeak sustatzeko aukera emate aldera, zuzenketa bat onetsi da, sei hilabeteko epea ezartzen duena Parlamentuko Erregelamendua egokitzeko, ekimen horiek baliatu ahal daitezen.
Erregelamenduak organo legegilearen eskura jartzen ditu mekanismo horiek, botere betearazlearen jardueraren kontroleko eta sustapen edo zuzendaritza politikoko eginkizunak bete ditzan, eta orain herritarren eskura ere jarri nahi dira, zenbait baldintzaren pean.
Gogora ekarri behar da gai hori jasotzen zuten artikulu guztiak lege proiektu honetatik bereizi zirela Zerbitzu Juridikoek hala eskatuta, arlo horren erregulazioa “Erregelamenduaren erreserban” sartzen dela uste dutelako. Hala ere, Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua aldatzeko Foru Lege proposamen gisara ez zuten behar adinako babesik bildu joan zen otsailaren 14ko Osoko Bilkuran onespena jasotzeko. https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/ez-da-aintzat-hartu-legebiltzarreko-erregelamendua-aldatzen-zuen-foru-lege-proposamena
Oraingoan, Zerbitzu Juridikoen oharrei buruz adostasunik eza agertu bada ere, “Erregelamenduak legean araututakoa betetzeko modua ezarri besterik ez duelako egin behar”, Erregelamenduaren aldaketaren mende utzi da herritarrek parte hartzeko mekanismo horien garapena. Horretarako, berriro erregistratu da beste foru lege proposamen bat, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik sinatua, eta gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko da.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (127. NPAO, 2018-10-26koa)
- Zuzenketak (21. NPAO, 2019-02-14koa)