Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Tasubinsaren Orkoiengo zentro okupazionalera
Adimen-desgaitasuna duten pertsonen zahartze aktibo eta osasuntsurako Orkoiengo eta Beriaingo zentroetan urtarrilean abian jarri den proiektu pilotua ezagutzeko
Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur bisitan joan da Tasubinsaren Orkoiengo zentro okupazionalera, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek eskatuta.
Parlamentari hauek bertaratu dira: Luis Zarraluqui, Carmen Segura, Ana San Martín (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa).
Javier Lagunas Tasubinsako zuzendari kudeatzaileak egin die harrera Parlamentuko ordezkariei.
Sarrerako hitzetan azaldu denez, bisitaren xedea izan da “hurbiletik ezagutzea adimen-desgaitasuna duten pertsonen zahartze aktibo eta osasuntsurako proiektu pilotua, hots, Orkoiengo eta Beriaingo zentroetan joan zen urtarrilean 26 lagunentzat abian jarritako programa”.
Ondoren egin den bileran programaren berezitasunak azaldu dituzte Tasubinsako arduradunek: “laguntza pertsonalizatuagoa ematen die adimenaren edo garapenaren desgaitasuna eta zahartze fisiko, kognitibo edo emozionalaren ondoriozko premia bereziak dituzten pertsonei”.
Ildo horretan, helburua “pertsona horien eta beren familien bizi kalitatea hobetzea” dela azpimarratu ondoren, Nafarroako Gobernuaren babes ekonomikoak (98.128 euro) garrantzi handia duela nabarmendu da, zeren diru kopuru horrekin “bi zentroetan lan egiteko profesional talde bat kontratatu da, psikologo batek, fisioterapeuta batek eta artapeneko hiru laguntzailek osatua”.
Azpimarratu denez, Tasubinsaren zentro okupazionaletan “badira zahartzeagatik premia bereziak dituzten 109 pertsona, programa honen onura jaso lezaketenak. Gainera, adimenaren edo garapenaren desgaitasuna duten pertsona asko programan sartu ahalko dira erretiroa hartzen dutenean edo enplegu arruntean nahiz babestuan jarraitzeko gaitasuna galtzen dutenean”.
Lan horretarako tresna gisara, “bi ekimen gehituko dira: bizitzaren berrikuspen positiboa eta planifikazio aurreratua. Lehenbizikoa desgaitasuna duen pertsonari buruzko bideoak edo argazki-albumak sortzean datza, haren bizitzako une zoriontsuak eta pertsona maiteak gogoratzeko; horrela oroimena landuko da eta sakonago ezagutuko dira pertsona hori eta beraren ingurunea”.
Horrekin batera, “etorkizunaren planifikazio aurreratua” landuko da hala nahi duten pertsonekin eta haien familiekin, alegia, “une garrantzitsuak iristen direnean gauzak nola egitea nahi duten planifikatu ahal izateko laguntza emanen zaie”.
Programa hori gauzatu ahal izateko lekuak egokitu behar izan dira. Hain zuzen ere atseden eta erlaxazio gelak sortu dira xede horretarako. Tasubinsak hobetu eginen ditu lehendik badiren ekimen espezifikoak, eta ekimen berriak abiaraziko ditu. Horietakoak dira komunikazio-sistema alternatiboak edo komunikazioa areagotzekoak, pertsonei modu eraginkorragoan komunikatzen laguntzen dietenak piktogramen bitartez edo mugikorrak eta tabletak erabiliz.
Testuinguru horretan azaldu denez, adimenaren edo garapenaren desgaitasuna duten zenbait pertsonak “laguntza premia biziago edo espezifikoagoak izan ditzakete 45 urtetik aurrera, eta adin horretan hasten dira zahartzearen edo narriaduraren zantzuak agertzen arlo fisiko, kognitibo edo sozialetan”.
Orain arte Tasubinsak Iruñeko Ibaiondo zentroan artatu izan ditu pertsona horiek, berariazko unitate batean, baina, aipatutako ekimenari esker, zahartzeak dakartzan premia horiei erantzun ahal izanen zaie pertsonak ahalik eta denbora luzeenean mantenduz beren ohiko ingurunean.
Kontuan izanik Tasubinsaren zentroetako pertsonen batez besteko adina 46 urtekoa dela eta jada ez dagoela 65 urteko mugarik zentro okupazionaletan egoteko, programa pilotu horren bidez “Tasubinsaren zentro guztietan erantzun nahi zaio adimenaren edo garapenaren desgaitasuna duten pertsonen zahartzearen arazo orokorrari, behar duten guztiak sartu ahal daitezen programa honetan”.
Zahartze aktiboarekin lotutako instalazioen eta jarduketen berri izan ondoren, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN taldeetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta Tasubinsaren lanaren balorazio positiboa egin dute.
Tasubinsa (Talleres Auxiliares de Subcontratación Industria Navarra SA) irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta Nafarroako Gobernuak onura publikokoa eta ezinbestekoa dela deklaratu du. Bai bere enplegu zentro berezian, bai zentro okupazionalen zerbitzuan, enplegua eta okupazioa eskaintzen die Nafarroako 1.500 bat pertsonari, eta horietatik 1.200 baino gehiagok desgaitasunen bat dute.
Entitate horren helburu nagusia da adimenaren edo garapenaren desgaitasuna duten pertsona guztiak erabat laneratu eta gizarteratzea Nafarroan, haien hazkunde eta garapen pertsonala eta soziala sustatuko duen zerbitzua eskainiz.
Tasubinsak 13 zentro ditu Nafarroan, eta horietan hainbat zerbitzu ematen ditu, familiengandik hurbil betiere: Arazuri, Beriain, Burlata, Elizondo, Ibaiondo (Iruña), Lakuntza, Orkoien, Orkoien 2 (Zerbitzuak), San Adrián, Zangoza, Tafalla, Tutera eta Villatuerta.