Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Apirilak 3

Legebiltzarraren konkista sozial gisa laburbildu du legegintzaldia Parlamentuko Lehendakariak

Desberdinen artean akordioak lortzeko gaitasunak Nafarroako politikaren garai berri bat abiarazi duela azpimarratu du Aznárezek

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, bederatzigarren legegintzaldiaren ebaluazioa egin du gaur goizean, adieraziz lau talde desberdinen artean akordioak lortzeko gaitasuna izan dela honen ezaugarri nagusia eta horrek Nafarroan politika egiteko garai berri bat abiarazi duela. Erakundean bertan burututako lanari dagokionez, “Legebiltzarraren konkista sozial” gisa definitu du, “aldaketa bat egin da bai barne mailan, baita kanpo mailan ere. Parlamentu honen taupadak gero eta ozenagoak dira”.

 

Nafarroako Parlamentuan lau urte hauetan egin den lana positiboki baloratu du Aznárezek. Legegintzaldiaren hasieran “elkarrizketarako gaitasun argia eta 26 parlamentariren arteko akordioen bilaketa” nagusitu ziren, “ekimen eta lege desberdinak aurrera eraman ahal izateko, finean, herritarren ongizatea bermatzen duten politikak egiteko, gure zerbitzuen kalitate demokratikoan oinarrituta, eta proiektu alderdikoien gainetik egon den interesa izan da”, azaldu die bertaratutako komunikabideei.

 

Elkarrizketa gaitasunaren emaitza dira aurrera ateratako 8.213 ekimenak, aurreko legegintzaldian baino bi mila gehiago. Hauen artean nabarmendu ditu onetsitako 106 legeak, “batzuk duela astebete baino gutxiago onetsiak, eta beste zenbait zerbitzu publikoak hobetzeko helburuarekin landutakoak, hiritarren eskubideak areagotzeko, demokrazia zabalago baterantz aurrerapausoak emanez eta aurreko gobernuekin herritarrek murrizketen bidez jasandakoa itzultzeko”.

 

Garai berria

 

Ainhoa Aznárezek aipatu du, zalantzarik gabe, akordio gaitasun hau elkarrizketetan oinarritu dela, “atzean utzi ditugu bipartidismoa eta agintaldi unitarioak, eta elkarrizketa nagusitu da, herritarren ongizatea bermatzeko eta Gobernu eta Parlamentu bati egonkortasuna emateko bide bakar gisa” adierazi du.

 

Honela, aitortu du pozgarria dela ikustea “Parlamentu honi buruz egin ziren augurio okerrenak ez direla bete. Iragarri zuten ez genituela aurrekontuak onetsiko, legeak onesteko formazio desberdinen arteko akordioetara ez ginela iritsiko; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak lau bider onetsi ditugu, baita gainerako lege eta ekimenak ere, hauek guztiak hiritarren ongizaterako”.

 

Parlamentuaren konkista soziala

 

Parlamentuko Lehendakariak erakundean bertan egin den lana ere aipatu du, bai barne mailan, baita herritarrek erakundearengan duten ikuspegiari dagokionez ere. “Lehen momentutik erakundea herritarrentzat ireki nahi izan genuen, oso argi eduki baitugu hau nafar guztien etxea dela”, oroitarazi du.

 

Hori dela eta, Parlamentu Irekiaren bidez erakundea herritarrengana hurbiltzeko martxan jarritako ekimenak aipatu ditu. “Lehenik eta behin parlamentua kapitaletik deszentralizatu nahi izan dugu ordezkatzen dituen lurraldeetara hurbilduz; Parlamentuaren Agenda soziala moldatu, herritaren parte-hartzea ahalbidetu duen osoko bilkura sozialen bidez; gure ondarea ezagutzeko espazio bat sortuz; ingurune jasangarritasuna sustatuz; hurbiltasunaren subiranotasuna ezarriz; tokiko kulturak errespetatuz; KulturAtrio ekimena, izaera kultural eta sozial desberdineko erakusketak ahalbidetuz. Finean, Parlamentuaren taupadak gero eta ozenagoak izan dira. Horregatik diot Parlamentuaren konkista soziala egin dugula”.

 

Parlamentuak organismo desberdinekin edukitako harremanari dagokionez, Ainhoa Aznárezek oroitarazi du legegintzaldi honetan Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren funtzionamendurako hitzarmena berrargitaratu dela, “Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko ‘Nafarroako Parlamentua’ Katedra sortu dugu, Nafarroako beharren ezagutza sustatzeko helburuarekin sortua, Administrazioaren eta herritarren arteko lotura erraztuz, politika publikoen hobekuntza aurrera eraman ahal izateko. Parlamentu Zuzenbideari buruzko lan hoberenarentzako Nafarroako Parlamentua Saria ere hor dago, Nafarroako lau unibertsitateak batuz”, adierazi du.

 

Barne kudeaketa

 

Aznárezek Parlamentuaren barne kudeaketari buruz hitz egin du, aipatuz langileen soldatak hobetu direla, “hamarkada batean zehar kutxa batean gordeta egon den hitzarmena sinatzearekin batera”, lan ordutegia ere aldatu da “familia eta lan bizitza uztartzeko aurrerapauso gisa; paperaren erabilera ere murriztu egin da; astelehenetako hamaiketakoak desagertu egin dira; urtero Kontuen Ganberak emandako aholkuak bete dira”.

 

Parlamentuko Lehendakariak, amaitzeko, adierazi du “Nafarroako Parlamentuak pauso garrantzitsuak eman dituela Foru Komunitatean eta Estatuan jasangarritasunari dagokionez aitzindari izateko, barne-mailan Erantzunkizun Sozialerako Plan bat duen lehenengo Legebiltzarra baita, hartzen diren neurri guztiek norabide bera izan dezaten”.