Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Uztailak 18

Parlamentuak errefusatzen ditu sanferminetan izandako sexu-indarkeriako ekintzak, eta elkartasuna adierazten die uholdeek kaltetutakoei

Legebiltzarrak bat egiten du Miguel A. Blancoren oroitzapen eta omenaldiarekin, errekonozimendua eta estimua adierazten die ETAren biktima guztiei, eta LGTBI pertsonen diskriminaziorik eza aldezten du

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak errefusatzen eta gaitzesten ditu pasatu berriak diren sanferminetan izandako sexu indarkeriako kasu guztiak, eta bere babesa adierazten die eraso horien biktimei. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak errefusatzen eta gaitzesten ditu pasatu berriak diren sanferminetan izandako sexu indarkeriako kasu guztiak.

 

- Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die eraso horien biktimei, bai eta beren familia eta lagunei ere, eta haien pribatutasunerako eskubidea errespetatzen du, biktimen birbiktimizazioa saiheste aldera.

 

- Nafarroako Parlamentuak uste du eraso horiek ez direla modu puntual eta isolatuan gertatzen, baizik eta emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeriazko eguneroko testuinguru baten zati direla, eta horren aurka era sistematiko eta orokorrean jardun behar dela.

 

- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Nafarroako gainerako erakunde publikoekin, mugimendu feministarekin eta herritarrekin batera lanean jarraitzeko, emakumeen aurkako sexu indarkeria eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun sozial guztiak desagerrarazteko.

 

- Nafarroako Parlamentuak aldezten du berdintasuna erdigunean jarriko duten politika publikoak sustatzea, desberdintasunen amaierara eramanen gaituztenak, eta berdintasunaren kultura sortzearen eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza lortzearen alde agertzen da irmoki”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten die 2019ko uztailaren 8an Zidakos ibaiaren arroan izandako uholdeek kaltetutako pertsona eta entitateei. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bere babes eta elkartasun osoa adierazten die Zidakos ibaiaren arroan 2019ko uztailaren 8an izandako euriteak Nafarroako erdialdean eragin zituen uholdeek kaltetutako pertsona eta entitateei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten dio uholde horien ondorioz Ezporogin hildako gaztearen familiari.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela erakunde eskudunek lehenbailehen ebaztea babes zibileko larrialdiak larriki ukitutako eskualde horretako eskabideak; hain zuzen, Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafallako udalek aurkeztuak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Gobernu zentralari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die arin konpon ditzaten gertaera honen ondorioz ondasun publikoetan izandako kalteak eta, beharrezkoa bada, aurrekontu-kreditu bereziak gaitu ditzatela xede horrekin.

 

5. Nafarroako Parlamentuak bere aintzatespena adierazten die zerbitzu publikoetako langile guztiei, bai eta uholdeak gertatu ziren arratsaldetik bertatik eskualdeko egoera normaltasunera itzul zedin eta bertako bizilagunek jasandako kalteak konpontzen elkartasunez lanean aritu diren boluntario guztiei ere.

 

- Eledunen Batzarrak Navarra Sumak talde parlamentarioak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du herritarren ordezkariek ekitaldi publiko ofizialak baliatuta legea urratzeko eginiko edozein ahalegin.

 

Adierazpena UPN eta PSNren aldeko botoekin onetsi da; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du herritarren ordezkariek ekitaldi publiko ofizialak baliatuta legea urratzeko eginiko edozein ahalegin, are gehiago legea urratzeko ahalegin hori indarkeria-ekintzaz lagunduta egiten bada, ordezkari demokratikoen eta agintaritzaren agenteen aukako hozkaka, ostikoka eta kolpeka.

 

- Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du pertsona batzuek, gune publiko masifikatuetako inpunitatearen babesean, kargu publikoen aurka gauzatzen duten hertsapena, hitzezko indarkeria eta indarkeria fisikoa erabilita.

 

- Nafarroako Parlamentuak bere babes osoa agertzen die kargu publiko guztiei, bereziki Iruñeko Udaltzaingoko gizon eta emakumeei, ordenamendu juridikoa eta ordena publikoa modu eredugarrian betearazteagatik, beren integritate fisikoa arriskuan jarrita ere”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Navarra Suma, PSN eta Podemos-Ahal Duguk; Geroa Baik 1. eta 3. puntuen aldeko botoa eman du eta abstenitu egin da 2., 4. eta 5. puntuetan. I-Ek 1., 2. eta 3. puntuen aldeko botoa eman du eta 4. eta 5. puntuetan abstenitu da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta xede horrekin Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere.

 

2. Estimua eta errekonozimendua adierazten die ETAren terrorismoaren biktima guztiei, askatasunaren eta zuzenbide estatuaren defentsaren ordezkari baitira.

 

3. Terrorismoaren eta ETA banda terroristaren indarkeriaren arbuioa eta gaitzespena berresten du.

 

4. Errefusatzen du ETAren eta bere hurbileko erakundeen indarkeria terroristaren kontakizuna berridatzi eta zuritu nahi duten guztien ahalegina. Halaber, justifikaziorik gabe errefusatzen du banda terroristarekin harremanik izan duen edozein pertsona goretsi eta omentzeko ekitaldi oro.

 

5. ETAren terrorismoarekin loturiko sare osoaren laguntza exigitzen du, beren esku dagoen eta argitu gabeko atentatuak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia eman dezan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak LGTBI pertsonen berdintasun soziala eta diskriminaziorik eza aldezten du. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak adierazten du:

 

1. LGTBI pertsonen berdintasun soziala eta sexu-joera, genero-identitate edo genero-adierazpenagatiko diskriminaziorik eza aldezten ditu; izan ere, eskubide horien aldeko borroka eta talde horrek lorturiko konkista sozialak gizarte osoaren helburu dira, eta ez ideologia edo alderdi politiko baten ondare.

 

2. Errefusatzen du ideologia, iritzi edo ideia politikoengatiko bazterkeria- eta diskriminazio-molde oro, are gehiago Harritasunaren Egunekoak bezalako ekitaldietan gertatzen bada, ekitaldi horien oinarri baitira berdintasun, aniztasun, inklusio, errespetu eta tolerantziaren printzipioak”.

 

Adierazpen-proposamenak baztertu den puntu bat bazeukan. Puntu horren aurkako botoa eman dute PSN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, eta aldeko botoa, berriz, Navarra Sumak. Hona puntu horren testua:

 

“Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten ditu Ciudadanos alderdiko ordezkariek Harrotasunaren Eguneko ekitaldietan parte hartzeagatik pairatu behar izan zituzten gorroto eta indarkeria ekintzak, bereziki Madrilen ekainaren 6ko manifestazioan jasandakoak, bai eta zenbait agintari publikok eta LGTBI entitateetako eledunek indarkeria ekintza horiek justifikatuz eginiko adierazpenak ere, biktima errudunetsiz erasotzailea beharrean”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten du uztailaren 6tik 7rako gauean Iruñean izandako sexu erasoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Navarra Suma, berriz, abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

- Erabat errefusatzen du Iruñean salatutako sexu erasoa eta erabateko babesa eta elkartasuna agertzen dizkie emakumeari eta bere inguruneari, bai eta bere eskubideak eta intimitatearekiko erabateko errespetua ere.

 

Halaber, berresten du errefusatu egiten duela Nafarroan gerta daitekeen eraso, indarkeria nahiz jarrera sexista oro, eta konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten, segurtasuna hobetzen eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa baliatu ahal izatea bermatzen laguntzeko.

 

- Adierazten du beharrezkoa dela egungo kultur ereduaren aldaketa ahalbidetzea eta babestea; izan ere, egungo ereduan erasotzailea babesten da eta emakumea errudunesten da. Halaber, gizonei konpromiso bat eskatzen die eraso eta indarkeria ororekin amaitzeko eta gure gizartean egiazko berdintasuna lortzeko lan egiteko.

 

- Herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta erreklamatzen du emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela.

 

- Berresten du sexu erasoen aurkako borrokarekiko konpromisoa eta apustu egiten du emakumeentzako hiri aske baten alde, non askatasunez bizi daitekeen.

 

- Halako gertaeren informazio-trataeran arduraz eta zuhurtasunez jokatzeko dei egiten du”.