Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 31

Hezkuntza-sistema laiko baten aldeko apustua egiteko estatu mailako legegintzako herri ekimen bat aintzat hartzea onetsi da

Foru Legebiltzarra adostasun bat lortzen saiatuko da Kongresuan 7/1980 eta 2/2006 lege organikoen aldaketa defendatzeko, erlijio konfesionala eskola curriculumetik ezabatu dadin

Nafarroako Parlamentuak onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa erlijioaren irakaskuntzari dagokionez aldatzeko Lege proposamena aintzat hartzea, erlijio konfesionala eskola curriculumetik kendu nahi duena.

 

Behin aintzat hartuta, Lege proposamenari Batzordean irizpena eman beharko zaio, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu baino lehen. Onetsiz gero, eta Diputatuen Kongresuko Mahaiak izapidetzeko onartzekotan, hiru Foru Parlamentarioek Behe Ganberan defendatu beharko dute.

 

Nafarroako Parlamentuak IX. Legegintzaldian Diputatuen Kongresuari izapidetzeko igorritako zortzi legeen artean dago hau, pasa den maiatzaren 26ko foru hauteskundeen ondoren Ganbara berriaren osaketarekin iraungi egin baita.

 

Geroa Baik bultzatutako Lege proposamenaren helburua da 7/1980 eta 2/2006 lege organikoak aldatzea, Konstituzioaren 16.3 artikuluak ezartzen duen akonfesionalitatea “XXI. mendeko balioetara moldatzeko, besteak beste hezkuntza sistema laikoaren aldeko apustua egiteko”.

 

Zentzu horretan, beharrezko lege aldaketak egiteko deia luzatzen da, eskola curriculumetik erlijio konfesionala eman ez dadin.

 

Ekimenen titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Batzordetik ateratako irizpena Osoko Bilkurak onetsiz gero, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.

 

Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.

 

Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.

 

Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egingo da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.

 

Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.

Ez da Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa erlijioaren irakaskuntzari dagokionez aldatzeko saiakera egiten den lehen aldia. 2018ko ekainaren 21ean, orduan irakurketa bakarrean, Parlamentuko Osoko Bilkurak Geroa Bairen ekimena onetsi zuen. EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman zuten, PSN abstenitu egin zen eta UPN eta PPNk aurka bozkatu zuten.

 

Geroa Bairen bigarren proposamena baztertu egin da

 

Nafarroako Parlamentuak onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua aldatzeko lege proposamena aintzat hartzea, erlijio konfesionala eskola curriculumetik kendu nahi duena.

 

Nafarroako Parlamentuak IX. Legegintzaldian Diputatuen Kongresuari izapidetzeko igorritako zortzi legeen artean zegoen hau ere, pasa den maiatzaren 26ko foru hauteskundeen ondoren Ganbara berriaren osaketarekin iraungi egin baitzen.

 

Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztutako Lege proposamenaren helburua da Konstituzioaren 27. artikuluko 3. atala indargabetzea: “botere publikoek bermatzen diete gurasoei, beren sinesmenak direla eta, seme-alabek haien araberako erlijio- eta moral-heziketa jasotzeko duten eskubidea”.

 

Sustatzailearen hitzetan, “hezkuntza-sistema laiko baterantz joateko, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, Konstituzioa aldatzea, halako moduan non ahalbidetuko baitu etorkizunean erlijio konfesionala ez irakastea eskola-curriculumean”.

 

3. atala indargabetuz, Konstituzioaren Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoari buruzko 1. saileko 27. artikuluak honela dio:

 

“Guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntzaren askatasuna aitortzen da.

 

Hezkuntzak, helburu bezala du, giza nortasunaren aurreramendu osoa, bizikidetasun printzipio demokratikoak errespetatuz eta baita behin-behineko eskubide eta askatasunak ere.

 

Oinarrizko irakaskuntza behartua eta dohainik da.

 

Botere publikoek hezkuntzarako guztien eskubidea garantizatzen dute, irakaskuntzako programaketa orokor baten bitartez, dagozkien sail guztien egiazko parte hartzeaz eta ikastetxeak sortuz.

 

Pertsona fisiko eta juridikoei aitortzen zaie ikastetxeak sortzeko askatasuna konstituzioko oinarriei dagokien begirune barruan.

 

Irakasle, guraso eta, dagokienean, ikasleek parte hartuko dute, legeak ezartzen dituen mugetan, Administrazioak herri ondasunez ordaindutako ikastetxe guztien kontrol eta gestioan.

 

Botere publikoek hezkuntza sistema arakatu eta homologatuko dute legeen betetzea garantiza dadin.

 

Botere publikoek, legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten ikastetxeak lagunduko dituzte.

 

Unibertsitateen autonomia errekonozitzen da legeak ezartzen dituen neurrian”.

 

Ez da Nafarroako Parlamentuak Konstituzioaren 27. artikulua aldatzeko beharra defendatzen duen lehen aldia. 2018ko ekainaren 21ean, orduan irakurketa bakarrean, Parlamentuko Osoko Bilkurak Geroa Bairen ekimena babestu zuen. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren babesarekin onetsi zen.