Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Azaroak 26

Nafarroako Parlamentuko foruzainek hiru txandako lanaldia berreskuratu dute

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera soilik Parlamentuko taldeko agenteak arduratuko dira Legebiltzarreko egoitzaren eta bertako sarbideen zaintzaz eta kontrolaz

Nafarroako Parlamentuko foruzainek hiru txandako lanaldia berreskuratuko dute 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hartara, berriz ere soilik haiek arduratuko dira Legebiltzarreko egoitzaren eta bertako sarbideen zaintzaz eta kontrolaz. Foruzaingoaren Parlamentuko taldea, egun, 15 agentek eta hiru buruzagik osatuta dago.

 

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remírezek hartu du erabakia, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak joan den azaroaren 11n egindako eskariarekin bat.

 

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari ohi, María José Beaumontek eta Foruzaingoko buru ohi Torcuato Muñozek bultzatutako “optimizazio” neurrien barruan, gaueko txanda Jauregiko edo Aurrea Hartzeko Brigadako foruzainek betetzen zuten.

 

Aldez aurretik, 2017ko abenduaren 20an, Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi zuen, zeinean adierazten baitzuen bere borondatea zela Foruzaingoak “Parlamentuaren egoitza zaintzeko lanak egiten jarrai zezan” UPNk, Podemos-Ahal Duguk, PSNk y PPNk alde bozkatu zuten, Geroa Baik eta EH Bilduk aurka eta I-E abstenitu egin zen.

 

Adierazpen instituzionalak honako hau zioen:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere borondatea dela Foruzaingoak Parlamentua –bai egoitzan lan egiten duten pertsonak (parlamentariak eta funtzionarioak), bai bertan dauden dokumentazioa, informazioa eta altzariak ere– zaintzeko eta babesteko lanak egiten jarrai dezan, gaur egun egiten duen moduan, eta ez du onartzen zerbitzu horren prestazioan murrizketak egiteko proposamena.

 

2. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du adierazpen hau lehendakariaren bitartez jakinaraz dakion Nafarroako Gobernuari”.