Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Irailak 21

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Alzheimerraren Mundu Egunarekin AFANekin batera

Gaur, irailak 21, Parlamentuko fatxada magenta kolorez argiztatuko da, pandemia egoerari egokituriko neurriak hartzeko eta Alzheimerraren nahiz bestelako dementzien aurkako 2019-2023 Plan Integrala abian jartzeko eskaerarekin bat egiten duela erakusteko

Urtero irailaren 21ean ospatzen den Alzheimerraren Mundu Egunaren karietara, Nafarroako Parlamentuak egun hori ospatzeko ekitaldi bat egin du, zeinetan, “Alzheimerraren nahiz bestelako dementziak dituzten pertsonen eta haien senideen ahalegin, sufrimendu eta duintasunari ahotsa emateko xedez”, parte hartu baitute legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztietako ordezkariek.

 

Foru Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek ireki du ekitaldia, eta nabarmendu du beharrezkoa dela “azpimarra berezia jartzea Alzheimerraren ikustarazpenean eta AFANi bere erreibindikazioetan laguntzean”, pandemiak Alzheimerrak edo bestelako dementziek jotako pertsonengan izan dituen ondorio gogorrak ikusi eta gero.

 

Halaber, elkartea bere 30. urteurrenagatik zoriondu ondoren, “Alzheimerrak edo bestelako dementziek jotako pertsonentzako nahiz beren familiarentzako arreta hobetzeko elkarlanean jarraitzearen alde” egin du Hualdek.

 

Legebiltzarraren egoitzaren atalondoan egin den ekitaldiarekin jarraitzeko, Eledunen Batzarrak Alzheimerraren Mundu Egunaren karietara onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute talde parlamentarioen hurrengo ordezkariek: Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Jarraian, AFAN-Alzheimerra eta bestelako dementziak dauzkaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkarteko lehendakari Amelia Lecumberrik, eta elkarteko kide diren Victorino Araiz eta Iosune Alfonsok manifestu bat irakurri dute. Horren bidez, azpimarratu dute koronabirusaren pandemiak eragindako “drama soziala”, eta salatu dute “Alzheimerraren nahiz bestelako dementzien aurkako 2019-2023 Plan Integrala ez dela orain arte praktikara eraman”.

 

Manifestuak agerian jartzen du konfinamenduak jokabide arazoen areagotzea eta gaixotasunaren azkartzea ekarri duela eta, testuinguru horretan, salatzen du eguneko zentroetako arreta espezializatuen etetea, bai eta pertsona zaintzaileen bizi kalitatea murriztea ere.

 

Alzheimerra eta bestelako dementziak dauzkaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkarteak exijitzen du Nafarroako Osasun Sistemak, gizarte zerbitzuek, egoitzek, Mendekotasun Legeak eta Alzheimerraren nahiz bestelako dementzien aurkako 2019-2023 Plan Integralak ez dezatela “inongo murrizketarik jasan” eta, halaber, “COVID-19a baino lehen oinarrizko osasun laguntzaren funtzionamendua eta bertan ematen zen arreta normalizatzea”.

 

Horrekin lotuta, eskatzen da “Nafarroako Osasun Sistemaren eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren arteko koordinazioa bultzatzea, egoitza bitartezko arretaren ereduak berrikustea eta egoitza publiko, pribatu eta itunduen kontrol, jarraipen eta ikuskapenerako mekanismoak ezartzea”.

 

AFANek nabarmentzen du Autonomia Pertsonalari eta Mendekotasunerako Arreta Emateari buruzko Legeak “ ez duela jasotzen dementzien konplexutasun osoa, eta ez dituela aintzat hartzen gaian inplikaturiko guztiak”. Hori dela eta, aurtengo mundu egunaren goiburua da “Mendekotasuna legez kanpo”. Amaitzeko, eskatzen da Alzheimerraren nahiz bestelako dementzien aurkako 2019-2023 Plan Integrala abian jartzea, “aurrekontuan dirurik ez egoteagatik ezkutuan geratu baita”.

 

Gainera, gau honetan, irailak 21, Parlamentuko fatxada magenta kolorez argiztatuko da 20:30etik 24:00etara.

 

AFAN-Alzheimerra eta bestelako dementziak dauzkaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkartea 1990an sorturiko irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da eta onura publikoko elkarteen erregistroan sartu zen 1996an. 2014an osasun zentro gisa kreditatu zuen Osasun Departamentuak eta Gizarte Mezenasgo gisa aitortua izan zen 2019an.