Parlamentuak baztertu egin du Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren ezezko botoek zapuztu dute Navarra Sumak politika fiskala dakarren testua Gobernuari itzultzeko egin duen ahalegina, eta Batzordean eztabaidatuko da
Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak ezetsi egin du Navarra Sumak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari egindako osoko zuzenketa. Gobernuak egungo egoera epidemiologikoan “ekitatea areagotu eta zerga iruzurraren aurka borrokatzeko” asmoz aurkeztu du lege proiektua.
Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko. Ekonomia eta Ogasun Batzordera eramanen da, eta han irizpena prestatzeko lanak eginen dira datorren ostiralean, hilak 18. Ziurrenik abenduaren 23an aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Zuzenketa partzialak aurkezteko epea ere amaitu da. Navarra Sumak 43 aurkeztu ditu, I-Ek 12, eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek batera 17. Guztira, 72.
Ordezko testurik gabe aurkeztu duen osoko zuzenketaren arrazoi gisa azaldu duenez, Navarra Suma talde parlamentarioa sinetsita dago Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektua “epe laburreko bilketa-kontsiderazioetan murgiltzen dela, diru-bilketa eta politika publikoetarako baliabideen eskuragarritasuna oinarritzeko zerga-oinarriak arriskuan jartzearen kontura”.
“Orain ez da Espainiako Gobernuak ezarritako tributazio berria sartzeko unea”, ohartarazten du talde gehiengodunak, haren iritziz “uzkurtze-efektua” sortuko duelako eta, pandemiaren ondorioz, “ahultasun ekonomiko eta ziurgabetasun handiko ingurune honetan bereziki kaltegarria” izanen delako.
Hala, ezbaian jartzen du igoera nabarmena izatea PFEZean, sozietateen gaineko zergan edo ondarearen gaineko zergan, bai eta zerga berriak sartzea ere, kontra egiten dietenak Nazioarteko Diru Funtsaren xedapenei eta eredu fiskal eta instituzional oso desberdinak dituzten Europako herrialdeei, Alemania eta Italia, adibidez. Gero proposatzen du “zerga-sistema ekitatiboa eta eraginkorra, ziurtasun juridikoa sortuko duena eta aurrezpena eta inbertsio produktiboa erraztuko dituena”.
Esparru horretan, Navarra Sumaren iritziz, ez da karga berriak ezarriz lortuko “suspertze ekonomikoa eta hazkunde iraunkorreko eredu baterako trantsizioa, horrekin zerga-oinarriak eta, ondorioz, denboran zeharreko diru-bilketa handitzea bermatzeko”. Ildo horretan, eta “distortsioak zuzentzeko eta errealitate sozial eta ekonomiko berrietara egokitzeko” beharra dagoela aitortuta ere, azpimarratzen du ez dela horretarako une egokia.
Azkenik, Navarra Sumak ezkutuko ekonomiaren, zerga-saihestearen eta zerga-ihesaren aurkako borroka aldarrikatzen du eta “serio” planteatu beharko litzatekeela dio. Berriz aipatzen ditu egoeraren berezitasunak, “eskariaren eta eskaintza agregatuaren beherakadak” eragindakoak, Covid-19aren aurrerapena geldiarazteko hartutako neurrien ondorioz. “Nahikoa da gure ingurune naturalari erreparatzea egiaztatzeko zergak nabarmen murriztearen edo geroratze berriak egitearen mende daudela enpleguaren kontserbazioa eta negozio eta enpresa bideragarrien biziraupena”.
Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek lege-proiektuaren oinarri diren printzipioak ekarri dituzte gogora Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa ezesteko, “koronabirusak eragindako krisi sanitarioak kalte gehien egin dien sektore eta pertsonen aldeko konpromisoari eutsiz”.
Ildo horretan, PSNk eta Geroa Baik aho batez azpimarratu dute “ahalmen ekonomikoak” izan behar duela “zerga-betebeharrak banatzeko benetako neurria”. Horregatik, eta “enpresaburuen tributazioa haien jardueraren benetako etekinera hurbiltzea” helburu, besteak beste, zenbatespen objektiboko araubidearen ordez zuzeneko zenbatespenaren araubide berezi bat ezarri da.
"Zergen jaitsieran" oinarritutako eskuinaren ereduaren aurrean, "justizia fiskala proposatzen dugu. Baliabideak ez dira zerutik erortzen eta Navarra Sumak egindako zuzenketa partzialek 100 milioi balio dute. Bere ongizate ereduak ez du zerikusirik eredu ezkertiarrarekin. Batzuek bankuak salbatu zituzten, besteok langileak salbatu nahi ditugu. Bere politiketatik eratorritako aberastasunaren kontzeptuak panorama etsigarri bat utzi du, mendebaldeko clase ertainaren pobretze bat, aberastasuna esku gutxi batzuetan kontzentratzearen alde. Alemaniako errezetak hemen ez du balio, zorpetze-marjinak eta malgutasun fiskala bestelakoak baitira. Gezurretan ari dira eta bakarrik geratzen ari dira".
Gardentasunari eta progresibotasunari buruzko zenbait aldaketa partekatzen dituzten arren, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek agerian utzi dute ez direla "islatuta sentitzen" Nafarroako Gobernuak Parlamentura ekarri duen erreforma fiskalean.
"Ez dugu zergen igoerarik ikusten, ez dugu Sozietateen gaineko Zergan bilketarik ikusten eta horrek kezka eragiten digu, 2022an izan daitezkeen murrizketetan pentsatzera garamatza. Mozkin handiak dituzten enpresek modu marjinalean ordaintzen dituzte zergak. Hor dago benetako paradisu fiskala: % 7 ematen dute, PFEZren % 39ren eta BEZaren % 33ren aldean. Erreforma fiskala garapen ekonomikora eta autonomoen erreskatera bideratuta dago. Alde batera uzten dira akordio programatikoan jasotako garrantzi handiko gaiak, hala nola alokairuaren prezioei eustea eta langile pobreei tratu fiskal egokia ematea".
EH Bilduk adierazi du, bestalde, Navarra Sumaren “antipoda fiskaletan” dagoela eta haren osoko zuzenketak Foru Ogasunaren diru sarreren “200 edo 300 milioiko” murrizketa ekarriko lukeela. Koalizio subiranistak iragarri du zuzenketa partzialen eztabaidan zehaztuko duela bere jarrera, baina, nolanahi ere, diru bilketa orekatzearen alde dagoela, besteak beste sozietateen gaineko zergaren eraginkortasuna berreskuratuz, gaur egun “hutsaren hurrengoa” baita.
"Progresibotasunak errenten titularrei eta zerga-oinarri altuagoei eragitea ez zaie gustatzen, baina moduluak kentzearekin gertatzen den bezala, mundu guztiak bere diru-sarreren arabera ordaindu behar du zerga. Ez du kapitalak bakarrik aberastasuna sortzen".
· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (125. NPAO, 2020-11-13koa)
· Osoko zuzenketa (131. NPAO, 2020-11-23koa)