Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 4

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Nafarroa-Akitania Berria-Euskadi Euroeskualdearekin mugak ixtearen gaia azter zezan

Eskualdeko herritarren egunerokoan eta mugikortasunean sortutako eragozpenak direla eta EH Bilduk Frantziako Gobernuaren informazio argi eta zehatza eskatzen zuen

Parlamentuaren Osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren aurkako botoarekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroa-Akitania Berria-Euskadi Euroeskualdearen bilera ezohiko eta urgenterako deia eska dezan, mugak ixteak eskualde horretako herritarren mugikortasunean, ekonomian eta enpleguan duen eragina aztertzeko, herritarrei laguntzeko neurri publikoak ezartzera begira, eta muga horiek lehenbailehen irekitzeko”.

 

EH Bilduk, ekimenaren titularrak, ez du Geroa Baik aurkeztutako gehitzeko zuzenketa onartu, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “azterlan bat egin dezan Foru Komunitatearen ixte perimetralak zer ondorio ekonomiko eta enplegukoak sortzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoarekin, Errioxarekin eta Aragoirekin mugakide diren udalerrietan, beharrezkoak diren onbideratze-neurri ekonomikoak ezartze aldera”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak pasa den urtarrilaren 14an Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzeko bederatzi pasabideak ixteak eskualde horretako herritarrei, bai egunerokoari bai mugikortasunari dagokienez eragiten dizkien eragozpenen berri ematen du. Emandako argudioak urriak direla eta itxiera xedatzeko oinarri gisa erabilitako informazio frogagarririk ez dagoela salatzen du, eta horregatik, Euroeskualdearen bilera urgente eta ezohikoa eskatzen du.

 

Mozioa aurkeztu duen taldeak uste du mehatxu terroristaren aurkako borrokak ez dituela justifikatzen Frantziako Gobernuak ezarri dituen murrizketak, are gehiago pandemiarekin lotutako salbuespen-egoeran mugak bigarren aldiz ixtea denean.