Nafarroako Gobernuak hobekuntza iragarri du errenta ertain eta baxuen PFEZean, eta jarraipena enpresa handien zerga-egituran
I-Eren interpelazio bati erantzun dio, zeinak kapital-errenten gaineko presio fiskala handitzea eskatu duen, gizarte-beharrei zerbitzu publikoen bidez erantzun ahal izateko
Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak baieztatu duenez, Gobernuak neurriak hartuko ditu errenta ertain eta baxuak dituzten familien presio fiskala “arintzeko”. Jarduera ekonomikoari dagokionez, adierazi duenez, egungo krisi egoeran "enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak itotzeak ez du zentzurik", eta, era berean, Sozietateen gaineko Zergan ez du enpresa handientzako aldaketarik iragarri.
Sozietateen gaineko Zergan presio fiskalaren areagotzea eskatuz Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako interpelazio bati erantzunez eman du informazioa kontseilariak Nafarroako Parlamentuko Osoko bilkuran.
Elma Saizek baieztatu duenez, “Covid-19aren eraginez aparteko egoera bat bizitzen ari gara eta horrek paisaia guztia aldatzen du, errealitatea distortsionatzen du eta pandemiarik gabe agian beste zentzu batean hartuko genituzkeen erabakiak hartzera behartzen gaitu. Pandemiak sektore ekonomiko eta sozial guztien errealitateak kontuan hartzera behartzen gaitu”.
Edozein kasutan ere, kontselariak azaldu du “fiskalitatea bizirik dagoela eta Gobernuaren DNA hau hobetzen jarraitzea dela”. Ildo horretan, adierazi du PFEZari dagokionez, “errenta ertain eta baxuak dituzten familien presioa are gehiago arin” daitekeela, “eta egingo dugu, legealdi honetako akordioak Gobernuaren konpromiso hau jasotzen baitu”.
Ildo horretan, "PFEZn gutxieneko familiarraren kuotan kengarriak diren kopuruak hobetu nahi ditugu errenta ertain eta baxuentzat, eta gutxieneko pertsonalean kengarriak diren kopuruak aldatzeko aukera aztertu, errenta maila jakin batzuetan. Ildo horretan lan egiten jarraituko dugu", berretsi du.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, Elma Saizek azpimarratu duenez, “ekonomia berpiztea lehenetsi behar dugu eta horretarako enpresak beharrezko eragileak dira, enplegua sortzen dutelako. Zaindu eta babes dezagun indartsu egiten gaituena. Ez du zentzurik enpresa txiki, ertain eta autonomoak itotzeak pandemia egoera honetan. Enpresa jarduerari sistematikoki bizkarra ematen dion Gobernu batek ez du zuzen jokatzen”.
Enpresa handiei dagokienez, ohartarazi du “ez direla asko, ekoizpen sarea enpresa txiki, ertain eta autonomoek osatzen baitute nagusiki”, baina zehaztu du Sozietateen gaineko Zergan “enpresek etekinen arabera ordaintzen dutela eta denbora luzez krisiak bata bestearen atzetik etorri direla”. Gainera, azpimarratu du enpresek ere “BEZa ordaintzen dutela, baita Ondarearen gaineko Zerga ere, edo PFEZa langileak dituzten kasuetan”.
Elma Saizek adierazi duenez, "aztertzen, lanean eta erabakiak hartzen jarraitzeko tartea dugu", eta Gobernua onura fiskalen azterketa egiten ari dela azaldu du, baina I+G+b inbertsioengatik kenkariak mantenduko dituztela iragarri du.
Bestalde, kontseilariak azaldu duenez, irailaren 15erako Gobernuak zerga "berde" berrien ezarpenari buruzko ikerketa bat egitea aurreikusten du, eta "Europa ere ildo horretan doa", gaineratu du.
Amaitzeko, Elma Saizek esan du Nafarroa ez dela "paradisu fiskal bat, ezta infernu fiskal bat ere, ez gaude inongo muturretan".
Marisa de Simonen (Izquierda-Ezkerra) ustez, aurreikuspenen arabera, "egoera kritikoa eta jasanezina da herritarren beharrei, sektore produktiboaren beharrei eta, oro har, gizarteko beharrei aurre egiteko. Egiturazko arazo bat konpondu behar da, osasun krisiarekin eta sortzen ari diren beharrekin larritu egin dena", esan du.
Saizek "erantzunik ez ematea" gaitzetsi du De Simonek. “Uste nuen kontseilariak gutxi direla adierazi duen enpresa horietako baten bozeramaile bat entzuten ari nintzela. Itota daudenak lan-errentak dira, ez kapital-errentak. Ezer egiten ez baduzue, erantzukizun larria izango duzue datozen urteetan zerbitzu publikoen mantentzeari dagokionean", ziurtatu du.
Juan Luis Sanchez de Muniainek (Navarra Suma) adierazi duenez, PSNk eta I-Ek "eztabaidatzen ari direla diote, baina, egiazki, bi talde hauek dira seme-alabak dituzten familiei PFEZaren igoera finkatzearen, Sozietateen gaineko Zergaren karga tasa % 28 izatearen eta Oinordetzen eta jaraunspenen gaineko zerga igotzearen erantzule. Zergadunen ihesak eta beste lurraldeekin lehiatzeko desabantailan egoteak kezkatzen gaitu".
Ainhoa Unzuk (PSN) gogorarazi du Izquierda-Ezkerrako bozeramailea ez zela "hain kritikoa" izan joan den legealdian, PFEZren eta sozietateen bilketaren arteko "arrakala" handitzen ari zenean. "Jakina da PFEZaren presio fiskalak gora egin zuela 2015eko erreforma fiskalarekin, eta I-Eren botoari esker onartu zen. 2019tik aurrera, errenta hauen presio fiskala hobetzeko urratsak ematen ari dira”. Enpresentzako tratamendu fiskalari dagokionez, adierazi du “I-Eko bozeramaileari erantzukizunak hartzea egokitzen zaion eguna iristen bada, agian populismoak saltzeari uzteko aukera" izango duela. "Ez gatoz bat enpresekiko duen planteamenduarekin".
Mikel Asiainek (Geroa Bai) azpimarratu duenez, "datuek oso argi uzten dute" azken urteetan PFEZaren pisua handitu egin dela diru-bilketan, eta Sozietateen gaineko Zergarena, berriz, murriztu egin dela, baina joan den legealdiko fiskalitatea defendatu du, pandemiak eragindako krisiari baldintza hobeetan aurre egitea ahalbidetu duelako.
"Sozietateen gaineko Zergari buruzko gai batzuk jorratu behar dira. Egungo tasak mantendu behar ditugun galdetu behar diogu geure buruari, pizgarrien eta kenkarien jokoarekin tasa errealek nominalekin zerikusi gutxi dutelako", ziurtatu du.
Adolfo Araizek (EH Bildu) ohartarazi duenez, "tratamendu diskriminatzailea dago kapital-errenten eta lan-errenten artean, eta dualtasun horrekin amaitu behar dugu". Halaber, "Sozietateen gaineko Zergaren onura fiskalak berrikustearen" alde egin du. Onura fiskal horien helburu ekonomiko eta sozialak betetzen diren aztertu behar da. Iaz ezin izan zen azterketa egin eta aurten izatea espero dugu. Guk ulertzen dugu, kasu batzuetan behintzat, onura horiek diru-bilketa murrizten ari direla", adierazi du.
Azkenik, Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, "bi urtetan 900 milioi euroko zorpetzearekin gaude, eta hau etorkizuneko belaunaldientzat eta zerbitzu publikoei eusteko mehatxua da. Aurten, gure fiskalitatea egokitu behar dugu pandemia osteko errealitatera, iragarpen onik ez duen errealitatera. Tratamendu espezifikoa eta onuragarria behar da pobrezian dauden langileentzat, eta, gainera, alokairuaren prezioei eustea sustatu behar da".