Espainiako Gobernua premiatzen da Sekretu ofizialei buruzko Legea nazioarteko parametroetara egokitu dezan
Informazioa eskuratzeko eskubidea errespetatuko duen eta eskubideen urraketak saihesteko eta ikertzeko balioko duen klasifikatzeko edo desklasifikatzeko prozedura argia eskatzen da
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “egin beharreko lege aldaketak egin ditzan, Sekretu ofizialei buruzko Legean estatu demokratiko bati eskatzekoak zaizkion nazioarteko parametroak –gardentasuna, proportzionaltasuna eta premia– nahiz informazioa jasotzeko eskubidea –gizartearen oinarrizko eskubidea baita– bete daitezen, Estatuak izandako jokabideei dagokienez”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gardentasunari lotutako arrazoiak ematen ditu legearen egokitzapena eskatzeko. Legea 1978an erreformatu zen, indarrean sartu eta 10 urtera, eta Gobernu zentralaren esku uzten du "Estatuaren segurtasuna eta defentsa babestea, egungo legezkotasun-, proportzionaltasun- eta behar parametroekin talka egiten duten balio batzuen arabera".
Sekretu Ofizialen Legea “edozein estatu demokratiko eta zuzenbide-estaturi dagozkion printzipioetara egokitzeko”, defendatzen da, alde batetik, gai batek, sekretutzat edo erreserbatutzat klasifikatzen bada, indarraldi jakin bat izan behar duela; bestetik, informazioa klasifikatzeko prozedura argi bat egotea; eta azkenik gaiak klasifikatzen edo desklasifikatzen dituena organo bakar bat izan dadila, –Ministroen Kontseiluaz hitz egiten da- inolaz ere erakunde militarrak”. Aipatzen denez, hala egiten da AEBetako, Erresuma Batuko, Alemaniako edo Suitzako legedietan.
Ildo horretan, “informazioa eskuratzeko eskubidea ez murriztearen garrantzia” azpimarratzen da, gogoraraziz sekretutzat klasifikatuta daudela “dokumentu militar gehienak, harreman diplomatikoetakoak, terrorismoaren aurkako borrokakoak edo gastu erreserbatuetakoak; horietako asko, Ministroen Kontseilutik pasatu ere egin gabe”.
Etorkizunean giza eskubideen urratzea saihesteko, urraketen ikerketan sakontzeko eta biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela bermatzeko, paradigma berri bat eskatzen da “kasu horiek isiltasunaren eta zigorgabetasunaren estalpean jarraitu ez dezaten”.
Amaitzeko, aipatzen da “Sekretu ofizialei buruzko lege honetatik atera beharreko gertakariak” direla iraganeko zenbait gertakari; besteak beste, “Estatuak diktadura frankistan eta trantsizioan izandako jokabideak, 1981eko otsailaren 23ko gertakariak, 1985eko azaroan Mikel Zabalza desagertu eta hil izana edo GALen erailketak. Hainbeste urte igaro eta gero, gizarteak zer gertatu zen jakin behar du”.
-
Mozioa (35. NPAO, 2021-03-12koa)