Nafarroako Kirolaren Institutua premiatzen da estatutuak, arauak eta erregelamenduak hizkera inklusibora egokitu ditzan
Ganberak arbitroak premiatzen ditu aktak idazterakoan hizkuntza-tratamendua zain dezaten, kirolariak errespetu berarekin tratatzeko
Kultura eta Kiroleko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita, “Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, kirol-federazioekin lankidetzan jardun eta hauek babestu ditzan, jokatutako partidetako aktetan berdintasunaren aldeko egiazko konpromiso bat lortze aldera, halako moduan non emakumezko jokalariak femeninoz izendatuko baitira gaztelaniaz”.
Eskatzen da, baita ere, “arbitroek –kirol-diziplinetako (futbola, eskubaloia, saskibaloia...) partidetako aktak idazteko ardura haiena baita– pertsona bat aipatzen dutenean haren generoa zehatz dezaten gaztelaniaz, hartara identifikatuta sentituko baitira emakumezkoen ekipoak eta taldeak, hizkera egokiena erabiliko baitute hartara”.
Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “estatutuak, arauak eta erregelamenduak hizkera inklusiboan idatzita egon daitezen”.
Onetsitako ebazpenak beste puntu bat ere badu, eta bertan, aho batez, Foru Gobernuari eskatzen zaio “arbitraje-estamentuan genero-prestakuntza emateko”. Talde guztiek sinatutako batuketa-zuzenketa baten emaitza da atal hau.
Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak aipatzen duenez, 3/2007 Lege Organikoa onetsi zenez geroztik, “aurrerabide handiak gertatzen ari dira gizartearen nahiz legediaren esparruetan gizonen eta emakumeen arteko aukera eta tratu berdintasuna egiazkoa eta eragingarria izatea lortzeko”, eta hori dela eta, dei egiten du “herentzia linguistikoagatik eta ohituragatik hizkuntza modu desegokian erabiltzen” uzteko.
Gauzak horrela, eta Emakumearen Institutuaren jarraibideekin bat etorriz, zeinak ohartarazten duen "emakumeak eta gizonak dauden taldeak ikusarazteko" maskulinoa gaizki erabiltzen dela, arbitroei gogorarazten zaie "bi urte geroago, hizkuntzari dagokionez, jokalariarekiko errespetu berarekin tratatzeko eskaerari jaramonik egin gabe jarraitzen dutela".
Amaitzeko, genero-tratamendua parekatzeko "koherentzia" eskatu da; izan ere, "gizonak beren jarduera edo lanbideagatik aipatzen badira, gauza bera egin beharko genuke emakumeekin; izan ere, jokalari eta entrenatzaile emakumeak badaude eta aipatu behar dira”.
Alberto Bonilla (Navarra Suma) buru izan duen saiora bertaratu diren parlamentariak izan dira Isabel Olave, Raquel Garbayo, Javier García, Iñaki Iriarte, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Carlos Mena, Javier Lecumberri, Arantza Biurrun (PSN), Jabi Arakama, Mikel Asiain (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Laura Aznal, (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (35. NPAO, 2021-03-12koa)