Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Maiatzak 11

Nafarroako Gobernua premiatzen da arriskuko taldeak sar ditzan txertatzeko lehentasuna duten taldeen artean

Arriskuen araberako estratifikazio zehatzagoa eskatzen da, egoiliarrei eta kalteberatasun handiko pertsonei arreta ematen dieten langile guztiak ere barnean hartuko dituena

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSN eta Geroa Bairen abstentzioekin (Podemos-Ahal DUguk eta I-Ek ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “zenbait arrisku-talderi txertoa berehala jar diezaien”.

 

Aipatzen diren arrisku-taldeen artean daude “adinekoen edo desgaituen egoitzetan praktikak eginen dituzten ikasleak”. Era berean, gehitzen dira “mendetasun handia duten 16 urtetik beherakoen zaintzaileak edo bizikideak, mendetasun handia duten 16 urtetik gorako pertsonen zaintzaileen eta bizikideen baldintza berdinetan”. Bestetik, eskaeran sartzen dira baita ere “txertaketa-lanetan edo kalteberatasun handiko pertsonekin osasun-arretako, arreta soziosanitarioko edo zaintzako lanetan parte hartzen ari diren langile boluntarioak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “lehentasunezko txertaketa-taldeetan sar ditzan AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa) eta Ministerioaren txertaketa-estrategiaren 7. taldean sartuta ez dauden arrisku handiko beste egoera kliniko konplexu batzuk dituzten pertsonak”.

 

Azkenik, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “txertaketaren lehentasunak balora ditzan adin- talde bakoitzaren barruko arrisku-estratifikazioaren arabera”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak dio “ebidentzia zientifikoa” dagoela ziurtatzeko “Covid-19agatiko infekzioak arrisku handiagoa dakarrela” patologia hauek dituzten pertsonengan: esklerosi anizkoitza, AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa), dementziak, bestelako alterazio neurodegeneratiboak, patologia kardiobaskularrak, arnasketakoak, gibelekoak, diabetesa eta obesitate morbidoa; bai eta gaixotasun arraroak edo minbizia dituzten pertsonengan edo immunodeprimituengan.

 

Txertaketa "lehenestea" eskatzen duten taldeen artean, adinekoen edo desgaituen egoitzetan praktikak egiten dituzten edo egingo dituzten ikasleak daude, eta dagoeneko txertatuta dauden Medikuntza eta Erizaintzako ikasleentzat eskatzen den tratu bera eskatzen da haientzat ere.

 

Arreta sanitarioko, soziosanitarioko edo egoiliarren zaintza lanetan dauden pertsona guztien txertaketa ziurtatzeaz gain, mendetasun handia duten 16 urtetik beherakoen zaintzaileen edo bizikideen txertaketa eskatzen da – mendekotasun handia duten bi bizikide txertatzen ari dira –, horrek ere zaurgarritasun handia duten pertsonen arriskua murrizten lagunduko duelakoan.

 

Era berean, ohartarazten da “Nafarroan ez zaiela txertoa jartzea bermatzen ari txertaketa-lanetan edo kalteberatasun handiko pertsonei zuzeneko arreta emateko beste lan batzuetan parte hartzen ari diren langile boluntario guztiei; horiek, izan ere, Ministerioaren Estrategiak 2. taldean biltzen ditu”.

 

Horregatik guztiagatik, Osasun Departamentuaren datu-baseak erabiltzea proposatzen da txertatu beharreko taldeak lehenesteko, gaixotze-tasaz eta adinaz gain, arrisku-patologiak ere kontuan hartuta.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Jorge Esparza, Yolanda Ibáñez, Elena Llorente (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (57. NPAO, 2021-05-04koa)