Legebiltzarrak 2020an diruz lagundutako Garapenerako Hezkuntzako proiektuen aurkezpena izan da Parlamentuan
Unai Hualdek nabarmendu du erakundeak 2030eko Agendako garapen jasangarriko helburuekin duen erabateko konpromisoa, eta gizarte entitateen parte-hartzea eskertu du
Legebiltzarrak 2020an diruz lagundutako Garapenerako Hezkuntzako sei proiektuen aurkezpena izan da Parlamentuan gaur arratsaldean. Ekitaldia gauzatu diren ekimenak “azaldu eta balioan jartzeko” izan da, eta bertan parte hartu dute entitate onuradunek, zeinei Unai Hualdek eskerrak eman baitizkie aurrerabide jasangarria sustatzeko jarreragatik, 2030eko Agendarekiko erabateko konpromisoa duen erakunde baten eskutik.
Lehendakariak ekitaldiari hasiera eman dio 2018an ezarritako laguntzak jaso zituzten programen egile diren sei GKEak aipaturik. Laguntza horien xedea zen “Nafarroan ekintzak sustatzea, kontzientziatzea edo prestakuntza emateko hazkundean dauden herrialdeek dauzkaten problemekin eta horien zergatiekin zerikusia duten alorretan. Begi bistakoa da legebiltzar honek bere egin dituela Garapen Jasangarriaren Helburuak, eta hala jasotzen da duela hilabete batzuk Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformarekin batera sinatu genuen Pobreziaren aurkako Nafarroako Itunean”.
Hala, talde parlamentarioen parte-hartzearekin Osoko bilkuren aretoan egin dena bezalako dibulgaziorako ekitaldi publikoen garrantzia azpimarratu ondoren, Unai Hualdek dei egin du iritziak truka daitezen, 2030eko Agendan jasotako garapen jasangarriko helburuen 4.74.7 helmugan jasotakoarekin bat, bermatzeko ikasle guztiek beharrezkoak diren ezagutza teoriko eta praktikoak eskuratzen dituztela giza eskubideekin loturiko balioak eta printzipioak babestu eta berenganatzeko. Genero-berdintasuna, kultura-aniztasuna eta indarkeriarik ezaren kultura dira oinarri horietako batzuk; edonola ere, bizimodu jasangarriek berezkoak dituztenak.
Pandemia eta horren ondoriozko “krisi sanitario, sozial eta ekonomikoa” dela eta, lehendakariak “erantzukizunerako" deia egin die erakundeei, "are lotura handiagoa baitute txirotasun edo gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonekiko”, eta bere “elkartasuna" helarazi die "gerren ondorioak nozitzen dituzten pertsonei, bereziki Gazan eta Kolonbian. Jarraitu nahi dugu sentiberak izaten eta toki desberdinetan gertatzen diren errealitate dramatikoak aintzat hartzen. Garapenerako lankidetza gisa ezagutzen dugunarekiko daukagun konpromiso publikoa ezin da txikiagotu. Badugu batzorde arrunt bat, gai horietaz modu iraunkorrean arduratzen dena”.
Unai Hualdek, amaitzeko, ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen "inplikazioa" aitortu du, "normalean ongi islatuta agertzen dena ikasleen osoko bilkuretan". Ondoren, Medicus Mundi, Mugarik Gabe Mundubat, Alboan, Fundación Paz y Solidaridad, Setem eta Bakearen aldeko Lankidetza Batzarraren bozeramaileek hartu dute hitza, entitate horiek izan baitira Nafarroako Parlamentuaren laguntzarekin (57.000 euro) 2020an gauzatutako proiektuen titularrak.
Jarraian, iaz deitutako dirulaguntzen deialdian nabarmendu ziren Garapenerako Hezkuntzako sei proiektuak aurkeztu dira.
Mayu Serreauk (Mugarik Gabe, Mundubat, IPES) Sustraiak bota: elikadura burujabetzaren aldeko herriak proiektua defendatu du, genero ikuspegitik “klima eta osasun krisiaren inguruko hausnarketa, ezagutza eta eztabaida guneak sustatzeko” asmoz sortua. "Hegoaldearen ekarpenak ezagutzea eta aitortzea da helburua, bereziki emakumeenak, ekoizleak eta lurraren eta gizarte eragileen defendatzaileak diren aldetik. Eredu justuago eta jasangarriago baten bidean, tokiko ekimenak sustatzea ezinbestekoa da. Mundu mailan pentsatu eta tokian toki jardun, horretan saiatu gara eta halaxe jardun dugu, besteak beste, Tuteran, Leitzan, Antsoainen, Atarrabian, Pirinioetan, Elizondon, Etxarri Aranatzen, Huarten eta Tafallan”.
Ani Urretavizcayak (Alboan Fundazioa) Más allá de las Fronteras-Mugetatik haratago proposamen pedagogikoaren laugarren edizioaren berri eman du. Migrazioari, babesari, harrerari eta bizikidetzari buruzko hezkuntza-planteamendu bat da, Nafarroako 22 ikastetxetan landu dena.
"Ikasturte honetan bi jolas egin ditugu, bata bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendua (Breakout EDU) eta bestea gaztexeagoei zuzendua (Mugarik gabeko mundua). Otsailean Naborreko Migrazioen Elizbarrutiko Ordezkaritzako bi kideren bisita izan genuen, eta haiekin batera hegoaldeko mugaren errealitatea partekatu genuen. Apirilean ekintzaz betetako astea antolatu genuen, Iruñean eta Tuteran. Eta maiatzean bost ikastetxek Legebiltzarrera eraman zituzten beren lanak. Ikasturte amaieran, azken ebaluazioa egingo dugu, eta irakasleei zabaltzeko bideo bat grabatuko dugu, hezkuntza-baliabideen banku propio bat partekatzeko. Mundu mailako hiritartasun prozesuak finkatzea bilatzen dugu".
Marta Bellofattok (Bakearen aldeko Lankidetza Batzarra) "jokabide arrazistak edo xenofoboak baztertzeko eta migratzaileentzako harrera- eta babes-guneak sortzen laguntzeko" kudeatutako baliabideen berri eman du. Horretarako, Afrikako hainbat herrialdetatik Europako kontinenterako migrazio-bideetan oinarritutako Scape Room joko bat sortu eta ekoitzi dute, “Iruñeko eta Tafallako gazteak errealitate migratzailera hurbiltzeko” helburuarekin. “Afrikar kontinenteko pertsonak izan ditugu gurekin haien esperientzien berri emateko, eta genero-ikuspegia txertatu dugu, emakumeen eta nesken berariazko zaurgarritasuna agerian uzteko".
José Luis Mariñelarenak (Setem Nafarroa) Arropa Garbia kanpainak barneratzen dituen sentsibilizazio eta salaketa ekintzak zerrendatu ditu. Kanpaina horren bidez, "ehungintzaren eta oinetakoen sektore globalizatuan jazotzen diren lan-eskubideen urraketei buruzko hausnarketa kritikoa" bultzatu nahi izan dute, "baita gizarte eta ingurumen mailan duen inpaktuaren inguruan ere, bai herrialde ekoizleetan eta baita hartzaileetan ere. Horrekin batera, estetikaren eta moda-kontsumoaren eta indarkeria matxisten arteko lotura aztertu da".
Montxo Orozek (Medicus Mundi Nafarroa) Gazteak eta Hezkuntza ez formala 2020 proiektuaren bidez garatu dituzten esku-hartze ildoak aipatu ditu, besteak beste, aisialdia eta denbora librea, hezkuntza-programazioak eta politika publikoetan duten eragina. Formazioa eta praktika kobinatuz, 5.736 pertsonarengana iritsi dira proiektuarekin.
"Espazio publikoei lotutako aisialdi eta denbora libreko espazioak sortu eta prestatu ditugu, eta giza eskubideei eta GIHei lotutako aisialdi-jarduerak diseinatzera bideratutako gizarte-ekintzako taldeen eta laguntza-zerbitzuen bidez egin dugu. Nerabeak euren inguruneko protagonista bihurtzea da asmoa, kontzientzia, proposatzeko gaitasuna eta eragiten dieten politika publikoetan eragiteko borondatea sortzeko".
Argia Aldayak (Fundación Paz y Solidaridad) Transformamos, juventud y cambio social proiektua aurkeztu du, “informatzeko, inplikatzeko, kontzientzia hartzeko, eraikitzeko eta eraldatzeko gonbidapena da". Helburua gizarte inklusiboak sortzea da, gure eskubide guztiak bermatuta izan ditzagun".
Horretarako, "aurrez aurreko tailerrak antolatu ditugu, 17 bideo labur grabatu ditugu, GIH bakoitzeko bat, eta webgune bat sortu dugu kanpainaren edukiak zabaltzeko. Gainera, Gazte Parlamentuan ere parte hartu dugu. Hori guztia herrialdeen arteko elkartasun-loturak eraikitzeko eta, azken batean, 2030 Agenda gazteei hurbiltzeko".
Amaitzeko, Marta Alvarez (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu) parlamentariek positiboki baloratu dute Foru Erkidego osoan "ikasteko aukera unibertsalak sustatzeko" egindako lan eta ekimenen edukia.