Mozio bat ezetsi da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena I+G+b finantzatzeko deialdiak zentro teknologikoek oinarrizko ikerkuntza egitera bideratutakoekin osatu ditzan
Berrikuntzara bideratutako funtsak emateko sistema birplanteatzea eskatzen zuen Navarra Sumak, proiektuen eragina egungo erronka sozial handiekin lerrokatzeko
Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “enpresen I+G+b finantzatzera bideratutako deialdiez gain (bakarkakoak nahiz lankidetzazkoak) foru erkidegoko zentro teknologikoek oinarrizko ikerkuntza egitera bideratutako oinarrizko deialdiak egin ditzan”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “proiektu berezietarako deialdiak gaitu ditzan –orain dauden proiektu estrategikoetarako deialdiez gain–, inpaktu esanguratsua dutenak gure erkidegoko industria ehundurari jauzi teknologiko bat ematen dieten sektore eragileetan”.
Era berean, hirugarren atalean Foru Exekutiboa premiatzen zen “finantzaketa publikoa duten I+G+b-ko proiektuen kontrola eta jarraipena bultza ditzan, Nafarroako enpresek S3an ezarritako Komunitatearen helburu estrategikoekin duten konpromisoa indartzeko”. Puntu honek I-Eren babesa ere izan du, baina ez da nahikoa izan.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak deialdien sistema eta berrikuntzara bideratutako funtsak emateko metodoak birplanteatzearen alde egiten zuen, "sistema arinago eta eraginkorrago batetik abiatuta, I+G+b arloan ahalmena berreskuratzeko; izan ere, 2009an Nafarroa inbertsioaren buru izan zen (BPGren % 2,2), eta 2018an Euskadik eta Madrilek gainditu dute (BPGren % 1,68), nahiz eta oparoaldi eta hazkunde ekonomikoko urteak izan".
Ildo horretan, eta kontuan hartuta "berrikuntza eta zientzia funtsezkoak izango direla gaur egungo erronka sozial handiei aurre egiteko", "departamentuen arteko koordinazio hobea" eskatzen da, "I+G+b-rako finantzaketa publikoa duten proiektuen kontrola eta jarraipena optimizatzeko".
Hori guztia "lehiakortasuna sustatuz eta egungo sistema sozioekonomikoak eraldatzeko politikak ezartzen lagun dezaketen antolaketa-gaitasun berriak bultzatuz".
-
Mozioa (76. NPAO, 2021-06-08koa)