Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da salbuespenezko neurriak har ditzan Tafallako eta Zangoza-Pirinioak eremuko D ereduko Batxilergoko ikasleek kanpoan ikasi behar duten bitartean

Hurbiltasun-irizpidea ken dadila eskatzen da Arte Eszenikoen eta Arte Plastikoen Batxilergoan matrikulatzen diren Iruñerritik kanpoko ikasleak ez diskriminatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Navarra Sumaren abstentzioarein eta PSNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “Tafallako eta Zangoza-Pirinioak eremuko ikasleek D ereduko Batxilergoa beren eskualdeko sare publikoan ikasteko duten eskubidea gauzatzen ez den bitartean, ikasle horien salbuespenezko inguruabarrei eta irisgarritasun-beharrei erantzuteko beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak har ditzala. Ikasle horiek aparteko desplazamendu-ahalegina egin behar dute euskaraz ikasten jarraitzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio “hurbiltasun-irizpidea oinarri hartuta Iruñerritik kanpoko ikasleak ez diskriminatzeko, Arte Eszenikoen eta Arte Plastikoen Batxilergoko erreferentziako ikastetxeei dagokienez, Nafarroako ikasle guztientzat aukera-berdintasuna bermatuz”. Puntu honen alde bozkatu dute Navarra Sumak, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek, eta PSNk, berriz, aurkako botoa eman du.

 

Testu originalak beste bi atal zituen, baztertu egin direnak Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta lehenak proposatzen zuen Ganberak konpromisoa hartzea “Nafarroako ikasle guztiek D ereduko Batxilergoa beren eskualdean ikasteko duten eskubidearekin”, eta, ildo horretatik, Hezkuntza Departamentua premiatzen zuen “neurri egokiak har ditzan Tafallan eta Zangoza-Pirinioak eremuan D ereduko Batxilergoa bermatzeko, Hezkuntza Azpiegituren Plana egokituz eta 2022rako aurrekontuen hurrengo aurreproiektuan beharrezko inbertsioak aurreikusiz”.

 

Bestetik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zitzaion “Iturramako Institutuan bi gela ixteko erabakia zuzentzeko eta landa-eremu horietako ikasleentzat beharrezkoak diren plazak bermatzeko, hala nahi badute eta irisgarritasun-arrazoiak alegatzen badituzte”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak desadostasuna adierazten du 2021-22 ikasturterako onarpen-prozesuaren araudi berriarekin, zehazki D ereduko batxilergoko ikasketak egin nahi dituzten Tafalla, Zangoza edo Pirinioetako ikasleei dagokienez, ikasle horien eta Iruñeko eskualdeko gainerako ikasleen arteko “konparaziozko bidegabekeria” gertatzen dela uste baita.

 

Horri dagokionez, ikasle horien ahaleginaren eta egungo matrikulazio-jarraibideen arteko desoreka zuzentzeko, ekintza positiboko neurriak eskatzen dira, eta Tafalla eta Zangozako Batxilergoko ikasleen kasuan, Iturrama Institutuko bi ikasgelak manten daitezen eskatzen da, “ordutegia eta autobus-garraioak" bat egiten baitzuten.

 

Pirinioetako ikasleen kasuan, eskola-mapa berriak ikastetxe bakarra esleitzen die ikasleei, eta “atzerapauso horrek, hamar ikasturteren ondoren eta aldez aurretik abisatu gabe, talka egiten du Arartekoaren gomendioekin eta Nafarroako Parlamentuak 2013an erabakitakoarekin".

 

Bestalde, Arte Batxilergoari dagokionez, D ereduan Iturraman bakarrik eskaintzen dena (Nafarroa osoko ikastetxe bakarra), deitoratu egiten da, ikastetxearen helbidea ikaslearen helbide gisa agertzea eragoztea, (lehen hala egiten zen ikasle guztiek onarpen-prozesuan aukera berberak izan zitzaten). Aurreikuspen horrek, puntuazioari dagokionez, "matrikulazio-aukerak berdintzea ahalbidetzen zuen".

 

Gauza bera gertatzen da Barañaingo Alaitz Institutuan eskaintzen den D ereduko Arte Eszenikoen Batxilergoarekin. Aurreko kasuan bezala, eta "erreferentziazko bi ikastetxe bakarrak" diren aldetik, "ez du zentzurik hurbiltasun-irizpidea aplikatzeak”, izan ere, honela, “landa-eremuetako ikasleak beti egonen dira desabantailan nahi duten modalitatean eta ibilbidean ikasi ahal izateko”.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

Mozioa (76. NPAO, 2021-06-08koa