Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da 2109/2012 Ebazpena bertan behera utz dezan eta langileen ordezkariekin ordezko ebazpen bat negozia dezan

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat esku-hartze koordinatua, koherentea eta prestatua eskatu du Legebiltzarrak

Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “indargabetu dezan 2109/2012 Ebazpena, eta ordutegia arautzeko horren ordezko beste ebazpen bat negozia dezan langileen ordezkariekin, kontuan hartuko dituena ordutegia, eskola-egutegia, zeharkako arreta eta hezkuntza-laguntzako langile espezialisten prestakuntza”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “egiturazko postuak plantillako lanpostu huts bihur ditzan, eta berehala ipin daitezen lan publikoaren eskaintzan, behar adinako kopuruan, postu gehieneko kolektiboa funtzionario-lanpostuetan jartzeko eta aldi baterako lanaren tasak ez dezan % 8 gainditu”. Navarra Suma eta PSN abstenitu egin dira, gainerakoek aldeko botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Hezkuntza Departamentuko hezkuntza-laguntzako langile espezialisten ordutegia arautzen duen 2109/2012 Ebazpenak ekarri dituen ondorioak salatzen ditu, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten Talde Eragileak maiatzaren 18an lan-bilkurak egin zuen bezala.

 

Adierazten denez, kontratazio gehienak lanaldi partzialekoak dira, “nahiz eta kasu askotan eskola-ordu guztiak ematen diren lanean”, eta horrek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek jasotzen duten arretaren kalitatearen “izugarrizko beherakada” ekarri du.

 

Bestalde, Hezkuntza Laguntzako langile espezialisten ordutegitik desagertu egin dira haiek berezkoak dituzten zenbait eginkizun, esaterako, material-prestaketa, eta profesional ezberdinen arteko koordinaziorik ez dagoela salatzen da. Hori dela eta, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako esku-hartze “koordinatua, koherentea, prestatua eta beraiengan zentraturikoa” eskatzen da.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Javier García, Raquel Garbayo, Ángel Ansa, Pachi Pérez, Iñaki Iriarte (G.P. Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (G.P. PSN), María Solana, Ana Ansa (G.P. Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Txomin González (G.P. EH Bildu) y Marisa de Simón (G-Mixto I-E).

 

* Podemos-Ahal Dugu ez da batzordean izan.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (69. NPAO, 2021-05-25ekoa)