Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutua aldatzeko foru lege proiektu bat igor dezan

Europar Batasunak behin-behinekotasuna %8ra murrizteko egindako eskakizunari erantzuteko, EBko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat etorriz Auzitegi Gorenak eman duen doktrina berriaren babesean

Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita, “bere eskumenak erabiliz, hiru hilabeteko epean eta Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean negoziatu ondoren, foru lege proiektu bat aurkez dezan Parlamentuan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua —haren testua abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen— aldatuko duena”.

 

Honekin, zehazten denez, “arautu nahi da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura hiru urte baino gehiago daramaten aldi baterako lan- eta administrazio-araubideaz kontratatutako langileen egoera, eta horrela, Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentaraua­ren xedapenak eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia kontuan hartuta, administrazio publiko horietan behin-behinekota­suna hiru urteko epean % 8ra murriztuko da”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nafarroak Foru Komunitateko fun­tzionario publikoen estatutu-araubidearen arloan dauzkan eskumenak aipatzen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren aldaketa urgentea eskatzeko, Europar Batasunak eskatzen duenari jarraiki, "behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko”.

 

Testuinguru horretan, adierazten da Auzitegi Gorenak aho batez erabaki zuela bere doktrina propioaren aplikazioa zuzentzea, sektore publikoan lanpostu hutsak betetzeko bitarteko kontratuaren iraupenari dago­kionez.

 

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat etorriz Auzitegi Gorenaren Laugarren Salak eman duen doktrina berriaren arabera, “hiru urtetik gorako iraupena luze justifikaezintzat jo behar da, eta horrek berekin ekarriko du bitarteko langilea mugagabe ez-finko bihurtzea. Era berean, adierazi du epe horren zen­baketa ezin dela eten enplegu-eskaintza publikoak geldiarazteari buruzko aurrekontu-arauen ondo­rioz, bitarteko langileek betetzen dituzten lanpostu hutsak betetzeak ez dakarrelako aurrekontu-gehikuntzarik”.

 

Testuinguru horretan, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak martxoaren 19an emandako epaiaren norainokoa nabarmendu ondoren (aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilera zehazten duten parametroak zehazten dituena), proposamena egin duenak dio Nafarroako administrazio publikoetako lan-pre­karietatearen maila “ezin onartuzkoa” izan dela azken urteotan.