Eskubide Sozialetako Batzordeko eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko kideek Bibos 6.0 proiektua ezagutu dute Ollaranen
Programa pilotu bat da, balioan jarri nahi dituena basoen kanpo-efektuak nahiz gizakien ongizatearentzat dakartzaten onurak
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak eskatuta, Eskubide Sozialetako Batzordeko eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko kideek Bibos 6.0 proiektua ezagutu dute Ollaranen. Proiektuak xede du “baso-bainuen” metodologia ezartzea Nafarroan.
Honako batzordekide hauek parte hartu dute: Ángel Ansa (Navarra Suma), Javier Lecumberri (PSN), Isabel Aramburu (Geroa Bai) eta Arantxa Izurdiaga (EH Bildu).
Bisitan Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk eta Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Ataleko buru Ainhoa Trebolek ere parte hartu dute.
Parlamentuaren ordezkariei Gure Sustraiak baserri-eskolako zuzendari Raul Pilarrek, Foresnako Juan Miguel Villarroelek, Basartea enpresako Nati Gómezek eta Gregori Miaillierrek eta Nafarroako Unibertsitateko María Casasek egin diete harrera.
Bisitaren helburua izan da bertatik bertara ezagutzea Bibos 6.0 programa pilotua, “zeina balioan jartzen ari baita basoen kanpo-efektuak nahiz gizakien ongizatearentzat dakartzaten onurak”.
FORESNA-Nafarroako Oihan Elkarteak, Basartea enpresak, Gure Sustraiak gizarte-ekimeneko kooperatibak eta Nafarroako Unibertsitateak osatutako diziplina anitzeko lantalde bat ari da proiektua taxutzen, lortutako datuetan oinarrituta baso-bainuen eraginkortasuna eta aplikagarritasuna ebaluatzeko xedez, ondoren Nafarroako beste eremu batzuetan eta beste jasotzaile-talde batzuetan ere aplikatu ahal izanen den esperantzan.
Raul Pilarrek azaldu duenez, baso-bainuen eta basoterapiaren bidez “gure zentzumenak basoaren atmosferan murgiltzen ahal ditugu, erlaxatzeko eta osasunari nahiz ongizateari begira dauzkaten onurez gozatzeko”.
Proiektuan, hortaz, metodologia horrek izan litzakeen aplikazioak ikertzen dira, osasunaren –emozionalaren, psikikoaren, fisikoaren nahiz fisiologikoaren– prebentzio eta hobekuntzako beste proiektu batzuetan aplika daitekeen ikusteko.
Orain arte, Gure Sustraiak baserri-eskolak kudeatutako etxebizitza batean bizi eta desgaitasun intelektuala duten bi pertsona-taldetan ezarri da. Hirugarren talde bat osatzen dute, hain zuzen ere, baserri-eskolaren gizarte-proiektuetako hezitzaileen taldea.
Emaitzek erakusten dutenez, baso-bainuek “pertsonen osasuna eta gizarte-ongizatea hobetzen dute, gaixotasunak prebenitzen dituzte eta ohitura osasungarriak bultzatzen dituzte”; hori dela-eta, helburua litzateke metodologia hori beste lurralde eta jasotzaile-talde batzuetara ere hedatzea, Nafarroaren esku behar adina tresna jarriz baso-bainuak ezartzeko, foru erkidegoko baso-eremuetan jada egin eta gozatzen direnen osagarri.
Bisita bukatzeko, Parlamentuko eta Gobernuko kideek baso-bainu bat gozatu ahal izan dute, Gregori Miaillier gidaren eskutik; halatan, proiektua eurek berek ezagutu ahal izan dute.