Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Azaroak 22

Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformak Nafarroako Parlamentuaren Domina jasoko du abenduaren 1ean

Aitortza egin nahi zaie plataformaren ibilbide osoari eta hura osatzen duten talde eta entitate guztiei pertsona zaurgarrienekin egiten duten lanagatik eta erakundeekiko lankidetzagatik

Foru Legebiltzarrak gaur erabaki duenez, Nafarroako Parlamentuaren Domina Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformari emanen zaio, "gure Erkidegoko eta herrialde pobretuetako bizi-baldintzak hobetzen egindako lan desinteresatuagatik". 

 

Zehazki, Parlamentuak dio sari honekin aitortza egin nahi zaiela "plataformaren ibilbide osoari eta hura osatzen duten talde eta entitate guztiei pertsona zaurgarrienekin egiten duten lanagatik eta erakundeekiko lankidetzagatik".

 

Horrela zehazten da talde guztien eskariz gaur onartutako Adierazpen Instituzionalean, zeina abenduaren 1erako aurreikusita dagoen ekitaldian irakurriko den, 2021eko Nafarroaren Eguna dela-eta antolatutako programaren esparruan.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere aintzatespena eta esker ona adierazi nahi die Gizarte Entitateen Plataforman inplikatutako pertsona, entitate eta kolektibo guztiei, beren lan desinteresatua lagungarria izan baita Foru Komunitateko eta herrialde pobretuetako bizi baldintzak hobetzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Gizarte Entitateen Plataformak gure gizartean duen garrantzia.

 

3. Nafarroako Parlamentuak nabarmentzen du Gizarte Entitateen Plataformaren lankidetza Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) sinatzeko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du desberdinkeriarekin amaitzeko beharrezkoa dela gizarte politika publikoak lantzen jarraitzea.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gai sozialei buruzko zenbait solasaldi egiteko, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Itunari buruzko hausnarketarako lagungarriak izanen direnak.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren Domina Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformari ematearekin aitortza egin nahi zaie plataformaren ibilbide osoari eta hura osatzen duten talde eta entitate guztiei pertsona zaurgarrienekin egiten duten lanagatik eta erakundeekiko lankidetzagatik”.