Navarra Sumak Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa baztertu egin da
Abenduaren 13tik 17ra bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira, eta 23an Batzordearen irizpena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren ezezko botoekin.
Orain, lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu ondoren, zuzenketa partzialak aztertuko dira Ekonomia eta Ogasun Batzordean, abenduaren 13tik 17ra bitartean (zuzenketa partzialak aurkezteko epea gaur amaituko da, 14:00etan), eta batzorde horren irizpena abenduaren 23an Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua azaroaren 8an onartu zen izapidetzeko, eta hurrengo egunean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 5.273.126.597 eurokoa da.
Kontuetan jasotako 5.273.126.597 euro horietatik 4.767.034.210 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerako 506.092.387 euroak finantza-gastuetarako dira (zorra amortizatzeko eta interesak ordaintzeko).
Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 6,23 igo da 2021eko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.481,4 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 286 milioi euroko aldea dago, eta horietatik 162 Europako funtsetatik etorri dira.
Navarra Suma talde parlamentarioak bere osoko zuzenketaren justifikazioan adierazten du ez dagoela ados “arlo ekonomikoan zein fiskalean argi eta garbi irteera faltsua” egiten duten aurrekontuekin, “zerga esparru zamatsu batean” eta aurreikuspen “irrealetan” bermatzen direlako, “EBk eskatzen dituen egiturazko erreformei ekiteko ahalmenari dagokionez ere bai”, eta ez direlako egokiak azpiegitura handien, enplegu sorkuntzaren eta epe luzerako aurrekontu-orekaren arloetan, defizit organikoan nabari den gehikuntza dela eta.
Testuinguru horretan, Navarra Sumak azpimarratu egiten ditu pandemia osteko suspertze prozesuari lotutako zenbait faktorek bat egitearen ondoriozko “ziurgabetasunak” eta egungo deribatuak, hala nola “birusaren gorakada eta ekoizpen kostuen inflazioa”, eta ondoren kontuen proiektuaren “zuhurtzia falta” gaitzesten du. Aurretik, ordea, ohartarazten du “nola eta zertan gastatzen den” aztertu behar dela “gastu handiagoa aurrekontu onarekin” nahasteko tentazioan erori baino lehen.
Hala, hazkunde aurreikuspenak duela hilabete batzuk proiektatutako % 6,2ko tasa baino 1,6 puntu beherago daudela gogoratu ondoren, Navarra Sumak arlo nagusi batzuetan aurkitutako gabeziak aletzen ditu, zergen, gizarte gaien eta azpiegituren ingurukoak, besteak beste.
Lehenbizikoari dagokionez, Navarra Sumak proposatzen duenaren gisako erreforma fiskalik ez egitea gaitzesten da, horrek sorrarazten duen esparrua “etxeak eta enpresak zamatzen dituelako eta lehiakortasunik ez duelako”, ezta, ondorioz, “diru-sarrera publikoak lortzeko ahalmenik ere. Horrek esan nahi du enplegua gutxiago sustatzea, garapen ekonomiko eta sozialerako edozein estrategiaren giltzarri izan arren, eta gizarteratze errentaren eredu ezegokia, laguntzaren hartzaileen menpekotasun egoera kronifikatzen duena, eta kontsentsurik gabeko eredu berri bat toki entitateak finantzatzeko”.
Osasun arloan ere ez du baikorra izateko arrazoirik ikusten Navarra Sumak. “Oinarrizko osasun laguntzarako aurrekontua apenas igo den % 15, eta ez da aurrerapenik nabaritzen beste eredu eraginkorrago baterantz”, dio.
Azpiegitura handiei dagokienez, zehazki Abiadura Handiko Trenari eta Nafarroako Ubideari begira, Navarra Sumak “posizio lehiakorrari eusteko estrategikoak diren bi zutaberen inguruan” ikusten duen “axolagabekeria” hartzen du oinarri Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren proiektua itzul dadila eskatzeko. “Oraingo eta etorkizuneko inbertsio publikoak dira, eragin biderkatzaile nabarmena dutenak enpleguan, BPGan eta inbertsio pribatuan”.
Navarra Sumak, azkenik, Aurrekontu Orokorren ikuspegiari erreparatuta, “epe luzera begiratu ordez etekin politiko eta hauteskunde emaitzen bila ari direla” nabarmentzen du, “Gobernuko alderdien eskakizunekin bat etorriz, baita beste talde batzuenekin ere, EH Bildu tartean. Horrek ezinbestez eman beharreko botoek azkenean “zerga gehiago, garapen kaskarragoa, lanpostu gutxiagoren sorrera eta arlo sozialaren aldeko apustu ahulagoa” dakartzate.
PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek proiektuaren lehentasunak gogorarazi dituzte osoko zuzenketari aurka egiteko arrazoi gisa. “Proiektuaren funtsezko helburua oinarrizko zerbitzu publikoei eustea da, horrela, sektore publikoak gidaturik, suspertze ekonomiko eta sozial zuzena eta berdintasunezkoa lortzeko".
Foru Gobernua sostengatzen duten taldeek diotenez, Navarra Sumak egindako osoko zuzenketak “existitzen ez den Nafarroa beltz eta ilun baten irudia baino ez du ekarri nahi. Ez da sinesgarria dena gaizki dagoela adieraztea. 10 urte daramatzate bakardadean, eta ez dira gai izan, ez Gobernutik ez oposiziotik, Nafarroako gizarteari zuzendutako aurrekontu-proposamenak egiteko. Gastu gehiago eta zerga gutxiago planteatzen dituzte, diru-sarrerak sortzeko proposamen alternatiborik gabe. Ganberaren % 60k ezetz esan die. Osoko zuzenketa arduragabea da eraba”.
Ildo beretik, EH Bilduk Navarra Sumaren argudioak ezeztatu ditu, eta Kontu Orokorrei buruz, adierazi du, “guk aurkeztuko genituzkeenak ez badira ere, labur geratzen baitira, sentsibilitate soziala adierazten dute. Utzi diguten tartearen barruan, zerbitzu publikoak eta pertsonen eta kolektiboen eskubideak hobetu ditugu. Auzo soziala gure proiektu politikoaren parte da, eta hori ere subiranotasuna da. Gobernua bere zerga-posizio epeletatik mugitzea lortu ez badugu ere, - gai horretan bat etorri da I-E alderdiarekin, sozietateen gaineko zergaren erreforma sakona eskatu baitu- lehentasuna eman diogu Nafarroak aurrekontuak izateko duen beharrari. Navarra Suma ukapen espiral batean sartu da. Euste-diketzat aurkezten dira, baina ez dute ezer ikasi”.
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek, bere aldetik, Navarra Sumaren planteamendua gaitzetsi du, Nafarroako Gobernuak landu dituen aurreikuspenen “zuhurtasuna eta zorroztasuna” defendatuz; izan ere, 2022an BPGa % 5 haztea aurreikusten du. “Iraindu eta deskalifikatu besterik ez dute egiten, errealitatetik kanpo daude”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (127. NPAO, 2020- 11-09koa)
- Zuzenketa (133. NPAO, 2020-11-22koa)