Nafarroako Gobernuak apustu egin du jasangarritasunarekin lerrokatutako lehen sektorearen alde
Navarra Sumaren interpelazioari erantzunez, non eztabaidan jartzen baita Europako 'Baserritik mahaira' estrategia, esportazioen beherakada eta inportazioen gorakada ekarriko dituelakoan
Landa Garapeneko kontseilari Itziar Gómezek Parlamentuaren osteguneko osoko bilkuran baieztatu duenez, lehen sektoreak "gehiengo sozialaren alboan, biodibertsitate eta jasangarritasun politiken alboan" lan egin behar du "lurra, ura eta airea zaintzeko", elementu horiek "gako" baitira "ekoizpen eta kontsumo sistemak jokoan dauden honetan".
Gómezek horrela erantzun dio Navarra Sumak Europako Nekazaritza Politika Erkideaz (NPE) egindako interpelazioari. Bertan Miguel Bujandak baieztatu du "Baserritik mahaira" estrategiak eta antzekoek "arazoak munduko eremu ahulenetara aldatu" besterik ez dutela egiten, produktuak "garestitu" eginen baitira eta herrialde garatuek erosi ahalko baitituzte, besteak elikagairik gabe utzita; horrela "elikadura-subiranotasuna galduko da".
"Kontseilariak bidegabea denarekin lerrokatuta egoteari utzi behar dio", esan du Bujandak. Europako Parlamentuak estrategia horri buruz egindako txostena dela-eta Gómezen "obskurantismoa" gaitzetsi du, eta azpimarratu du kontseilaria ez dela "gu baino berdeagoa edo sozialagoa", zeren "berdeagoak izan gaitezke teknologiari esker, duela ehun urteko jardunbideetara itzuli beharrik gabe".
Bere txandan, aipatu estrategiaren alde mintzatu da kontseilaria, eta "guztiok ukitzen gaituen neutraltasun klimatikoaren gaian lehen sektoreak duen ezinbesteko rola" azpimarratu du. Sektore horrek "profesionalizatu beharra du, eta garrantzizko babes ekonomikoa behar du trantsizio berdearen prozesua egiteko jasangarritasunaren itzalpean".
NPEaren negoziazioan azken hiru urteetan egindako lanari buruz esan du Ministerioarekiko "desadostasun nabariak" azaldu direla, baina, bestalde, Nafarroaren proposamena onartu dela "familia ustiategi profesionalen" alde egiteko, hori funtsezko elementua izan dela eta sektorea aintzat hartuta landu dela.
Kontseilariak zehaztu du iritsiko den "txekea" dela sektorearentzat funtsezkoa, eta ondoren adierazi du ezin dela elikadura-subiranotasuna defendatu eta aldi berean "Baserritik mahaira" estrategia auzitan jarri.
Esan du bere departamentuak egin dituen beste lan batzuetan ere inplikatuek lagundu eta parte hartu izan dutela; esaterako, abeltzaintza estentsiboko ustiategietarako plan estrategikoan.
Eta berriz adierazi du Nafarroako Gobernuak apustu egin duela ekoizpen ekologikoaren alde, ezinbesteko tresna delako "Baserritik mahaira" estrategiaren helburuak betetzeko. Izan ere, % 25a ekologikoa izatea lortu nahi da 2030erako, hartara ekosistemak zaintzeko.
"Zein da zuen jarrera?", galdetu dio Navarra Sumari PSNren eledun Virginia Magdalenok. Esan du koalizio hori ez dagoela "ez Europarekin ez gizartearekin lerrokatuta", eta balioetsi du Ministerioak Nafarroaren proposamena onartu izana "ordainketa birbanatzaile baterako".
Zehaztu du "izan daitekeen NPE proposamen onena" lortu dela, nahiz eta horrek ekarri erkidego guztiek zerbaitetan amore ematea, eta Foru Gobernuak Europako funtsak erakartzeko eta jasangarritasuna sustatzeko bultzatutako proiektuen alde egin du.
Geroa Baiko Pablo Azconak esan du 2021.2017 NPEa zenbait alderdi hobetzeko "aukera galdua" dela, baina, hala ere, Nafarroako Gobernuak nekazaritzako sindikatu eta kooperatibekiko akordio batean oinarrituta lan egiten duela, eta horren bitartez, NPEa dela-eta Ministerioarekin dituen desadostasunak gorabehera, Nafarroako sektorearen mesedetan lortu dituela 2 eta 11 milioi bitarte, ekosistemen sarreragatik, eta ordainketa birbanatzailea.
EH Bilduren izenean, Adolfo Araizek eztabaidan jarri du funtsen banaketa zuzena ote den, mesede egiten baitie "aberatsei", eta NPE berriaren gizarte eta lan baldintzak egokiak ote diren. Haren ustez, NPEa irizpide klimatikoetara egokitzeko aukera galdu da, eta horregatik ez du biderik emanen Europako Itun Berdea betetzeko. Bestalde, belaunaldi-erreleboa ez sustatzea deitoratu du.
"Navarra Sumak elikadura-subiranotasunaz hitz egitea ere, merkataritza libreko akordioen sinatzaileetakoa izanda, sinestezina da", esan du Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznárezek; baina NPE berria ere kritikatu du, gizarte eta ingurumen arloetako eskakizunez "husten" joan delako harik eta "azal berde polita duen NPE barne-hutsa" bilakatu arte.
I-Eren iritziz, azaldu du Marisa de Simónek, NPEa gehiago hurbildu behar zitzaion nekazariari, "ez lurraren edukitzaile edo bereganatzaileei", horrela bizi baldintza osasungarriak sustatzeko eta gazteei sarrera errazteko. Hurbileko ekoizpenaren defentsan, berriz, bat egin du Gómezekin.