Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 17

Mozio bat baztertu da, Estatuko Gobernua premiatzen zuena sektore elektriko publikoa berreskuratuko duen prozesu baten planifikazioari ekin diezaion

Faktura elektrikoaren hazkundeari, enpleguaren prekarizazioari eta irabaziak gutxiengo baten eskuetan geratzeari erantzuteko asmoa zuen Izquierda-Ezkerrak baina ez du babesik jaso

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baitzen “sektore elektriko publikoa berreskuratuko duen prozesu baten planifikazioari ekin diezaion, gizartearen gehiengoaren eta herrialdearen mesedetan”.

 

Baztertutako mozioak beste hiru atal zituen, EH Bilduk aurkeztutako eta Izquierda-Ezkerrak onartutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehituak. Hiruak baztertu egin dira Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta gainerako taldeen aldekoarekin. Lehen atalean, Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen zuen “Europako Kontseiluan eta Europar Batasuneko erakunde guztietan susta dezan erkidegoaren aldaketa bat prezioak finkatzeko sistema marjinalistaren aldaketa, halako moduz non elektrizitate-sorkuntzarako sistema bakoitzak sorkuntzaren kostu errealen araberako konpentsazioa jaso dezan, horrela saihestuz herritarrek beren fakturetan elektrizitate guztia ekoizteko garestiena denaren prezioan ordaintzea”.

 

Bestetik, Estatuko Gobernua premiatzen zen “dagozkion lege aldaketen bidez ahalbidetu dezan elektrizitatea saltzeko enpresa publikoen sorkuntza erakunde-maila guztietan, bi helbururekin: etxeetako ongizate energetikoa bermatzea eta konpainia elektriko handiek merkatuan duten boterea murriztea”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “kanpaina instituzional eta mediatiko bat abian jar dezan bai herritarren artean bai enpresetan energiaren kontsumoa murrizteko neurriak ezagutarazi eta sustatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako mozioak sektore elektrikoaren kudeaketa kontrajartzen du eremu publiko eta pribatutik, “iraultza elektrikoaren” porrota egiaztatzeko; izan ere, PSOE PPk prezioak jaisteko eta lehiakortasuna handitzeko bultzatu duten “iraultzaren eraginez, faktura elektrikoa handitu egin da, eta irabaziak gutxiengo baten esku geratu dira”.

 

Argudiatzen denez, krisialdiaren hasieratik “ez ordaintzeagatiko argindar-etenen kopuruak urteko milioi eta erditik gora egiten du eta bost etxebizitzetatik batean beroa pasatzen dute udan eta hotza neguan”, eta horri “enpleguaren prekarizazio eta suntsipena eta atzerriarekiko mendekotasun energetikoa gehitu behar zaio”. Horregatik, “premiazkotzat” jotzen da sektore elektriko publikoa berreskuratzea.

 

Ekimena sustatu duenaren hitzetan, soilik horrek ahalbidetuko luke “energia merkeagoa, enplegu gehiago eta hobea, bizitzeko gutxieneko energia bermatzea, burujabetza energetikoa, gizarte osoarendako irabaziak”.