Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Apirilak 8

Peio Monteanoren hitzaldia Nafarroako Parlamentuan: ‘Amaiur 1522, erresuma defendatu zuten nafarrak’

Historialari nafarrak gotorlekuaren setioan eta konkistan gertatu bide zena berreraiki du Gaztelako kontabilitatetik oraintsu ateratako agirietan oinarrituta

Nafarroako Parlamentuan, gaur arratsaldean, Peio Monteano historialariak Amaiur 1522, erresuma defendatu zuten nafarrak hitzaldia egin du, adituen arabera “Nafarroako historiografiaren ikur nagusietakoa” den gotorleku “estrategiko” horren “astebeteko setioan eta konkistan gertatu bide zenaren berreraikuntza”.

 

Sarrerako hitzetan, Maiorga Ramirez Nafarroako Parlamentuko idazkari bigarrenak testuinguruan jarri du Nafarroako Erresumaren “konkistarekin” zuzenean lotutako gertakarien kontakizuna, “setio eta erresistentzia” pasarte bat, Peio Monteano Historiako doktore eta Soziologiako lizentziadunak “dokumentatuko diguna, Nafarroako eta Simancasko agiritegietan jasotako datu berrietan oinarrituta”.

 

Horiek horrela, eta “interpretazioetan sartu gabe”, Peio Monteanok gertaerak berrikusi ditu Gaztelako kontabilitatearen eta defendatzaileei konfiskatutako gutunen argitan. Nabarmendu duenez, “Amaiurko gazteluak balio estrategiko handia izan zuen konkistako gerran, eta oso gutiziatua zen gertaeren unean, 1522ko uztailean. Erdi Aroan bigarren mailako gotorlekua izana, denboraren buruan, legitimista nafarrek kontrolatutako azken lurraldea izan zen”.

 

Orain arte, Monteanok azaldu duenez, gertaeren kronikak bi idazki zituen oinarri: Karlos V.aren kronikagile Mártir de Angleriak Gasteizen zegoela idatzitako gutun bat, non Espainiako Karlos I.ari bidalitako “mezuen albisteak” jasotzen baitira –Alemaniako enperadorea ere bazen Karlos I.a, eta Europako erregerik ahaltsuena–, eta 12 urte geroago Remírez de Ávalosek idatzitako kontakizun “apainduagoa, frogatzen zailak diren osagaiak dituena”. “Ez genekien askoz gehiago” Amaiurko gazteluan 1522ko uztailean gertatutakoaz.

 

Orain berrikuntza ekarri dute “Gaztelako kontabilitatearen” azterketek. Kontabilitateak kanoi, artillero, mediku, janari, arropa eta abarren berri ematen du, eta Simancaskoaz gainera, haren zati handi bat dago Nafarroako Errege Agiritegi Nagusian. “Erregistro horien garrantzia objektibotasunean datza; ez dute inondik ere zerikusirik oroitidazkiek ohikoa duten justifikatu nahiarekin, eta ikuspuntu horretatik oroitidazkiak arriskutsuagoak dira, inpartzialtasun gutxiagokoak. Ustez neutralak diren agiri horien bidez hobeki berreraikitzen ahalko ditugu gertaerak, tartean direla Baztango gazteluaren errenditzea eta ondorengo eraispena ere”, esan du azkenik Monteanok.