Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Apirilak 11

Parlamentuko lehendakariak Kolonbiako Herrien Kongresuko ordezkariak hartu ditu

Unai Hualdek Ganberaren elkartasuna adierazi die Arauca eskualdean, petrolio erreserba handienetako bat dagoen tokian, bizi duten egoera humanitario zaila dela eta

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak bere bulego ofizialean harrera egin die gaur Sonia López Joel Sierra Giza Eskubideen Fundazioko presidenteari, Carlos Fernández Kolonbiarekiko Anaitasun eta Elkartasunaren Sareko arduradunari eta Alexandra Bermúdez Kolonbiako Herrien Kongresuko zuzendariari. 

 

Sonia Lópezek Kolonbiako Arauca departamentuan -Venezuelarekin mugan- bizi duten egoera azaldu dio lehendakariari bilkura horretan. Departamentu hori herrialdeko petrolio-erreserba handienetako bat da, eta “paramilitarrak, gerrillariak eta narkotrafikoko mafiek” talka egitean borroka armatua eragiten dute, “bertako herritarrak interes guztien jomuga eta helburu bihurtuz”.

 

“Estatuaren abandonuaren aurrean autokudeaketa-proposamenen egile diren gizarte- eta komunitate-erakundeak dira sakeoa eta petrolioa ustiatzeak eragiten duen gerra-dinamika ordaintzen dutenak. Tokiko liderrek lurra defendatzeko eta lurraldean geratzeko egiten duten esfortzuek talka egiten dute jendeari lurra kentzeko eta, ondoren, lekualdatzeko asmoarekin. Testuinguru horretan, liderren eta ekintzaileen aurkako mehatxuak, jazarpenak, hilketak eta atxiloketak dira nagusi. Bizitzak gutxi balio du”, Alexandra Bermúdezek eta Sonia Lópezek azaldu dutenez.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Sonia Lopez Fundazioko presidenteari eta berarekin etorri diren kideei eskerrak eman dizkie bisitagatik. Era berean, elkartasuna adierazi die eta balioetsi egin du Elkarbizitza eta Nazioarteko Elkartasunerako Batzordeko ordezkariekin partekatu duten testigantzaren garrantzia. Izan ere, bilkura baino lehen, haiekin bildu dira Kolonbiako Arauca eskualdea bizitzen ari den egoera humanitario zailaren inguruan hitz egiteko.

 

Kolonbiako Herrien Kongresuaren parte den Joel Sierra Giza Eskubideen Fundazioa Kolonbiako Ekialdean Giza Eskubideak defendatzeaz arduratzen den erakundea da. Batetik, krisi humanitarioari aurre egiteko antolaketa- eta autobabes-neurri komunitarioak hartzea sustatzen du, eta, bestetik, Estatuari eskatzen dio segurtasuna eta arreta bermatzeko betebeharra bere gain har dezala.