0-3 plataformaren aldarrikapenak babestu eta 0-3 zikloa hezkuntza izaerarekin "duintzearen" alde egiten zuen mozioa ezetsi da
Finantzaketa-sistema egoki eta egonkor bat eskatzen zen eskumena zehazten den bitartean, eskumen horren kudeaketa "oro har" udalen esku geratzen baita
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak babestu egiten baitzituen “0-3 Plataformaren erreibindikazioak eta 0-3 zikloa hezkuntza izaerarekin duintzearen alde egiten baitzuen, kalitatera, unibertsaltasunera, doakotasunera eta ziklo horren lan baldintzak hobetzera bideratutako hezkuntza-ziklo gisa”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean adierazten zuenez, Nafarroako Parlamentuak “bat egiten du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ekimenarekin eta premiatzen du lan-mahai bat sor dadin udalekin, Nafarroako Gobernuarekin, sindikatuekin, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten taldeekin eta 0-3 Plataformarekin, eta bertan parte hartzeko eta zikloa hobetzeko ekarpenak egiteko konpromisoa agertzen du”.
Era berean, Hezkuntza Departamentua premiatzen zen “moduluen kalkulua egiazko kostua aintzat hartuta doitu dezan udalek beren gain hartu beharreko zenbatekoa orekatzeko, bereziki haur-eskolen zuzeneko kudeaketa publikoa egiten dutenena, eta finantzaketa-sistema egokia eta egonkorra bermatzeko, eskumenaren erabateko argitzea zehazten den bitartean”.
Azkenik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zitzaion “garaiz eta forman bete ditzan hezkuntza-ziklo horri buruz sinatutako akordio guztiak”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek sustatutako mozioak 2016az geroztik emandako aurrerapauso garrantzitsuen berri ematen du, baina aitortzen du “bide luzea dagoela egiteko haur-eskolen doakotasuna, unibertsaltasuna eta duintasuna errazteko lan-baldintzei, ratioen beherapenari edo hizkuntza-modalitatearen hautaketari dagokienez”.
Horri dagokionez, “udal gehienek bere gain hartutako” kudeaketaren ezaugarriei eta lan-baldintzei erreparatzen zaie, izan ere, “gainerako hezkuntza-zikloekin alderatuta desberdinak baitira”, eta hori dela eta, premiazkotzat jotzen da “eskumen-banaketa argitzea, toki-erakundeen nahikotasuna ziurtatzeko. (Hezkuntza Departamentuarekin) hitzarmen bidezko finantzaketa ez da nahikoa, ez baitator bat zerbitzuaren benetako kostuarekin”.
Horregatik guztiagatik, eta “egungo sistemak zuzeneko kudeaketa publikoaren aldeko apustua egiten duten udalak bereziki zigortzen dituela” nabarmendu ondoren, besteak beste gainkostu guztiak beren gain hartu behar dituztelako (bajen estaldura, antzinatasuna, errefortzu gehienak), azpimarratzen da Hezkuntza Departamentuari dagokiola moduluak egokitzea eta finantzaketa handitzea.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (51. NPAO, 2022-04-26koa)