Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 17

Baztertu egin da 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa

Abenduaren 12tik 16ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira batzordean eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da abenduaren 22an

Parlamentuko osoko bilkurak baztertu egin du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin, 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa.

 

Behin lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertuta, abenduaren 12tik 16ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko batzordean (zuzenketak aurkezteko epea 22an amaituko da, 14:00ean) eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da abenduaren 22an.

 

2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua azaroaren 4an onartu zen izapidetzeko, eta hurrengo egunean argitaratu zen NAOn.

 

Aurrekontua 5.748.951.173 eurokoa da; kopuru horretatik 5.238.730.313 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 510.220.860 euro, finantza-gastuari (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa).

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 9,28 igo da 2022ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.767.034.210 eurokoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 471 milioiko aldea dago, horietatik 249 europar funtsei dagozkie.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak bere osoko zuzenketaren justifikazioan adierazten du ez dagoela ados “arlo ekonomikoan zein fiskalean argi eta garbi irteera faltsua” egiten duten aurrekontuekin, “zerga esparru zamatsu batean” eta aurreikuspen “irrealetan” bermatzen direlako, baita “jada martxan dauden egiturazko erreformei ekiteko gaitasunari” dagokionez ere, eta ez direlako egokiak azpiegitura handien, enplegu sorkuntzaren eta epe luzerako aurrekontu-orekaren arloetan,  eta atal hau gastuaren etengabeko igoera EBko zerga-arauen eskakizunekin kontrajartzen da, “eta uneren batean berriro indarrean jarriko dira”.

 

Testuinguru horretan, Navarra Sumak azpimarratu egiten ditu epizentroa Ukrainan duten tentsio geoestrategikoekin lotutako faktore batzuen konbergentziak eragindako “ziurgabetasunak” eta egungo deribatuak, eta ondoren kontuen proiektuaren “zuhurtzia falta” gaitzesten du eta ohartarazten du “nola eta zertan gastatzen den” aztertu behar dela, “gastu handiagoa aurrekontu onarekin” nahasteko tentazioan erori baino lehen, are gehiago Europako Banku Zentralaren prospekzioak kontuan hartzen badira; izan ere, testuinguru makroekonomikoa “gero eta konplexuagoa” da, “eurogunea atzeraldian sar daitekeela” barne.

 

Hala, hazkunde aurreikuspenak abuztuan proiektatutako tasa baino 1,4 puntu beherago daudela gogoratu ondoren, Navarra Sumak arlo nagusi batzuetan aurkitutako gabeziak aletzen ditu, zergen, gizarte gaien eta azpiegituren ingurukoak, besteak beste.

 

Lehenbizikoari dagokionez, Navarra Sumak proposatzen duenaren gisako erreforma fiskalik ez egitea gaitzesten da, horrek sorrarazten duen esparrua “etxeak eta enpresak zamatzen dituelako eta lehiakortasunik ez duelako”, ezta, ondorioz, “diru-sarrera publikoak lortzeko ahalmenik ere. Horrek esan nahi du enplegua gutxiago sustatzea, garapen ekonomiko eta sozialerako edozein estrategiaren giltzarri izan arren, eta gizarteratze errentaren eredu ezegokia, laguntzaren hartzaileen menpekotasun egoera kronifikatzen duena, eta kontsentsurik gabeko eredu berri bat toki entitateak finantzatzeko”.

 

Lehenengoari dagokionez, inflazioa desmuntatzeko erreforma fiskalik ez egitea gaitzesten da, prezioak egonkortzen saiatuz, etxeetan eta enpresetan duen eragina arintzeko, nahiz eta horrek “jarduera ekonomikoaren moteltzea” ekarri, munduko banku zentral nagusiek aldarrikatzen duten bezala, “interes-tasen etengabeko igoera oldarkorren bidez”.

 

Gizarte-arloan, pobrezia eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonen poltsa (95.000 gehiago) handitu dela nabarmentzen da, egungo gizarteratze-errentaren ereduaren bideragarritasuna gutxiesten da, “mendekotasuna kronifikatzen baitu”, eta lan-merkatua dinamizatzeko politikek “porrot egin” dutela adierazten da, Nafarroa “langabezia-tasa txikiena duen erkidegoa izatetik seigarren postura igaro baita”.

 

Horri guztiari gehitu behar zaio osasun publikoaren funtzionamenduaren ondoriozko “atsekabe orokorra”, “zerrenda eta itxaronaldi errekorrez josia” aurrekontu-baliabideak handitu diren arren, eta tokiko finantzaketa-ereduaren eraginkortasun falta, “71 udalerriri eta kontzeju guztiei diru-sarrerak galtzea dakarrelako, eta horrek biztanleria-despopulazioaren arazoa larriagotzea eragin dezakeelako”.

 

Azpiegitura handiei dagokienez, zehazki Abiadura Handiko Trenari eta Nafarroako Ubidearen bigarren faseari begira, “etorkizuneko ongizate handiagoa lortzeko bi inbertsio estrategiko” hauen inguruan sumatzen den “moteltzea” dela eta Navarra Sumak Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorren proiektua itzul dadila eskatzen du.

 

Navarra Sumak, amaitzeko, Aurrekontu Orokorren izaera “elektoralista” azpimarratzen du. “Aurrekontu horiek ez dute epe luzera begiratzen eta kudeaketa eraginkorra sakrifikatzen dute, Foru Gobernua sostengatzen duten alderdien eskakizunekin bat datozen etekin politikoen truke”.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak proiektuaren lehentasunak gogorarazi dituzte osoko zuzenketari aurka egiteko arrazoi gisa. “Proiektuaren helburu nagusia herritarrak babestea da, batez ere kolektibo ahulenak, baita produkzio-sarea ere. Lehentasuna gastu soziala da".

 

Foru Gobernua sostengatzen duten taldeek diotenez, Navarra Sumak egindako osoko zuzenketaren helburua existitzen ez den “Nafarroa irreal baten irudia helaraztea da. Navarra Sumak ez ditu bere betebeharrak bete, gehiago arduratu da beto bat antzezteaz Nafarroaren beharrei erantzuteaz baino, dena berekoikeria politikoagatik. Tranpak besterik ez dituzte proposatzen, Nafarroako gizartea zigortu nahi dute. Ez dute babesik eskaini, baina Nafarroak behar dituen aurrekontuak dira, hain ezohikoa den une honetan”.

 

Ildo beretik, EH Bilduk Navarra Sumaren argudioen aurka egin du, eta Kontu Orokorrei buruz, adierazi du, “guk aurkeztuko genituzkeenak ez badira ere, labur geratzen baitira, sentsibilitate soziala adierazten dute. Utzi diguten tartearen barruan, zerbitzu publikoak eta pertsonen eta kolektiboen eskubideak hobetu ditugu. Gobernua bere zerga-posizio epeletatik mugitzea lortu ez badugu ere, - gai horretan bat etorri da I-E alderdiarekin, sozietateen gaineko zergaren erreforma sakona eskatu baitu- lehentasuna eman diogu Nafarroak aurrekontuak izateko duen beharrari”.  

 

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Navarra Sumaren planteamenduaren aurka egin du, Nafarroako Gobernuak lanean jarraitzeko dituen aurreikuspenen “zuhurtzia eta zorroztasuna” defendatuz, 2023an BPGa % 1,4 haztea aurreikusten baitu.

 

“Aurrekontu hedakorrak aurkezten ditugu, hala behar duen komunitate bati egonkortasun ekonomiko eta soziala emateko Gobernu baten erantzukizunarekin bat datozenak. Ezkerrak ere badaki ekonomia arduraz kudeatzen, baina gure lehentasunak desberdinak dira”.