Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 1

Nafarroako Gobernua premiatzen da ‘Emakumeen genitalen ebaketa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokoloa’ gaurkotu dezan

Ekintza eta esku-hartzearen, elkarteen ekarpenen eta emakumeen genitalen ebaketari buruzko ikerlanen bidez emandako aurrerapausoetara egokitzeko

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “gehienez ere bi hilabeteko epean lantalde bat era dezan, protokolo horren eguneraketa egiteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “lantaldean eta berraztertu beharreko Protokoloan egon daitezen genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen babesarekin eta arretarekin lotutako jarduketa-esparruetako teknikariak, bai eta berraztertu beharreko Protokoloa prestatzean ere; talde parlamentario bakoitzeko ordezkari bat eta Nafarroan Emakumeen Genitalen Ebaketa pairatzen duten emakumeekin zuzenean esku hartzen duten gizarte-entitateetako ordezkariak”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gogorarazten du 2013an onetsi zela “Nafarroan emakumeen genitalen ebaketa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokoloa”, “beharrezkoa” baitzen praktika hori pairatzen zuten emakumeei “erantzun integrala ematea eta jorratzea emakumeen oinarrizko giza eskubideen urraketaren eta genero-indarkeriaren ikuspuntutik hura ezabatzeko, ez ikuspuntu juridikotik soilik, baizik eta ikuspuntu erreal eta eraginkor batetik”.

 

Ildo horretan, sustatzaileak ohartarazten du igaro diren hamar urteetan protokoloari ez zaiola inolako aldaketarik edo eguneraketarik egin, “nahiz eta gerora genero-indarkeriari buruzko legeak onetsi diren, eta gai horretan aurrerapausoak eman diren ekintza eta esku-hartzearen, elkarteen ekarpenen eta emakumeen genitalen ebaketari buruzko ikerlanen bidez”. Horregatik guztiagatik, protokoloa eguneratzeko deia egiten da.

 

Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Isabel Olave, Alberto Bonilla, Pedro González, José Suárez, Ángel Ansa, Marta Álvarez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Nuria Medina (PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).