Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Irailak 18

Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazi dizkio Libiako herriari

Ganberak "Alzheimerraren Nazioarteko Egunarekin" eta "Haur-minbiziarekin Sentsibilizatzeko Hilabetearekin" bat egiten du, eta lurralde- eta berdintasun-ikuskeraren inguruan dituen desberdintasunak azaleratu ditu

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatzearekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatzearekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du funtsezkoa dela ikerketa sozial, sanitario eta biomedikoaren aldeko apustua egitea, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko xedez.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat eginen du heldu den irailaren 21ean, osteguna, eguerdiko 12:00etan, AFAN elkartearen parte-hartzearekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak irailaren 21ean, osteguna, fatxada magenta kolorez argiztatzea erabaki du.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi baitizkio Libiako herriari, uholdeek eragindako hondamendi ikaragarriagatik. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkio Libiako herriari, uholdeek eragindako hondamendi ikaragarriagatik. Halaber, elkartasuna adierazten die gure erkidegoan bizi diren libiar guztiei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere doluminak eta nahigabe sakona helarazi nahi dizkie hildakoen familiei eta gertukoei, bai eta bere hurbiltasuna eta atsekabea ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak errespetua eta miresmena adierazten die erreskate eta salbamendu lanetan jardun duten pertsona eta erakunde guztiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Libiak Madrilen duen enbaxadari igorriko dio adierazpen instituzional hau.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Haur-minbiziarekin Sentsibilizatzeko Hilabetearen ospakizunarekin. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Haur-minbiziarekin Sentsibilizatzeko Hilabetearen ospakizunarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat eginen du heldu den irailaren 22an, ostirala, eguerdiko 11:00etan, ADANO elkartearen parte-hartzearekin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak irailaren 22an, ostirala, fatxada urre kolorez argiztatzea erabaki du.

 

Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamena, zeinaren bidez Espainia herritar askeen eta eskubide nahiz betebehar berberak dituztenen nazio bat dela aitortzen baitaNafarroako Alderdi Popularra talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPNk alde bozkatu du. PSNk aurka bozkatu du. Gainerakoek ez dute hitzik hartu.

 

Adierazpen instituzionalerako proposamen baztertuak honako hau zioen:

 

1. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Espainia herritar askeen eta eskubide nahiz betebehar berberak dituztenen nazio bat dela.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du berdintasuna hautsi edo Espainiaren zati bateko herritar edo lurraldeei pribilegioak aitortzen dizkien eta Espainiako Konstituzioak ezarritakoaren aurka doan proiektu oro.

 

3. Nafarroako Parlamentuak akordio nazional zabal bat proposatzen du, esku artean ditugun erronka nagusiei aurre eginen diena: erakundeen eraberritzea, gizarte ongizatea, gure ekonomiaren oinarriak, familien aldeko itun bat, uraren aldeko itun bat eta lurralde-itun bat.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatzen du finantzaketa autonomikorako eredu bat proposa dezan, berdintasun eta elkartasun printzipioak bermatuko dituena eta guztion arteko adostasunaren fruitu izanen dena. Alde bakarreko pribilegio oro arbuiatzen dugu, autonomia-erkidego guztien adostasunetik at.

 

5. Erabaki hauek helaraztea Gobernuko lehendakariari, lehen lehendakariordeari eta gai Ekonomikoetako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioari, bigarren lehendakariordeari eta Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioari, Lurralde Politikako Ministerioari eta Kongresuko eta Senatuko eledun parlamentarioei.