Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Azaroak 17

Estellerriko garapen sozioekonomikoa aztertzeko eta hobekuntza-proposamenak ezartzeko ponentzia eratu da

Javier Lecumberri buru izango duen ponentziak lurraldearen kalteberatasuna iraultzeko ekintzak proposatzea du helburu, udalen erdia “behartsu” gisa sailkatuta eta udalerri asko “despopulazio arrisku larrian” baitaude

Estellerriko garapen sozioekonomikoa aztertzeko eta hobekuntza-proposamenak ezartzeko ponentzia eratu da gaur.

 

Erregelamenduaren 64. artikuluaren arabera, Ponentzia agindu zaion lana bukatu arte arituko da lanean, eta lan hori amaituta eta txosten batean jasota egon beharko da ponentzia eratu eta sei hilabeteko epe luzagarrian. Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartuko dira. Javier Lecumberri hautatu dute lehendakari, UPNren abstentzioarekin.

 

Honako parlamentariek osatzen dure Ponentzia: Miguel Bujanda (titularra), Félix Zapatero (UPN), Javier Lecumberri (titularra), Ibai Crespo (PSN), Adolfo Araiz (titularra), Xebe Txoperena (EH Bildu), Blanca Regúlez (titularra), Pablo Azcona (Geroa Bai), Maribel García Malo (titularra), Irene Royo (PPN), Daniel López (titularra), Miguel Garrido (Contigo Zurekin), Emilio Jiménez (titularra) eta Maite Nosti (Vox).

 

Lehenengo bilera honen ondoren, abenduaren 15era arteko epea ematea erabaki du lantaldeak, behin betiko lan-plana taxutzeko proposamenak aurkezteko. Proposamen horiek urtarrilean egingo den hurrengo bilkuran aztertuko dira.

 

Ponentzia urriaren amaieran sortu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean, UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien abstentzioekin eta PSNren kontrako botoarekin.

 

Zioen azalpenean, UPNk proposatutako ponentziak aipatu egiten du Estellerriaren biztanleria-galera eta -zahartzea, agerian jartzeko “arlo soziosanitarioan politika espezifikoak eta premiazkoak” beharrezkoak direla, lurralde horren kalteberatasuna lehengoratzeko asmoz, udalen erdia “behartsu” gisa sailkatuta eta udalerri-kopuru esanguratsua “despopulazio arrisku larrian” baitaude.

 

Hori horrela, eta “estrategia” zehaztu bat ez dagoenez, Parlamentu osoari dei egiten zaio Nafarroako Gobernuarekin eta merindadeko gizarte- eta udal-ehunarekin elkarlanean lan egin dezan maila askotan hobekuntza-ekintzak planteatze aldera.

 

Zehazki, premiatu egiten da osasun-zentroen arazo “kronikoari” aurre egiteko, zeina “Lizarrako Ospitaleko hainbat espezialitatetan muturrekoa” baita, bai eta baliabideak jartzera ere gizarte teknologiko batek berezko dituen tresnak herritarrei hurbiltzeko, adina dela-eta oso urruti geratzen baitzaizkie.