Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Azaroak 20

Foruaren Hobekuntza gaurkotzeko Ponentziak erabaki du agerraldiak, oro har, hedabideentzako irekiak izanen direla

Parlamentuko lehendakari Unai Hualde buru duen lantaldeak urtarrilaren 12ra arteko epea ematea erabaki du behin betiko lan-plana taxutzeko proposamenak aurkezteko

Pasa den ostiralean eratu ostean, “13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa, eguneratzeko” Ponentziak erabaki du oro har, kideen gehiengoak hala erabakitzen duenean, agerraldietarako bilkurak hedabideentzako irekiak izanen direla eta ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz erretransmitituko direla.

 

Pertsona edo entitate pribatuen kasuan, onetsi diren arauei jarraikiz, galdetu beharko zaie ea onartzen duten agerraldia egitea, eta haien mintzaldia publikoa egitea ere.

 

Agerraldi-egileek ordu erdi izanen dute gehienez ere eskatu zaien gaiari buruzko informazioa azaltzeko. Jarraian, Ponentziako kideek galderak egin edo beren jarrera finkatu ahal dute 10 minutuz, eta bilkura agerraldi-egilearen erantzunarekin amaituko da (10 minutu). Parte-hartzaileren batek hala eskaturik, lehendakariak galdera edo oharretarako beste txanda bat ireki ahalko du; bost minutu izanen dira horiek egiteko.

 

Halaber, gaur goizean eginiko lehen bilkura horretan erabaki da urtarrilaren 12ra arteko epea ematea behin betiko lan-plana taxutzeko proposamenak aurkezteko.

 

Erregelamenduaren 64. artikuluaren arabera, Ponentzia agindu zaion lana bukatu arte arituko da lanean, eta lan hori amaituta eta txosten batean jasota egon beharko da ponentzia eratu eta sei hilabeteko epe luzagarrian. Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartuko dira.  

 

Ponentzia urriaren amaieran sortu zen Foru Araubideko Batzordean, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkakoekin.

 

Honako parlamentariek osatzen dure Ponentzia: Marta Álvarez (titularra), Juan Luis Sänchez de Muniáin (UPN), Ramón Alzórriz (titularra), Inma Jurío (PSN), Arantxa Izurdiaga (titularra), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona (titularra), María Solana (Geroa Bai), Javier García (titularra), Maribel García Malo (PPN), Miguel Garrido (titularra), Carlos Guzmán (Contigo Zurekin), Emilio Jiménez (titularra) eta Maite Nosti (Vox).

 

Orain arte, Foruaren Hobekuntza arautzen duen Lege Organikoa bi aldiz baino ez da aldatu, eta biak aldaketa puntualak izan dira. 2001ean, Gobernuko presidentea hautatzeko prozesu automatikoa ezabatu eta honi, era berean, Legebiltzarra aldez aurretik desegiteko ahalmena eman zitzaion. 2010ean, legegintzaldiaren iraupena lau urtera luzatzeko, aldez aurretik desegiten bada eta hauteskundeak deitzen badira.

 

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan edozein aldaketa egiteko, aldez aurretik Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko akordioa behar da, eta, ondoren, Nafarroako Parlamentuak eta Gorte Nagusiek berrestea.