Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Otsailak 26

Errusiak Ukrainan egindako inbasioak piztutako gatazkari behin betiko konponbidea bilatzeko deia berretsi du Nafarroako Parlamentuak

Unai Hualdek bide baketsu eta diplomatikoei eutsi die Nazio Batuen Gutunaren esparruan, eta Legebiltzarraren konpromisoa herritarren elkartasunaren ildotik jo du

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur eguerdian, Errusiak Ukraina inbaditu zueneko bigarren urteurrena dela-eta, "Nazio Batuen Gutunaren esparruan behin betiko konponbidea" bilatzeko deia egiteko, "bide baketsu eta diplomatikoak" baliatze aldera, ahaztu gabe "lekualdatutakoei emandako arreta eta gerraren aurka egoteagatik errepresaliatuak izaten ari diren errusiarrekiko elkartasuna".

 

Hala adierazi du Unai Hualdek, gerra testuinguru berean, Nafarroako Parlamentuak Ukrainari laguntza humanitarioa ematen laguntzen duen boluntariotzari aintzatespena egiteko ekitaldi bat antolatu eta urtebetera. Talde horri esker ona adierazi dio berriz ere Legebiltzarrak. “Nafarroa gizarte solidarioa, konprometitua eta babeslea da eta izan da; bereziki euren herrialdeetatik gerragatik, pobreziagatik edota beste arrazoi batzuengatik ihes egiten dutenekin”.

 

Gauzak horrela, eta Nafarroako Parlamentuak "Ukrainan, Palestinan edota munduko edozein lekutan giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa oro salatzeko" duen borondate irmoa nabarmendu ondoren, lehendakariak joan den astelehenean onetsitako adierazpen instituzionalari eutsi dio, "tropa errusiarrak Federazioaren lurraldera itzultzeko" eskatu ondoren, gatazka irrazional, bidegabe eta hurbil horrek segurtasun globalerako dakarren arriskuaz ohartarazteko. "Gerrei buruz hitz egitean, bakea beti dator berandu. Eskerrik asko Miriya eta Alas de Ucrania elkarteei zuen lanagatik”.

 

Jarraian, Andriy Rudkovskyy Miriya elkarteko bozeramaileak eskerrak eman dizkio Nafarroako gizarteari emandako babesagatik eta Ukrainaren aldeko boluntarioei, ukrainarrei laguntzeko egindako lanagatik. "Nafarroako Parlamentuak eman didan bozgorailua baliatu nahi dut enpresei, merkataritza guneei, farmazia enpresei eta antzeko instantziei dei egiteko, boluntarioen elkarteek Ukrainara helaraziko dituzten produktuen bilketa handi bat antolatzeko", adierazi du.

 

Ekitaldian Ukrainako zenbait haur izan dira eta hau nabarmendu du Rudkovskyyk: "hasieran modu oso prekarioan ezarri ziren familia hauek, kultura eta hizkuntza ezagutzen ez zituztenak, erabat integratuta daude: lagunak dituzte eta haurrak pozik daude ikasten".

 

Hizketaldia bukatu du Nafarroari eskerrak emanez, bakearen eta konpromisoaren lurralde gisa.

 

Ekitaldia legebiltzarreko egoitzaren atalondoan izan da eta honako hauek bertaratu dira: lehenengo lehendakariorde Ainhoa Unzu, bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, Leticia San Martín (UPN), Arantza Biurrun (PSN) Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Ekitaldiaren aurretik, minutuko isilunea egin dute ostegunean Valentziako Campanar auzoko eraikin batean piztutako sutearen biktimen omenez.