Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Martxoak 7

Baztertu egin da datorren ikasturtetik aurrera aurreikusiten den 0-3 urteko zikloaren doakotasuna sare pribatura hedatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea

Ganberak ez du onartu UPNren proposamena, eskola-bonua barne hartzen zuena, "desberdintasunak areagotuko lituzkeen eskaintza elitista eta diskriminatzailea" ekarriko lukeela iritzita

Parlamentuaren osoko bilkurak atzera bota du gaur 0-3 urte bitarteko zikloaren unibertsaltasuna eta doakotasuna bermatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin.

 

UPN talde parlamentarioak sustatu duen Lege proposamenaren helburua sare publikoan 2024-25 ikasturterako aurreikusitako 0-3 urteko zikloaren doakotasuna sare pribatura hedatzea zen,  "plazen eskaintza desberdin eta urria" dela eta, unibertsaltasunaren asmoa ezinezkoa dela iritzita. Hori guztia ikastetxea askatasunez aukeratzeko errespetuari kalterik egin gabe, eskubide hori "kalitatezko hezkuntza-inguruneak" sortzearekin lotzen baita, besteak beste, "desberdintasun pertsonalak, kulturalak eta sozialak orekatzeko".

 

Gauzak horrela, eta 0-3 urteko zikloan haur-hezkuntzarako eskubide unibertsala gauzatzeko, ikastetxe pribatuetan eskolatze-gastuak ordaintzeko haur-bonu bat sortzearen alde egiten zen, sare publikoko eskoletako kostua muga bezala jarriz. Horiek jasotzeko baldintzak, zehazten zenaren arabera, sei hilabeteko epean garatu beharko lirateke erregelamendu bidez.

 

Testuinguru horretan, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartuko luke urtero deialdiak egiteko, horretarako ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten ikastetxe pribatuak erregularizatu ahal izateko.

 

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin koalizioak bere egin dituzte Nafarroako Gobernuaren "desadostasuna" justifikatzen duten irizpideak, eta ez dute proposamena onartu, "eskaintza publiko nahikoa eta eskuragarria osatzeko bidean aurrera egin beharrean, eskaintza elitista eta diskriminatzailea egiteko bidea emango lukeelako, ezberdintasunak sendotuz".

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Foru lege proiektua (9. NPAO, 2024-01-24koa)