Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Martxoak 13

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Zangozako San Salbatore eliza bisitatu du

Kultur ondarea berreskuratu eta balioan jartzeko hezkuntza-proiektua ezagutzeko asmoz, Sierra de Leyre BHIko 4. DBHko ikasleen eskutik

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Zangozako San Salbatore eliza bisitatu du gaur, XIII. mendearen bukaeran estilo gotikoan eraikia eta 2001. urteaz geroztik elizkizunei itxia.

 

Bertaraturiko batzordekideak izan dira Javier Trigo (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Zangozako alkate Javier Solozabalek, erretore Alejandro Zuzak, Sierra de Leyre BHIko irakasle Cristina Gilek eta institutuko 4. DBHko zenbait ikaslek.

 

Bisita Zangozako Kultur Etxean hasi da, non "Kultur Ondarearen Kudeaketa" irakasgaiko ikasleek ezagutarazi egin baitute lantzen ari diren hezkuntza-proiektua, zeina baita "hondatzen ari den monumentu bat, San Salbatore eliza, berreskuratzea, eta horrela balioan jartzea Zangozako kultur ondarea".

 

Koru-aldean egitura-arazo bat egoteagatik 2001az geroztik elizkizunei itxia, "eraikinak nozitu egin ditu abandonaturik eman dituen urteak", ikasleek esplikatu dutenez, eta "gaur egun pitzadurak agertzen ditu kanpoaldean eta portadan; zurezko zola pipiek jana dago; paretek gune azalgabetuak eta hezetasunak agertzen dituzte; erretaula baliotsuek ez dute zaintzarik; bankuak hautsez beteta daude; eta lurrean harri-morroiloak ageri dira".

 

Zangozako San Salbatore eliza gotikoa Kultur Intereseko Ondasun dugu, "Nafarroa osoko horma-irudi gotikoen multzo handiena" da-eta. Bertako pareten artean altxor bat gorderik dago, leheneratua izateko eta bere edertasun osoa erakusteko zain dagoena. Pareta horiek, XVIII. mendearen amaiera-aldean aplikatu zitzaien karearen zuriaz estalirik, egun inork ezin deskribatuzko aberastasun bat ezkutatzen dute, eta 1998an egindako zenbait laginketak frogatu dute haiek guztiak irudi desberdinekin margotuta zeudela".

 

Bertako portadak Azken Judizioa irudikatzen du, erdialdean Kristo dagoela, bere zauriak erakusten, aingeruen, Ama Birjinaren eta San Joan Bataiatzailearen artean; arkiboltetan, tronpetadun aingeruak; eta ateburuan irudikaturik ageri dira hilen piztuera, epaituak izateko zain dauden gizon batzuk, bai eta infernura kondenatuak izan diren batzuk, eltze baten barrenean, deabruaren ahutzetan.

 

Barnealdeak nabe bakarreko oinplanoa eta burualde poligonala ditu, eta XVII. mendeko erretaula erromanista batez hornituta dago, herriko lantegian ziharduten Juan de Berroeta, Juan de Ali eta Juan de Echenagusia maisuena, harrizkoa den XIV. mendeko aldare eder batean bermatua. Koruan, isolatuta, XVI. mendeko organoaren kutxa ikusten da.

 

Hala ikasleek nola Cristina Gilek nabarmendu dute kultur ondarea mantentzearen garrantzia, "udalerriaren ezaugarrietako bat baita; eta, galtzen badugu, historia eta identitatea galtzen ditugu", diote. Gai honen ildotik, azpimarratu dute Zangozak balio handiko monumentu-multzoa daukala, eta hori arrazoi nahikoa da "herritarrei beren herrian bizi daitezen dei egiteko eta despopulazioa gerarazteko".

 

Ikuspegi horretatik, ikasleek elizarentzat "aukerako erabilera berriak" proposatzen dituzte, hala nola museo bihurtzea, edo interpretazio-zentro, edo herriarentzako kulturgune eta bilgune.

 

Eginiko lanagatik ikasleak zoriondu eta azalpenengatik eskerrak eman ondoren, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin-eko parlamentariek elizaren barrenaldea bisitatu dute, hondamen-egoera egiaztatzeko.