Parlamentuko lehendakaria Argentinak frankismoaren aurka izandako kereilan agertutako abokatu Verónica Herediarekin bildu da; kereilak barne hartzen ditu San Ferminetako 78ko gertakariak
Unai Hualdek onartu du oraindik bide judizial asko dagoela ibiltzeke tankera horretako kasuetan justizia eta egia lortzeko
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Verónica Herediari, Legebiltzarraren egoitzan. Argentinako Nazioaren Gorte Gorenaren jarduneko abokatua eta Giza Eskubideak Babesteko Sistema Interamerikarraren eta Unibertsalaren aurrean biktimen defendatzailea da, eta curriculum zabala du memoriaren eta erreparazioaren arloan. Asociación Sanfermines-78 Gogoan elkarteko Ramón Contreras eta Xabier Barber ere bertan izan dira.
Nazioarteko jurisdikzioaren printzipioari jarraikiz, 2010ean auzi bat hasi zen Argentinako zigor arloko auzitegi batean, 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era bitarte Francoren diktaduran Espainian egin ziren genozidio-krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik.
Gaur izandako bileran, Verónica Herediak azaldu duenez, xedea izan da Nafarroako Parlamentuko lehendakariari jakinaraztea zeintzuk izan diren prozesu judizialean egindako azken jarduketak; azken asteotan, hain zuzen, kausa irekita mantentzeko testigantzak biltzearen inguruan egin da lan. Xede nagusia da, alegia, “Espainiak epaitu eta kondenatu ditzala Frankismoaren errepresioaren erantzuleak”, eta “gezurta dadila Barneko ministro ohia den Rodolfo Martín Villa eta beste hamabost politikari zigortzekofroga nahikorik ezin izan dela bildu”.
Unai Hualdek, bestalde, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eginkizunean erakundeen esparruan emandako aurrerapausoen balioa azpimarratu du; izan ere, biktimak, kasu honetan ere bai, ahanztura instituzionalean izan dira hamarkadetan zehar. Gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak azken legegintzaldietan babesa eman duela 78ko San Ferminetako gertakarien inguruan sustatutako ekintza judizialetarako, bai eta kasu horren baitako dokumentuak desklasifikatzeko eskaeraren inguruan ere.
Asmo hori indartzeko, 2019ko urrian, Asociación Sanfermines 78-Gogoan elkarteak eta beste biktima batzuek sustatutako kasuan Legebiltzarrak berariazko babesa emateko ebazpenaren kopia bidali zion Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Servini epaileari; hizpide den kereilak garai hartako Barneko ministro Rodolfo Martín Villari egozten dizkio gertakariok.