Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Apirilak 12

Parlamentuak "Palestina askea" inauguratu du, Gazako gizarte zibilari babesa emateko erakusketa kolektiboa

Maiatzaren 9ra arte atalondoan egongo den erakusketaren helburua Israelgo armadak Gazan egindako "sarraskiaren" aurrean "elkartasun eta salaketa" mezua helaraztea da

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Palestina libre / Palestina askea erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Palestinako Herriaren Aldeko Artisten Taldeak bultzatutako argazki eta eskulturen bilduma da, eta Gazako gizarte zibilari babesa helaraztea du helburu.

 

Irekiera hitzaldian, Unai Hualdek gordin deskribatu ditu “nazioarteko zuzenbide humanitarioa zigorgabetasun osoz urratzen ari den Estatuaren alde bakarreko basakeriak" eragindako gatazkaren nondik norakoak. “Duela sei hilabetetik basakeria ikaragarria bizi dugu. Hitzak motz geratzen dira. Israelen inbasioaren eta palestinarren aurkako eraso basatiaren aurrean denok jarrera bera hartu beharko genuke. Gerra krimenak egiten ari dira. Onartezina da".

 

Testuinguru horretan, eta Foru Legegileak Israeli berehalako su-etenaren eskakizunarekin, orain NBEko Segurtasun Kontseiluak partekatzen duen eskakizunarekin bat egiten duela nabarmendu ondoren, Lehendakariak hitzaren eta elkarrizketaren boterea aldarrikatu du, eta pozik agertu da Nafarroako gehiengo sozialaren erantzunagatik. Izan ere, gehiengo horren konpromisoak berriro erakusten digu gizartea eta mundua erakundeen aurretik doazela... gehiegitan. Giza eskubideekin konpromiso handia duen Parlamentua da hau. Basakeriaren eta gerraren aurrean, elkartasuna eta salaketa ezinbestekoak dira", berretsi du.

 

Amaitzeko, Unai Hualdek "eskerrak" eman dizkie ekimen honen inguruan bildutako artistei, artearen bidez "Israelen jardunak eragiten duen haserrea, izugarrikeria eta ezintasuna bideratzeko. Basakeria, giza eskubideen urraketa basatiak ez daitezela axolagabe izan. Herritarrak erakusketa hau bisitatzera gonbidatzen ditugu. Bakea eta askatasuna aldarrikatzeko aukera ezin hobea da, artea salaketatzat hartuta. Garrantzitsua da tragedia hau agerian mantentzea. Eskerrik asko".

 

Jarraian, María José Recaldek, Palestinako Herriaren Aldeko Artisten Taldeko ordezkariak, "indarkeria, krudelkeria eta herritar palestinarrenganako laguntza" aipatu ditu, "azken hilabeteotan Israelgo armadak gupidarik gabe sarraskitu baitu. Bonbekin hiltzen dituzte eta gosez hiltzen dituzte. Denboran hain hedatuta dagoen gatazka baten aurrean gaude, gure bizitza ia guztiak hartzen dituena".

 

Horren harira, Recaldek gogorarazi duenez, "Israelek era guztietako erasoak jasan egin dizkio Palestinako herriari. Beti indarra baliatuz, beren lurraldea, etxeak, soroak, ura, askatasuna lapurtu dituzte. Armak ematen dizkioten Europaren eta Estatu Batuen konplizitatearekin eta babesarekin, giza eskubide oinarrizkoenak kendu dizkiete milioika pertsonari, apartheid, kanporatze eta genozidio plan batekin. Ikusten dugu, ez gaituzte engainatzen. Palestina gure bizitzaren parte da, eta gure bizitza artea da. Gaur aurkezten dugun lan artistiko honekin gure babesa adierazi nahi dugu, salatu eta ahotsa altxatu. 26 artista elkartu gara, baina ehunka izan gintezkeen", esan du Recaldek.

 

Iruñeko Pedro Osés margolari eta historialariak, "Nafarroatik eta inguruko beste lurralde batzuetatik arma-industriarekin egiten den lankidetzan jarri du arreta, zeharkakoa bada ere. Hemen ere ez gara guztiz inuzenteak”, esan du.

 

Inaugurazioa amaitzeko, ibilbide gidatua egin du María José Recaldek berak, erakusketako komisarioa izan baita.

 

Palestina askea erakusketa artista desberdinen 26 lanek osatzen dute (litografiak, serigrafiak, oleoak eta eskulturak batez ere).

 

Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, maiatzaren 9ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko arras desberdinei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, Cristina López (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoRelación de obras y artistas