Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 30

Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen aldaketa

Osoko Bilkurak onetsi du. 2024ko maiatzaren 30ean

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur. Aldeko botoa eman dute UPN eta EH Bilduk, PPNk abstentzioa eta PSN, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta Voxek, berriz, kontrako botoa eman dute.

 

EH Bildu taldeak sustatu du Foru Legea, eta xede du Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko lanpostuen balorazioaren azterlana derrigor egin dadila erabakitzea, berorren “eskumen eta ezaugarri berezi eta espezifikoak” kontuan hartuta aukera emateko “ahalik efizienteena den kudeaketa eredua arautzeko”.

 

Adierazi denez, azterlan hori 2024ko bigarren seihilekoan hasi behar da “jadanik bidean den erregelamendua negoziatu bitartean”, eta lagundu beharko luke lanpostu bakoitzaren laneko baldintzak, zereginak eta erantzukizun indibidualak zehazten.

 

Azterlanaren prestaketan Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Langileen Batzordeko ordezkaritza batek parte hartuko du, lanpostu bakoitzaren balorazio-sistema, irizpideak eta faktoreak zehazteko eta emaitza baliozkotzeko.

 

9 hilabeteren buruan amaitu beharreko azterlan horren ondorioetatik erator litezkeen lan- edo ordainsari-baldintzen balizko hobekuntzak langileen batzordearekin negoziatuko lirateke, eta, zehaztuz gero, bidezko diren arau-aldaketak erantsiko lirateke.

 

Artikulu bakarra ordezkatzeko zuzenketa bat aurkeztu du UPNk, baina EH Bilduren abstentzioarekin eta PSN, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxen kontrako botoarekin baztertu egin da. Onartutako zuzenketaren antzeko testua proposatzen zuen, baina azterlanean jasotako hobekuntzak 2025eko urtarrilaren 1etik aplika zitezen eskatzen zuen, “Erregelamenduaren onarpen data edozein izanda ere”.

 

Gaur gauzatutako arauaren eguneraketak UPNk eztabaidan zehar planteatutako gehitzeko zuzenketan du jatorria. Izan ere, koefiziente murriztailea (erretiro aurreratuaren ondorioetarako) gidari laguntzaileari eta suhiltzaile-peoi laguntzaileari aplikatzearen inguruan sortutako interpretazio arazoak konpontzeko, hilaren 2an 8/2005 Foru Legea aldatu zen.

 

Ez zuen arrakastarik izan une hartan “autonomia erkidego mugakideetako eta Madril nahiz Kataluniako autonomia erkidegoetako hiri nagusietako prebentzio-, suhiltzaile- eta salbamendu-zerbitzuei lotuta” proposatu zen azterketa konparatua. PPN eta Vox baino ez ziren agertu UPNren ekimenaren alde.

 

“Mahai Sektorialean irekitako negoziatzeko markoan zehaztasuna emateko” sortutako Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuko lanpostuen balorazioa egiteko azterlana ezartzea jasotzen duen seigarren xedapen gehigarriak honako hau dakar:

 

1.-Administrazioaren eta ordezkaritza sindikalaren artean ezarritako negoziazio-esparruaren barrenean, eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren funtzionamendua eta barne-antolamendua arautuko dituen erregelamenduaren onespen-prozesuaren aldi berean, Barne Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu horretako lanpostuen baloraziorako azterlan bat eginen du bederatzi hilabeteko epean. Azterlan horrek lanpostu desberdinetako prestazio eta lan-baldintzen analisi bat jasoko du, aintzat harturik Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren eskumen eta ezaugarri bereziak. Azterlanari 2024ko bigarren seihilekoan ekin beharko zaio.

 

2.-Azterlanaren prestaketan Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Langileen Batzordeko ordezkaritza batek parte hartuko du, lanpostu bakoitzaren balorazio-sistema, irizpideak eta faktoreak zehazteko eta emaitza baliozkotzeko.

 

3.-Azterlana egin ondoren, aipatu Langile-batzordearekin negoziatuko da lan- edo ordainsari-baldintzen balizko hobekuntzen ezarpena, eta, hala badagokio, kasuko arau-aldaketak egin beharko dira Azterlana eta haren emaitzak ezarri ahal izateko."

 

Irakurraldi bakarrean izapidetuta, Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzeko Foru Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

 

  •