Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Azaroak 20

Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko azaroaren 20an

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak onetsi egin du gaur maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea, Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzkoa, aldatzeko Foru-legea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aldeko botoa eman dute eta UPNk, PPNk eta Talde Mistoak, berriz, aurkakoa (atxiki gabeko parlamentaria ez da bilkuran egon). 

 

PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sustatutako Foru-legearen helburua da hura erabat eta eraginkortasunez baliatzea zailtzen duten alderdi tekniko desegokiak zuzentzea, batez ere etxebizitza babestuak esleitzeko prozeduren izapidetzeekin lotutakoak.

 

Hori horrela, errazagoa izan dadin hura behar bezala aplikatzea esleipen-sistema berriari berme administratibo eta informatiko osoak emanez, zenbait zehaztapen sartu dira, elkarlaneko etxebizitzei ere eragiten dietenak. Edonola ere, horien behin betiko erregulazioa ezarriko duen araudi espezifikoa onesteko dago oraindik.

 

Era berean, aldaketaren bat egin da amiantoa duten elementuak kentzeko laguntza gehigarriaren zenbatekoan: etxebizitza bakoitzeko 1.000 eurokoa izaten jarraituko du, baina birgaitzen den eraikin bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko muga 12.000 eurotik 18.000 eurora igoko da.

 

Errentamendu-araubideko etxebizitza babestuen berariazko eskakizunei dagokienez, onuradunek egiaztatu beharko dute familia diru-sarrera haztatuak tarte honetan daudela: 5.000 euro eta ERREGEROSNA-Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren Adierazlea halako 2,5 bitarteko tartean. Jabetza-araubidean eta erabilera-lagapenekoan, 19.000 euroan finkatzen dira gutxieneko diru-sarrerak.

 

Babes ofizialeko etxebizitzen erreserbei dagokienez, udalaren titulartasuneko lurzoruetan sustatutakoak direnetan, edo sozietate publiko batek sustatu dituenetan lehenago udalaren titulartasunekoak izan eta helburu honekin eskualdatuak izan diren lurzoruetan, xedatzen da udalak zilegi izanen duela udalerrian erroldatutako pertsonentzat erreserbatutako higiezinen kopurua ezartzea.

 

Kategoria bereziko familia ugarientzako (5 seme-alaba edo gehiago) % 2ko erreserbari dagokionez, xedatzen da eskatzaileek ezin izanen dutela parte hartu 26. artikuluaren c apartatuan (familia ugariak) adierazitako erreserbaren barruan dauden etxebizitzak esleitzeko hautaketa-prozesuan, "bateraezinak" direlako. Aurreikuspen hori bera aplikatzen da alokairu babestuan.

 

Errenta-tarteei dagokienez, jabetza-araubideko eta azalera-eskubideko etxebizitza babestuen erreserbak (besteren finkan egindako eraikuntzen edo eraikinen aldi baterako jabetza mantentzen da), BOEen % 70ekoak izanen dira, eta prezio tasatukoen % 80koak, familia diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA indizea halako 2,5 baino handiagoak dituzten eskatzaileentzat.

 

Jabetza osoko edo azalera-eskubideko jabetzako araubideko etxebizitza babestuen esleipenerako ezarritako baremoari dagokionez (7 puntu eskatzaile bakoitzeko eta eskaera sinatzen duen familia-unitateko kide bakoitzeko), ebazten da familia-unitateko kidetzat hartuko direla eskatzailearen ondorengoak, baldin eta haiekiko guraso-ahala badu, partekatua izan arren, eta haiek adingabeak izan (orain bezala) ala ez.

 

Erreserba berezietan sartutako etxebizitzen errentamenduko eta errentamendu ordainerrazeko kasuetan (% 5 gizarteratzerako, % 6 desgaitasuna duten pertsonentzat), 28. artikuluan ezarritako baremoa hartuko da kontuan, bigarren apartatuan aurreikusitakoa izan ezik. Hori horrela, ez da beharrezkoa izanen azken bost urteetan (3 puntu urteko, 15 puntura arte gehienez) aurrezki-kontu, kontu korronte, gordailu edo antzeko finantza-produktu baten titular izan izatea, ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31n 10.000 euroko edo gehiagoko saldoa izan duen batena.

 

Etxebizitza babestuen esleipendunak hautatzeko sistemari buruzko aurreikuspen berriak (eskakizunak, baremoak, erreserbak, errenta-tarteak eta eskatzaile-errolda) 2026ko irailaren 1etik aurrera hasten diren prozeduretan aplikatuko dira, espedientearen behin-behineko kalifikazioa edozein datatan lortzen dela ere.

 

Alabaina, erabaki horretatik salbuetsita gelditzen dira kategoria bereziko familia ugarientzako % 2ko erreserbak, zeinak soilik eskatuko baitira behin-behineko kalifikazioa 2026ko irailaren 1etik aurrera eskatzen duten proiektuetan.

 

Salbuetsita geratzen dira, halaber, behin-behineko kalifikazioa 2026ko irailaren 1a baino lehen lortu duten alokairuko etxebizitzen prozedurak, baldin eta udalerrian erroldatutakoentzako erreserba-ehunekoa legez ezarritakoa baino handiagoa bada. Kasu horretan, behin-behineko kalifikazioan ageri diren ehunekoen arabera esleituko dira.

 

Azkenik, jasota uzten da alokairu ordainerrazeko araubideko etxebizitza kalifikatuen kasuan, esleipen-prozedurak 2026ko martxoaren 1etik aurrera hasten ahalko direla. Egun horretatik eta urte bereko irailaren 1era bitarte, aurreko araudian aurreikusitako erreserben, baremoaren eta prozeduraren arabera eginen dira esleipenak, baina lege-proposamen honen 18. artikuluan ezarritako ahalmen ekonomikoko irizpideak aplikatuko dira.

 

Lege-proposamena osatze aldera, elkarlaneko etxebizitzari buruzko epigrafe berri bat gehitu da, eta zehazten da elkarlaneko etxebizitzatzat ulertzen dela familia anitzeko eraikin batez edo gehiagoz edo etxebizitza familiabakarrez osaturiko bizitoki-multzoa, bizitoki-unitate bat osatzen duenean eta haren titulartasuna etxebizitza-kooperatiba batena denean, halako moldez non kooperatibaren bazkideek erabilera-eskubide banakatuak baitituzte bizitoki-unitate bakoitzaren gain.

 

Adierazten denaren arabera, zilegi izanen da berariazko dirulaguntzak ezartzea (eta lehendik daudenen aplikazioa hedatzea) etxebizitza-kooperatibak edo kooperatiba-federazioak eratzea sustatzeko, haiek antolatuak, ezagutaraziak eta sustatuak izateari laguntzeko, eta etxebizitza-modalitate horretarako erabiliak izateko higiezinak birgaitzeko proiektuak egiteko.

 

Era berean, elkarlaneko etxebizitzak bultzatzera bideratutako beste zerga-neurri batzuk ezartzeko aukera jasotzen da.

 

Nolanahi ere, berariazko erregulazioa onartzen ez den bitartean, Kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legean eta Foru Komunitatearen berezko araudian xedatutakoa aplikatuko da.

 

 

Batzordean egindako azterketan, 5 zuzenketa onetsi zuren, 3 EH Bildurenak, eta beste bi PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek elkarrekin sinatuak. 

 

EH Bilduren lehenengo ekarpena etxebizitza hutsen deklarazioari dagokio. Deklarazio hori Nafarroako eremu geografikora mugatzen bada ere, zenbaketari dagokionez, “titulartasun-ehunekoa edozein dela ere Espainiako Estatu osoan” norberak jabetzan dituen etxebizitza guztietara zabaltzen da. Gainerakoek zehaztapen horren alde egin dute, nahiz eta oposizioak “segurtasun juridikorik ezari eta aplikazio-arazoei” buruzko ohartarazpenak argudiatu dituen.

 

EH Bilduk eskatuta irizpenari gehitutako bigarren zuzenketan, aurreikusten da etxebizitza huts gisa deklaratuta eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan jasota dauden etxebizitzak errentan emanarazten ahalko direla, baldin eta deklarazio hori jaso eta urtebetera hutsik jarraitzen badute. Kasu horretan, etxebizitza horiek NASUVINSAren Alokairu Poltsan sartzen ahalko dira, edo Nafarroako Gobernuaren nahiz haren erakunde instrumentalen mendeko gisa horretako programetan.

 

Finka hutsaren deklarazioa departamentu eskudunari esleituko zaio, eta hark ziurtatu beharko ditu “neurri horren eskaria eta beharra, bermatze aldera betetzen dela etxebizitzaren funtzio soziala” higiezina kokatuta dagoen lurralde-eremuan. Erabakia hartu aurretik, "entzunaldi-izapidea" eman beharko zaie jabetzaren edo hura erabiltzeko eskubidearen titularrei, eta, erabakia formalizatu ondoren, hamabost eguneko epea izanen dute.

 

Behin errentan emanarazteko prozedura amaitutakoan, zeina ezin izanen baita izan 7 urte eta 6 hilabetetik gorakoa, Nasuvinsako alokairu-poltsan edo antzekoren batean sartuko da etxebizitza, eta "horretarako ezarritako prozedurari jarraituz esleituko da".

 

Berriro ere EH Bilduren ekimenez, baina kasu honetan aho batez, araubide berezi bat ezarri da despopulatze-arriskuan dauden udalerrietako birgaitze-jarduketetarako, dirulaguntzak handitu ahal izateko "biztanleria finkatze" aldera. Hornidura hori halaber Esku-hartze Globaleko Proiektuetako jarduketetarako aurreikusten diren laguntzei aplikatzen ahalko zaie, eta handiagoak izan ahalko dira, orobat, despopulatze-arriskuan dauden udalerri gisa deklaratutakoetan”.

 

Alokairu-poltsari atxikitako errentamendu-kontratuak esleitu eta berritzeari dagokionez, eta hura deuseztatzea (9/2025 Foru Legea) eragin zuten aplikazio-zailtasunak konpontze aldera (10/2010 Foru Legea), honako hau ebatzi da: onuradunaren egoera ekonomikoa aldatzen bada, halako moldez non haren “urteko diru-sarrerak gutxienez % 20” murrizten baitira, eskatzen ahalko da aldaketa hori kontuan hartu dadila (aurreko urteko errentarako igorpena alde batera utzita) dirulaguntza eguneratzeko.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan bi zuzenketa onartu dira in vocePSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiak batera aurkeztuak. Lehenengoak testuaren hitzaurrea aldatzen du, foru lege proposamenaren izapidetzean onetsitako zuzenketetan jasotzen diren elementuak sartzeko. Bigarrenean zehazten denez, nahitaezko errentamenduaren prozedura amaitu ondoren, etxebizitza NASUVINSAren alokairu-poltsaren programan sartzean, programa horretan beren etxebizitzak gordailutu dituzten gainerako jabeen eskubide eta betebehar berberak sortuko dira titularrentzat. Bi zuzenketak talde proposatzaileen babesarekin eta UPNren, PPNren eta Talde Mistoaren kontrako botoekin onartu dira.

 

Aintzat hartua izan ostean, eta behin irizpena emanda, Etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzeko legea NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Halaber, arauaren lehen zazpi paragrafoek (amiantoa kentzeari eta etxebizitza-kooperatiboei buruz aurreikusitakoa izan ezik) abenduaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak.