Noiz argitaratua Ostirala, 2025.eko Abenduak 19

Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko foru legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko abenduaren 18an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi egin du gaur Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko foru legea, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta Talde Mistoaren eta atxiki gabekoaren aurkako botoekin. 2023ko abenduaren 31tik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu eraginak.

 

Nafarroako Gobernuak bultzatu du foru legea, eta haren xedea da zerga osagarria arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, Kontseiluaren abenduaren 15eko 2022/2523 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egite aldera, zeina Batasuneko enpresa-talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zerga-maila globala bermatzeari buruzkoa baita.

 

Testuak zenbait arau ezartzen ditu gutxieneko zergapetze-maila eraginkorra bermatzeko talde multinazional handientzat eta talde nazionalak bakarrik izanda ere tamaina handia dutenentzat (negozio-zifra kontsolidatuaren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa edo handiagoa izan dutenei aurre-aurreko lau ekitaldietatik bitan gutxienez).

 

Zerga osagarria tributu zuzena eta pertsonala da, eta talde multinazional bat edo tamaina handiko talde nazional bat osatzen duten entitateen errentak zergapetzen ditu, gutxieneko zergapetze-tasa (% 15) baino zergapetze-tasa eraginkor txikiagoa (jurisdikzio-mailan kalkulatuta) duen jurisdikzio batean daudenentzat. Gutxieneko zergapetze efektibo hori bermatzeko, zerga osagarri nazional, lehen mailako zerga osagarri edo bigarren mailako zerga osagarri gisa eskatuko da tributua.

 

Foru lege honen bidez bete nahi da Nafarroako Foru Komunitatean 2022/2523 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiteko betebeharra, abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 bis artikuluan xedatutakoari jarraituz. 27 bis artikulu hori Hitzarmen Ekonomikoan sartu zen uztailaren 24ko 4/2025 Legearen bidez, eta araudi autonomoko tributu gisa eratu zen zerga osagarria. Izaera horren arabera, zergadun bakoitzari aplikatu beharreko foru-araudia edo araudi erkidea esleitzeko behar diren lotura-puntuak ezartzen dira.

 

NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko foru legeak.