Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearekin
Euskarabideak asmotan du Parlamentuaren egoitzan jardunaldi bat egitea, Euskararen Foru Legearen onespenaren 40. urteurrena dela-eta
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean harrera egin dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakama jaunari.
Bileran zehar, Arakamak oroitarazi du aurten 40 urte betetzen direla Euskararen Foru Legea onetsi zenetik –18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa–, eta, hori dela-eta, lehendakariari mahaigaineratu dio datorren udazkenean Parlamentuaren egoitzan jardunaldi batzuk egiteko aukera.
Adierazi duenez, helburua da unibertsitate-ingurunekoak nahiz euskararen aldeko gizarte-eragileen alorrekoak diren adituak elkarretaratzea, legeak bere onespenetik izan duen bilakaera eta garapena aztertzeko, “halatan baloratuz ez soilik epe honetan zehar izan diren legegintzazko aldaketak eta interpretazio-gorabeherak, baizik eta Nafarroako Foru Komunitatean izan duten eragina ere. Xede hartzen da, halaber, arau horrek egungo testuinguruan eskaintzen dituen aukerak eta bere aplikazio praktikoan erakusten dituen mugak eta erronkak identifikatu eta ebaluatzea”.
NUP eta Euskalgintzaren Kontseilua parte hartzera gonbidatzeaz gain, Arakamak interesgarri deritzo beste lurralde batzuetan, hala nola Araban eta Valentzian, aurrera eraman diren saiakuntzak eta dauden errealitate soziolinguistiko desberdinak jardunaldien abaroan ezagutaraz eta azter daitezen, eztabaida aberasteko, jardunbide egokien trukea faboratzeko eta hizkuntz kudeaketaren eta sustapenaren gaineko ikuspegi konparatua hedatzeko.
Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria prest agertu da eskaera horri bide emateko, zeina apropostzat jo baitu, balantzea egiteko unea denez gero, egungo foru legeak 40 urte indarrean eman ondoren eta, denbora horretan, Parlamentuan zenbait aldiz aldatua izan ondoren. Hualdek aldarri egin du euskara “nafar guztion kohesio eta batasunerako elementutzat” ulertzearen alde “eta, hein horretan, botere publikoek bereziki babestu beharrekotzat”.