Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen ditu Israelgo estatuak Palestinako populazio zibilaren aurka egindako erasoak eta genozidio-ekintzak
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak onetsi du. 2026ko maiatzaren 13an
1.- Nafarroako Parlamentuak Israelgo Estatuak Palestinako biztanleria zibilaren aurka egindako eraso eta genozidio-ekintzak erabat gaitzesten ditu, Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa, Genevako Konbentzioa eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa urratzen baititu. Era berean, errefusatu eta gaitzetsi egiten ditu Palestinako biztanleen oinarrizko eskubideen ukazioa, populazioaren lekualdaketa behartua, etxebizitzen eta azpiegituren suntsiketa sistematikoa eta energiaren, uraren, elikagaien eta medikamentuen horniduraren blokeoa, bereziki Gazako zerrendako biztanleei dagokienez.
2.- Nafarroako Parlamentuak gogora dakar Israelek Palestinako lurrak okupatzea eta kolonizatzea nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela, Hagako Nazioarteko Auzitegiak apartheid-erregimen gisa definitutako jardunbide segregazionisten eta zigor kolektiboko praktiken multzo bat ezartzen duela, oztopo direnak bake justu eta iraunkorra lortzeko. Orobat gaitzesten du Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean kolono israeldarrek biztanleria zibil palestinarraren aurka baliatutako indarkeria, eta Israelgo agintariei erreklamatzen die bete ditzaten Nazio Batuen ebazpenak, gatazkaren behin betiko konponbide politikoa lortzeko bidean.
3.- Nafarroako Parlamentuak Israelgo Estatuko Gobernuari exijitzen dio berehalako su-eten iraunkor eta erreala, baita arrazoi politikoengatik espetxeratutako 10.400 palestinarrak askatzea ere.
4.- Nafarroako Parlamentuak Gazako zerrendan laguntza humanitarioa etengabe blokeatzeari behin betikoz eta modu iraunkorrean amaiera eman diezaion eskatzen dio Israelgo Estatuko Gobernuari, eta elikagaiak, ura, medikamentuak eta bizitzarako beharrezkoak diren beste baliabide batzuk banatzea ahalbidetu dezan eskatzen dio, hori guztia prestigio sendoko nazioarteko agentzia humanitarioek gainbegiratutako mekanismoen bidez.
5.- Nafarroako Parlamentuak arrazakeria mota guztiak arbuiatzen ditu: judeofobia, islamofobia eta sionismoa.
6.- Nafarroako Parlamentuak Israelgo Estatuko Gobernuari exijitzen dio bermeak ezar ditzan, Gazako zerrendan lekualdatutako biztanleria zibila bere etxebizitzetara edo horietatik geratzen denera itzul dadin, bai eta palestinar errefuxiatu guztiak ere, Nazio Batuek onetsitako 194. ebazpenaren bidez nazioarteko zuzenbideak aitortutako itzulera-eskubideak jasotzen duen bezala.
7.- Nafarroako Parlamentuak Nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko exijitzen dio Israelgo Estatuko Gobernuari, eta Nazio Batuen sistemaren barruan nahiz hortik kanpo mekanismo eraginkorrak abian jartzea erreklamatzen du, Nazioarteko Zigor Auzitegiari eta Nazioarteko Auzitegiari buruzkoak barne, egindako gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak jazartzeko eta horiei amaiera emateko.
8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Israelgo egungo gobernuarekiko harreman instituzionalak eten ditzan, harik eta Nazio Batuen ebazpenen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren errespetua berrezarri arte.
9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Europako Parlamentuan abiarazitako ekimena babes dezan, Israelgo Estatuaren eta Europar Batasunaren arteko elkartze-akordioa bertan behera uzteko eta Israelgo Estatuarekiko armen salmentaren eta iragatearen gaineko nazioarteko enbargoa manten dezan, bere eskumenen baitan enbargo horren eraginkortasuna bermatzeko konpromisoa hartuta.
10.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du UNRWArekin lanean jarrai dezan, prestigio handiko tresna den aldetik laguntza humanitarioa helarazteko eta Gazako zerrenda berreraikitzen laguntzeko zuzeneko lankidetza ezartzeko.
11.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere eskumenen esparruan, Israelgo Estatua su-eten bat berehala betetzera behartzeko behar diren jarduketak ezar ditzan, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak betetze ditzan.
12.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Estatuko Gobernuari eska diezaion Israeli enbargo militarra ezar dakion susta dezan eta haren ordezkariei banakako zehapenak aplika diezazkien, Nazioarteko Zigor Auzitegiak exijitzen duenaren arabera.
13.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Estatuko Gobernuari eska diezaion justizia unibertsalaren mekanismoak berrezar ditzan.
14.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Estatuko Gobernuari eska diezaion Hegoafrikak Hagako Nazioarteko Auzitegian genozidioa dela-eta abiarazitako kausaren parte gisa pertsonatu dadin.
15.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Estatuko Gobernuari eska diezaion mozal-legea indargabetu dezan eta bertan behera utzi ditzan Palestinako genozidioaren aurka modu baketsuan protesta egin duten pertsonen aurka irekitako administrazio-prozesuak.
16.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Estatuko Gobernuari eska diezaion lege-esparruaren barruan neurriak har ditzan gerra-krimenekin edo gizateriaren aurkako krimenekin lotura zuzena duten gizabanakoak Espainiako Estatuaren lurraldean sartzen ez dela bermatzeko, eta konpromisoa har dezan Nazioarteko Justizia Auzitegiak gerra-krimenengatik eta genozidioagatik inputatutako pertsonak Espainiako lurraldean sartzen badira atxilotzeko nazioarteko aginduei erantzuteko.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurkeztu dute.
UPNren, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta PPNren aurkako botoarekin onetsi da.