Nafarroako Gobernua premiatzen da kirolari buruzko foru-lege proiektu bat taxutu dezan
XXI. mendeko kirol-errealitate berriekin bat eginen duen lege-esparru gaurkotu eta anbiziotsu bat eskatzen da, Programa Akordioan jasotako konpromisoarekin bat eginez
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “kirolari buruzko foru-lege proiektu bat taxutzeko lanak has ditzan, parlamentu honetara onesteko ekartzeko modukoa, legegintzaldi hau amaitu aitzin”.
Zehazten denez, hori aurrera eramateko eskatzen da “lege-proiektua taxutzeaz arduratuko den lantaldea eratzea; lege-proiektua taxutzeko beharrezkoak diren ekintzen kronograma prestatzea eta Kirolaren Nafarroako Kontseiluaren deialdi berezi bat egitea, baldin eta hori beharrezkoa balitz, lan horiek onesteko eta haren lankidetza eskatzeko”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak Foru Exekutiboa osatzen duten formazioek sinatutako Programa Akordioak jasotzen duen konpromisoa gogorarazten du, adieraziz azken hogeita bost urteetan kirolak aldaketa sozial, ekonomiko eta normatibo sakonak bizi izan dituela eta, hori dela eta, Nafarroari XXI. mendeko errealitate sozialaren araberako lege-esparru gaurkotu eta anbiziotsu bat eman behar zaiola aldarrikatzen du.
Testuinguru horretan, gehitzen da kirol-errealitate berriak sortu direla egungo araudiari nekez egokitzen zaizkionak, baita foru-legedia harmonizatu beharra dagoela estatuko ordenamendu juridikoan jasotako aldaketekin eta Europako nahiz nazioarteko organismoen gomendioekin. Horregatik, Gobernua premiatzen da konpromiso hori lehenets dezan, nahiz eta kontseilariak adierazi zuen konpromiso hori Kirolari buruzko Plan Estrategikoaren mende gelditzen dela (plana iragan urrian aurkeztu zen).
Hori dela eta, proposamena egin duenak lege-esparru egoki bat eskatzen du (indarrean dagoen legea 2001 urtekoa da) emakumezkoen kirola, kirol egokitua, oinarrizko kirola, zenbait diziplinaren profesionalizazioa, digitalizazioa edo kudeaketa-eredu berriak bezalako errealitate berriei erantzuna emateko.
Carlos Mena (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier Trigo, Cristina López, Félix Zapatero, Isabel Olave (UPN), Ibai Crespo, Ramón Alzórriz (PSN), Oihan Mendo, Eneka Maiz (EH Bildu), Itxaso Soto, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (5. NPAO, 2026-01-23koa)