Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lagun egiteko animaliak babesteko zerbitzua kudeatzeko eredu mankomunatu bat bultza dezan.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak onetsi du. 2026ko maiatzaren 20an
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan, toki-entitateekin lankidetzan eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin koordinatuta, lagun egiteko animaliak babesteko zerbitzua kudeatzeko eredu integral bat, prestazio mankomunatuan oinarritua, lurralde osoan arreta homogeneoa, jarraitua eta kalitatezkoa bermatuko duena. Eredu hori lurralde-mailako zentro-sare baten bidez egituratuko da. Sare horrek berehalako arretarako eskualde-mailako larrialdi-zentroak eta egonaldi luzeko erreferentzia-zentro bat, Nafarroako Gobernuak kudeatua, konbinatuko ditu, eta baliabide osagarria izanen da adoptatu ezin diren animalientzat edo premia bereziak dituztenentzat, santutegi gisa.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du finantzaketa-lerro zuzen, egonkor eta nahikoa ezar dezan, mankomunitateekin eta toki-entitateekin adosturik,, kofinantzaketa-eredu batean oinarrituta, funtzionamendu-kostu arrunten (langileak, etengabeko albaitaritza-arreta eta mantentze-lanak barne) eta sarea garatzeko beharrezkoak diren inbertsioen estaldura bermatzeko, tresna egonkorren bidez, bereziki lankidetza-hitzarmenen bidez, dirulaguntza puntualetan soilik oinarritutako eredua gainditurik.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetza-esparru komun bat adostu dezan toki-entitateekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin, modua emanen duena sistemaren plangintza, koordinazioa eta ebaluazioa egiteko, langile espezializatuak prestatzeko, jarduera-protokoloak bateratzeko eta foru-mailan adopzio-sistema bakar eta publiko bat ezartzeko, zentro guztietako informazioa zentralizatuko duena eta lurralde osoan animalientzako aukera-berdintasuna bermatuko duena.
PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeek aurkeztu dute.
1. atala UPN, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bairen eta PPNren abstentzioekin onetsi da.
2. eta 3. atalak UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin PPNren abstentzioarekin onetsi dira.