Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 13

Audenasa dela-eta Gobernuak hartutako erabakiei buruzko fiskalizazio- eta legezkotasun txosten bat egin dezan eskatu dio Parlamentuak Kontuen Ganberari

2020ko martxotik urrira bitartean AP-15ean trafikoa murrizteagatik emakidadunari eman beharreko konpentsazioa kalkulatzeko erabilitako formularen interpretazioa baliozkotu edo ez erabakitzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi du gaur, Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin, Audenasari buruzko 2021eko otsailaren 24ko gobernu-erabakiei buruzko fiskalizazio- eta legezkotasun txosten bat egin dezan eskatzea.

 

Zehazten denez, txostenak landu beharko du “Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Kontu-hartzailetza Nagusiaren artean sortutako desadostasuna” ebazten duen erabakia, “Audenasak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 31ko 41E/2020 Foru Aginduaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa baieste aldera Ekonomia eta Ogasun Departamentuak proposatutakoaren bidean. Agindu horrek 2020ko azaroko likidazioari dagokion faktura ordaintzeko agindu zuen, Nafarroako Gobernuak AP-15rako zeukan deskontu-politika zela eta”.

 

Hortaz, organo fiskalizatzaileak argitu beharko duena da “Víctor Torres Ruiz jaunak, zuzendari nagusi gisa eta Audenasaren ordezkari gisa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 31ko 41E/2020 Foru Aginduaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoaren” estimazioa. Agindu horrek 2020ko azaroko likidazioari dagokion faktura ordaintzeko agindu zuen, Nafarroako Gobernuak AP-15rako zeukan deskontu-politika zela eta. Fakturaren zenbatekoa 6.284.728,28 eurokoa zen”.

 

Ondorioz, eta Kontu-hartzailetza eta Kontabilitateko zuzendari nagusiaren irizpidearekin bat etorriz Audenasari jada ordaindu zitzaionez errekurritutako foru-aginduan adierazitako zenbatekoa (1.207.168,40 euro), gainerako zenbatekoa ordaindu zen, 5.077.559,88 euro, eta hori da, hain zuzen ere, ekimenaren titularrak zalantzan jartzen duena.

 

Horren harira, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak EH Bilduren interpretazioa babestu zuen apirilaren 15ean, Audenasaren inguruan Foru Gobernuak hartutako erabakiak "kaltegarriak" direla adierazi baitzuen. Ebazpena EH Bilduk aurkeztu zuen eta Navarra Suma eta I-E alderdiek babestu zuten.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, apirilaren 19an eginiko bilkuran, onetsi egin zuen Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako eskaria, fiskalizazio-txostena egin zedin autobideko erabiltzaileei aplikatzen zaizkien deskontuak direla-eta Nafarroako Gobernuak AUDENASAri fakturak ordaintzean aplikatutako konpentsazio-formulari buruz.

 

Bilkura horretan bertan onetsi zen EH Bilduren eskaria, osoko bilkuran eztabaidatu zedin fiskalizazio-txostena egiteko eskaria.

 

Apirilaren 26an, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman zuen Nafarroako Kontseiluaren eskaria, dokumentazioa igor dakion “Audenasak 41E/2020 Foru Aginduaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa dela-eta Gobernuak 2021eko otsailaren 24an hartutako erabakiaren legezkotasunari eta legezkotasunera egokitu ezean izanen lituzkeen ondorioei eta izapideei buruzko” irizpen-eskaria dela eta.

 

Audenasa, AP-15 autobidearen emakidaduna, Nafarroako Gobernuaren eta Itínere Taldeko ENA infraestructuras, S.A. enpresaren% 50aren jabe da. AP-15 autobidea Foru Administraziora itzuliko da 2029ko ekainaren 8an.