Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 23

Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroan sustatzeko Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko ekainaren 23an

Parlamentuaren osoko bilkurak gaur onetsi du, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroan sustatzeko Foru Legea.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk sustatu dute legea. Hona haren xedea: Administrazioaren esku mekanismo berriak jartzea –tartean babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazio mugagabea, Alokairu Jasangarritasunaren Indizea (AJI) edo Errentamendu Kontratuen Erregistroa–, behar adina etxebizitza babestu eta ordainerraz sortu ahal izateko, alokairu-prezioei buruzko diagnostiko erreal batean oinarrituta, hori izanen baita abiapuntua merkatuko esparru bereziki tenkatuak zehaztu eta arautu ahal izateko.

 

Bizitegi-merkatu tenkatuko eremua deklaratzeko ardura duen departamentuak –kalifikazio horren indarraldia hiru urtekoa izanen da eta urtez urte luzatzen ahalko da– berariazko plan bat eginen du. Bertan proposatuko ditu beharrezkoak diren neurriak eta horien egutegia, kontuan izanda dinamika demografikoak eta bizilagunen egoera sozioekonomikoa.

 

Deklarazioa egiteko baldintzetako bat izanen da lurralde eremu horretan etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak azken bost urteetan metatutako igoera Nafarroako KPIa baino % 5 handiagoa izatea, gutxienez.. Eta hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko zama, oinarrizko hornidurak eta gastuak barne, familien batez besteko errentaren % 30 baino handiagoa izatea.

 

Eguneratze klausula pribatuetan ezarritakoaz harago, bizitegi-eremu tenkatua deklaratu aurretik sinatutako errentamendu kontratuetan prezioa gehienez ere % 10 igo ahal izanen da, betiere aurreko bi urteetan etxebizitza zaharberritu bada, dela egituran, dela energia-efizientzia hobetzeko (% 30eko energia aurrezpena frogatu behar da) edo irisgarritasunerako.

 

Gehieneko igoera hori 10 urte edo gehiagoko kontratuetan edo borondatezko luzapenetan ere aplikatuko da. Errentatzailea pertsona juridiko eta edukitzaile handia denean (10 etxebizitza edo gehiagoren jabe edo gozamenduna), adosturiko errentak ez du gaindituko ERREGEROSNA indizearen arabera aplikatzekoa den gehieneko muga. Neurri horiek eremu tenkatuaren deklarazioak indarrean dirauen bitartean aplikatuko dira.

 

Alokairu Jasangarritasunaren Indizea (AJI) errentamendu-prezioak arautzeko sistema bat da, eta formula hau du oinarri: 334/2001 Foru Dekretuaren arabera etxebizitzak duen balioa (prezio libreko etxebizitza erreformadunaren balioa) bider koefiziente bat, zeina urtero zehaztuko baita eta balio desberdinak izan ahalko baititu herri edo zona zehatzetarako. Haren balioa zero denean, ulertuko da ez dela aplikatzeko modukoa.

 

Indarreko bizigarritasun-zedula eta zeroz bestelako koefizientea dauzkan Nafarroako edozein etxebizitzatarako AJIaren gutxieneko balioa urteko 3.600 eurokoa izanen da. Gehieneko balioa, berriz, hau izanen da: kide bakarreko familia-unitate batentzako ERREGEROSNA indizearen urteko zenbatekoa halako 1,5.

 

Salmenta-prezioari eta errentari dagozkien mugak dituzten etxebizitza babestuen kasuan, haien Alokairu Jasangarritasunaren Indizea izanen da legez baimendutako gehieneko errentamendu-prezioaren zenbateko berekoa. AJI indizearen lehen ‘j’ koefizientea zehaztuko da foru agindu baten bitartez, legeak indarra hartzen duenetik hiru hilabete iragan baino lehen.

 

Arau orokor gisa, etxebizitza babestuen babes araubideak iraupen mugagabea izanen du, baita erabilera-lagapenaren kalifikazioa duten etxebizitzetarako ere. Hortaz, ez da onartuko garaiz aurretik deskalifikatzerik etxebizitza babestuak, eta atea irekitzen da etxebizitza babestuak lurzati libreetan sustatu ahal izateko.

 

Hori horrela, errentamendu araubideko babes ofizialeko etxebizitzek, erosteko aukera izan edo ez, “babes publikoko araubideren bati eutsiko diote denbora mugarik gabe”. Baina alokairurako izan beharko dute, behin betiko kalifikazioa jasotzen dutenetik 21 urte igaro arte, gutxienez. Epe hori igarota, zilegi izanen da salmentara atereak izatea, etxebizitza babestuen bigarren eskualdaketan jabetza eskuratzeko baldintzekin, eta prezio tasatuko etxebizitzei aplikatzekoa zaien gehieneko prezioa aplikatuta. Erosteko aukera egikaritzen denean ere baldintza horiek bete beharko dira. 

 

Legea onetsi eta hurrengo bost urteetan, erosteko aukerarik gabeko alokairu-araubideko etxebizitzen sustapena egiten denean, etxebizitza horiek eraikiak egonik babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako erreserbatu ez diren lurzatietan, babes-araubidearen iraupena 15 urtekoa izanen da gutxienez ere. Bi urte lehenago jakinarazpen espresu eta pertsonalizatua egin beharko zaio familia-unitate bakoitzari, babes araubidea amaitutakoan izanen diren prezioak azalduta.

 

Esparru horretan, babes publikoko araubideren batekoak diren etxebizitzen erreserbarako gutxieneko estandarren betetzea arrazionalizatzeko, hau aurreikusten da: Iruñerriko udalerrietako eta 10.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerrietako hirigintza planeamenduetan, udalek % 50etik % 30era jaitsi ahalko dute etxebizitza babestuen gutxieneko estandarra. Hirigintzako jarduketa hori “bideraezina” dela justifikatu beharko da, eta gutxienez lau urte igaro beharko dira udal planaren behin betiko onespena NAOn argitaratu ondoren. Borondate hori Osoko Bilkuraren erabaki batean gauzatu beharko da (gehiengo soila). Erabakia Departamentuari helaraziko zaio, txostena eman dezan. Baiespenezko txostena bada, ehuneko berria ezarri beharko du, bideraezintasunari buruzko udal azterketa oinarritzat harturik.

 

Prozedura bera beteko da 2.000 biztanle edo gehiago eta 10.000 baino gutxiago dituzten udalerrietan; kasu horretan, bizitegi-ahalmen berria % 35etik % 10era murrizteko. Batera zein bestera, helburua da “alokairurako etxebizitza babestuen ehunekoa handiagoa izatea”. 

 

Horregatik guztiagatik, eta “Europako beste eskualde batzuekin homologatzen ahal den alokairuko etxebizitzen parke bat” lortzea helburu, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek baliabideen % 75 bideratuko dituzte alokairuko araubideko etxebizitzak sustatzera, lehentasuna emanez kolektibo ahulenei. Eskaintza horretatik, gehienez ere heren batek izaten ahalko du erosteko aukera.

 

Asmo horrekin, pixkanaka eta urtez urte, 35 urtera igoko da emantzipaziorako errentamenduaren kenkaria eskuratu ahal izateko gehieneko adina.

 

Elkarlaneko etxebizitzak eta tutoretzapeko apartamentuak (adinekoentzakoak) direla-eta, urtebeteko epean Nafarroako Gobernuak plan bat igorri beharko dio Parlamentuari, onesteko. Bertan legezko baldintzak jasoko dira mota horretako bizilekuen sustapenerako eta eraikuntzarako, “etxebizitzaren eredu klasikoaren aukerako konponbide gisa” aurkezten baitira.

 

Bestalde, adinekoak edo desgaitasuna duten pertsonak, dituzten baldintzengatik etxebizitzetan bizitzen jarraitzea ezinezkoa zaienean, etxebizitzak lagatzera bultzatzeko asmoz, ohiko etxebizitza izandako higiezina errentan emanez ateratako etekinen salbuespen fiskala aurreikusten da, adinekoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan bizi direnek etxebizitza lagatzen badute Foru Administrazioak sustatutako alokairu poltsetan edo programetan sartzeko.

 

Era berean, hobariak handitzen zaizkie beren etxebizitza alokairu-poltsa publikoan uzten duten jabeei (% 60) eta Alokairu Jasangarritasunaren Indizea gainditzen ez dutenei (40%), baldin eta kontratua Erregistroan erregistratzen badute. Lehenbiziko kasuan, administrazio publikoek etxebizitza eskuratzen dute eta maizterra hautatzen dute; hortik dator kenkari handiagoa.

 

Bestalde, 35 urtetik beherakoek 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan “etxebizitza erabilia erosteko aukera gehiago izan dezaten”, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eragiketa horietarako dirulaguntza emanen da (ohiko etxebizitza iraunkorrerako), babes ofizialeko etxebizitzei aplikatzen zaizkien baldintza berberekin. Salmenta-prezioak ez du gaindituko babes ofizialeko etxebizitza bigarrenez edo aldi gehiagotan eskualdatuta eskuratzeko ezarritako prezioa. Dirulaguntzen baldintzak, zenbatekoak eta portzentajeak izanen dira babes ofizialeko etxebizitza berrien erosketan aplikatzen direnak.

 

Aurrekoarekin bat etorriz, edozein izanda ere adina eta etxebizitza dagoen udalerria, dirulaguntzak ematen ahalko dira errentamenduko araubidea edo erosteko aukeradun errentamenduko araubidea amaitu zaien babes ofizialeko etxebizitzen azken kontratu babestuaren titularrek etxebizitza erosi ahal dezaten.

 

Errentamendu Kontratuen Erregistroari dagokionez, Nafarroako Etxebizitzen Erregistroaren luzapen gisa eratzen da, eta bertan inskribatu beharko dira Nafarroan kokatutako etxebizitzen errentamendu-kontratu guztiak. Inskripzioa eginen da Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-alorreko webgune tematikoan xede horrekin eskueran ipinitako aplikazio informatikoaren bitartez, hilabeteko epean, errentatzaileak eskatuta. Errentariak inskripzioa egin ahalko du kontratuak indarrean dirauen bitartean.

 

Jatorrizko kontratuko baldintzen aldaketak errentatzailea behartuko du inskripzioa aldatzera eta agiri berri bat jaulkitzera. Erregistraturiko errentamendu-kontratua bukatutakoan, inskripzioa ezereztu eginen da, errentatzailearen ekimenez, betiere kontratu-bukaera frogatu ondoren.

 

Legeak indarra hartzen duenetik bederatzi hilabeteko gehieneko epean jarriko da abian erregistroa, eta alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak kudeatuko du.

 

Zaharberritze ekologikoa eta eremu behartsuetako zaharberritzea sustatu eta lehenesteaz gain, arauak aurreikusten du, halaber, jabe handien edo pertsona juridikoen etxebizitza hutsen erabilera desjabetu ahal izatea. Atal horretan, bi urtetik urtebetera laburtzen da etxebizitza batek hutsik egon beharreko epea, higiezin huts hori Foru Gobernuak aktibatu duen Etxebizitza Hutsen Erregistroan sartu ahal izateko.

 

Zaharberritzeari dagokionez, xedapen gehigarri bat erantsi da, dirulaguntza ezartzen duena toki entitateen higiezinak egokitzeko, helburua izanik higiezin horiek alokatzea hurrengo 15 urteetan, gutxienez. Dirulaguntzaren zenbatekoa zaharberritze obren kostuaren % 75 izanen da, eta gehienez ere 60.000 euro. Aurreikuspen hori udalen (edo sustatzaile publikoen) lokaletara ere hedatzen da. Hala, dirulaguntza emanen da lokal horiek zaharberritu daitezen eta, bizigarritasun-zedula lortuta, etxebizitza bilaka daitezen. Baldintza horiek aldian behin aldatu, eguneratu eta berrikusi ahalko dira foru aginduen bitartez. 

 

Atal horretan, hiri eremuan dauden baserriak zaharberritu daitezen sustatzea ere aurreikusten da. Aldi berean ahalbidetu nahi da baserri horiek babestea eta benetan berreskuratzea etxebizitza-erabilerekin, hainbat etxebizitzatan banatuz eta jabetzaren banaketa horizontalaren bidez.

 

Zaharberritzea “lehentasunezko apustua” izanik, erabaki da ezen, gehienez ere urtebeteko epean, zaharberritze-bulegoen eredu berria ezarriko dela, bulegoek “modu proaktiboan” jardun dezaten. Horrela buelta emanen zaio zenbait hiri-eremuren narriadurari, non agerikoa baita pobrezia eta gizarte-bazterketako poltsak sortzeko arriskua.

 

Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Zentsuaren bidez etxebizitza adjudikatzeko baremo berria 2022ko abenduaren 1etik aurrera hasten diren esleipen-prozedurei aplikatuko zaie.

 

Azkenik, proposamenak Nafarroako Gobernuari baimena ematen dio testu bategin bat onets dezan 24 hilabeteko epean, jasoko dituena, behar bezala harmonizatuak, 10/2010 Foru Legea, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa, eta aldatutako eta eragindako gainerako arauak.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako hiru in voce zuzenketak eztabaidatu eta onartu dira, bi teknikoak eta beste bat zioen azalpenaren ordezkapenekoa. Hirurek jaso dute I-Eren babesa, ez Navarra Sumarena, tekniketako batean abstenitu eta beste bien aurka agertu baita.

 

Izapidetzeko onartu ondoren, Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroan sustatzeko Foru Legea martxoaren 3an aintzat hartu zen, eta ekainaren 14an irizpena eman zen. Orain, behin onartuta, NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proposamena (10. NPAO, 2022-01-28koa)
  • Zuzenketak (77. NPAO, 2022-06-13koa)
  • Irizpena (81. NPAO, 2022-06-20koa)
  •