Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Azaroak 13

Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako Foru Lege proposamenaren gaineko irizpena onetsi da

Neurriak ezarri nahi dira beren xederako erabil daitezen sektore publikoaren dirulaguntzak, zeinak kasu honetan garapen ekonomiko eta sozialarekiko konpromisoaren mende baitaude

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak gaur irizpena onetsi du Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako Foru Lege proposamena dela eta.

 

EH Bilduk sustatu du lege proposamena, eta zuzenketa asko egin dizkiote PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk. Hona haren xedea: “Deslokalizazio prozesuei aurre eginez, bermatu nahi da enpresek Nafarroako sektore publikotik jasotako dirulaguntzak Nafarroaren garapenari ekarpen ekonomiko eta soziala egiteko izan daitezela”.

 

Lege proposamena aplikatzekoa zaie Nafarroan lantokia duten enpresei eta Gobernuaren laguntzak ere jasorik enpresa esparruan jarduten duten fundazio eta elkarteei.

 

Hala ere, irizpide orokor gisa, lege horren eremutik kanpo utzi dira I+G+B jarduerak sustatzera bideratutako dirulaguntzak, jarduera horien helburua "lehiakortasuna edo ezagutzaren transferentzia hobetzea" bada. Nolanahi ere, deialdi bakoitza arautzeko oinarrietan departamentu eskudunak egokitzat jotzen dituen betebeharrak ezarri ahalko ditu, sustatu nahi den jarduketa zehatzaren arabera. Hala xedatzen duen PSNren eta Geroa Bairen zuzenketak aurrera egin du I-Eren babesa erantsiarekin, Navarra Suma eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin eta EH Bilduren ezezko botoarekin.

 

Puntu horretan, lege proposamenaren laugarren artikulua kendu eta gero —bertan azaltzen zen zer baldintza bete behar diren, proposatzailearen iritziz, deslokalizazioa gertatu dela ulertu ahal izateko—, Batzordeak erabaki du  “jarduera nabarmen murriztea” terminoak esan nahi duela langileen kopurua “erdira baino gutxiagora jaistea eta horrek, betiere, gutxienez 25 langileri eragitea”. Kalkuluak egiteko kontuan hartuko da “aurreko bi urteetan izandako langileen batez besteko kopurua”, PSN eta Geroa Baik aurkeztu eta gainerakoen abstentzioarekin onetsitako zuzenketan jasotzen den bezala.

 

Hori horrela, laguntzak eskuratzen dituzten enpresen betebeharrak eta mugak deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzearekin lotuta daude. Gobernuak baldintza hori ezarri beharko die dirulaguntzak emateko oinarri-arauetan, gutxieneko edukiaren barruan. Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa egitekotan, Gobernuaren erabaki bidez eginen da, garapen ekonomiko eta enpresarialaren arloan eskumena duen departamentuak proposatuta. Deslokalizazioa gertatu eta ondoko lau urteko epean abiarazi ahalko da deklarazioa.

 

Enpresa-deslokalizazioa deklaratuz gero, enpresak aurreko zortzi urteetan jasotako dirulaguntzak itzuli beharko ditu, % 20ko errekarguarekin eta diru kopuru bakoitza jaso zuenetik sortutako berandutze-interesarekin batera. Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko du ordaintzeko prozedura. Beraz, 10 urtetik 8ra murrizten da erreklamazioaren norainokoa, eta dirulaguntza gehiago eskatu ahal izateko 10 urte igaro arte itxaron ordez errekargu bat ordaindu beharko da. Hori, zuzenketaren titularrak diren PSN eta Geroa Bairen iritziz, “hobeki ezkontzen da sustraitzearen eta deslokalizazioaren arloko helburuekin”. Podemos-Ahal Duguk 7. artikuluaren idazketa berriaren alde bozkatu du, eta Navarra Suma, EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira.

 

Lege proposamen hori erregelamendu bidez garatzeko sei hilabeteko epea ematen zaio Gobernuari. Legea atzeraeraginez aplikatuko zaie laguntza publikoei, baldin eta “deslokalizazioa arau hau indarrean jartzen denetik aurrera gertatzen bada eta ez badira zortzi urte igaro dirulaguntza eman zenetik”. Errekargua, aldiz, “legea indarrean jartzen denetik aurrera ematen diren dirulaguntzei soilik jasanarazi ahalko zaie”. Hori azaltzen duen PSNren eta Geroa Bairen zuzenketa Podemos-Ahal Duguren aurkako botoarekin eta Navarra Suma, EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin onartu da.

 

Zioen azalpenean adierazten denez, ekonomiaren mundializazio eta globalizazio prozesuek enpresen deslokalizazioa eragiten dute. Izan ere, enpresa batzuek, mozkinak handitu nahian, ezaugarri hauek dituzten estatuak bilatu ohi dituzte: “eremu sozialean gutxi garatutako lan legeriak, soldata baxuagoak eta ingurumenaren kontserbazioari dagozkion lege arau malguak”.

 

Horren aurrean, “Gobernuak behar diren bitartekoak antolatu behar ditu egoera horrek dakartzan ondorioei aurre egiteko. Enplegu egonkorra eta lan-baldintza duinak sortu behar dira. Bide hori izanen da lehiakortasunera eramanen gaituena”.

 

Batzordean egindako eztabaida-saioan 26 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 11 onetsi (bost PSN eta Geroa Bairenak eta beste sei horienak eta Podemos-Ahal Dugurenak). Haietako asko zehaztasun teknikoen ingurukoak izan dira, edo artikuluen antolaketari buruzkoak eta idazketan hobekuntza teknikoak egitekoak, izenburuaren eta zioen azalpenaren aldaketa barne.

 

Irizpena jaso ondoren, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko Foru Lege proposamena berriz aurkeztuko da osoko bilkuran, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Legebiltzarrak iragan irailaren 17an erabaki zuen hura aintzat hartzea.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/enpresen-sustraitzearen-aldeko-eta-enpresen-deslokalizazioaren-aurkako-foru-lege

 

María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) aritu da bilkuraren buru, eta bertan izan dira Carlos Pérez Nievas, María Jesús Valdemoros, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez, Pachi Pérez, Maribel García Malo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Arantxa Biurrun, Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).