Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Ekainak 19

Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko Foru Legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko ekainaren 19an

Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi egin du gaur Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko Foru Legea, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkakoekin. Ekimen horren bidez, aldatu egiten dira Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sustatutako foru-legearen xedea da Nafarroan sortutako etxebizitza-larrialdiko egoerari erantzutea eta araudia egokitzea higiezinen merkatuaren bilakaerara eta higiezin-sail egoki bat eskuragarri egotea baldintzatzen duten egitura-aldaketa ekonomiko, sozial eta demografikoetara, herritarrei, bereziki etxebizitza arloko bazterkeria arriskuan dauden kolektiboei, etxebizitza eskura dezaten erraztasunak emate aldera.

 

Horretarako, edukitzak dibertsifikatzeko, etxebizitzen sustapena eta birgaikuntza bultzatzeko eta lankidetza publiko-pribatua laguntzeko, zenbait aurreikuspen egiten dira; besteak beste, etxebizitza babestuen kalifikazio-araubideak, adjudikazio-prozedurak eta berrikusteko bizileku-moldeak berrikustekoak.

 

Besteak beste, aldezten da bertan behera uztea erosteko aukeradun errentamenduaren araubidea, eta errentamendu ordainerrazaren eredua txertatzea, bai eta jabetza-estatutua ere. Azken horri dagokionez, orain, erabatekoa nahiz azalera-eskubidekoa izaten ahalko da horren titulartasuna.

 

Esleipen-prozedurei dagokienez, errentamendu-araubideko eta errentamendu ordainerrazeko araubideko etxebizitzak eskuratzeko prozesuetan baremazio-sistema kentzen da, eta zozketa-sistema ezartzen da horren ordez, gizatalde jakin batzuei zuzendutako erreserba orokorren kasuan. Gainerakoentzat, lehentasuna izanen dute sustapena dagoen udalerrian erroldatuta dauden eta 35 urte edo gutxiago edo 60 urte edo gehiago dituzten pertsonek.

 

Bestalde, bizileku-molde berriak jasotzen dira, hala nola zuzkidurazko bizitokiak, zeinak tankeratuta baitaude titulartasun publikoko ekipamendu komunitario gisa, eta helburu baitute gizatalde jakin batzuek bizitoki duin bat eskuratzeko izaten dituzten zailtasunen egoera zehatzak artatzea txandaka.

 

Etxebizitza-ondare publikoa indartzearekin lotuta, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren zereginak ugaritzea aldezten da, halako moldez non zilegi izanen baitu bere ardurapeko ondasunak bideratzea, etxebizitza babestura ez ezik, zuzkidurazko bizitokietara ere. Horrekin bat, baimena ematen da etxebizitza horiek sustatuak izan daitezen nola eta sektore publikoak, etxebizitza babestuen kudeaketan diharduten kapital mistoko sozietateek, etxebizitza-kooperatibek edo hirugarren sektoreko entitateek azalera-eskubidearen esleipena eginez.

 

Era berean, Etxebizitza-edukitzaile Handien Erregistroa sortu eta arautzea aurreikusten da. Administrazio-izaerako erakunde bat izanen da, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari atxikia, eta etxebizitza askoren jabeen kontrola eta jarraipena eginen du.

 

Batzordetik igaro ondoren, Foru Legeak etxebizitza babestua eskuratzetik kanpo utzi zituen azken bost urteetan higiezin bat saldu duten pertsona guztiak. Hala ere, Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen zuzenketa bat onartu da, 100.000 euroko muga berreskuratzeko. Hala, kopuru hori gainditzen duten eskualdaketen titularrak bakarrik geratzen dira aukera hori gabe. UPN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabeko parlamentariak aurkako botoa ematen dute.

 

Errentamendu-araubidean eta errentamendu ordainerrazeko araubidean sartutako erreserba bereziekin jarraituz, kategoria berri bat gehitu da: terrorismoaren biktimena (% 3), hain zuzen ere, eta mota horretako etxebizitzen % 3 atxikitzen da kategoria horretarako.

 

Etxebizitza babestua desegokia izateagatiko aldaketarako esleipen-prozedurari ere zehaztasunak gehitu zaizkio; jasota utzi da erregelamendu bidez ezarriko direla etxebizitza babestu handiago bat eskuratzeko eskubidea izateko bete beharreko baldintzak. Hau ere adierazi da: “salbuespenak edo egokitzapenak ere ezartzen ahalko dira, bizikidetza-unitate jakinentzat edo zaurgarritasun bereziko egoeretarako”.

 

Babes ofizialeko etxebizitzak irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta kooperatibei erabilera lagatzeko araubidean esleitzeari dagokionez, aurreikusten da ordaindu beharreko aldizkako kanona araudian xedatutakora egokituko dela. Eta ezarri da BOE ofizialeko kooperatibek alokairu ordainerrazeko etxebizitzak sustatzen dituzten pertsona juridikoentzat aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea izanen dutela soilik, ez baitira bateragarriak arauan jasotako beste batekin ere.

 

Azkenik, xedapen iragankor bakar berri bat gehitu da, adierazita uzteko lege honek indarra hartzeak ez duela eraginik izanen jada abian zeuden lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresnen izapideetan. Hori horrela, aurreko legedian ezarritako baldintzen arabera jarraitzen ahalko dute prozesua, “posible bada ere horiek lege honetan jasotako aurreikuspenetara egokitzea”.

 

Bestalde, 10/2020 Foru Legearen hemeretzigarren xedapen iragankorra kentzen da, erosteko aukerarik gabeko alokairuko araubidean dauden eta xede horretarako erreserbatuta ez dauden lurzoruetan eraikita dauden etxebizitza babestuei buruzkoa. Egoera horietarako, hau xedatzen zen: “babes-araubidearen iraupena hamabost urtekoa izanen da gutxienez ere, haien behin betiko kalifikazioaren egunetik aurrera zenbatuta. Babes-araubidea amaitu baino bi urte lehenago jakinarazpen espresu eta pertsonalizatua egin beharko zaio etxebizitza horietan bizi den familia-unitate bakoitzari, xehetasunez azalduta ordutik aurrera izanen diren araubidea eta prezioak”.

 

Aintzat hartua izan ostean eta behin irizpena emanda, etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko Foru-legea NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.